Asteazkenean, Airu talde bilbotarraren musika alternatiboaren txanda izanen da Basotxoan, Zentralen eskutik, Musika-aretoak kalean zikloaren barruan

Asteazkenean, Airu talde bilbotarraren musika alternatiboaren txanda izanen da Basotxoan, Zentralen eskutik, Musika-aretoak kalean zikloaren barruan
Laukotearen kontzertua 20:00etan izanen da, eta sentimentalismoa eta doinu itsaskorrak uztartuko ditu, lengoaiari arreta berezia emanez




Iruñeko Udalak antolatutako Musika-aretoak kalean zikloari segida emanez, asteazkenean Zentral aretoaren eskutik heldu den Airu taldeak joko du. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Basotxo kaleko agertokian sentimentalismoa, doinu itsaskorrak eta ahots sakon bat izanen ditugu, horiek baitira laukote bilbotarraren hiru zutabeak. Jende orori zuzendutako kontzertua da, eta sarrera librea.

2018an Bilbon sortutako Airu bandak estatuan musika alternatiboan posizionatzea lortu du, eta, besteak beste, Mondosonoro, Neo 2 eta Movistar+ hedabideen aintzatespena jaso du. Taldeko kideetako bat 2022an Keychange-artista izateko aukeratua izan ondoren eta beste batzuen artean Austriako Waves Vienna jaialdian parte hartu ondoren, laukote euskaldunak Oso Polita zigiluarekin bat egin zuen, eta Con lo bueno y con pena izeneko lehen LPa merkaturatu zuen harekin. 

Lehen disko horrek indie-rock musika, indie-pop musika eta musika elektronikoa uztartzen ditu, sintetizadoreei eta gitarrei antzeko protagonismoa emanez. Guztira 13 abesti biltzen ditu, orain arte bandak singleetan argitara emandakoak. Bandak 2024an estatuan barna egin duen bira handi batean aurkeztu du disko hori, eta horrez gain, lehen mailako jaialdietan parte hartu du, hala nola Bilbao BBK Liven, edo Ameriketako New Colossus, New New Festival eta SXSW jaialdietan.

Basotxoan emanen duten kontzertuan LPko kantuak aurkeztuko dituzte, besteak beste, Bailar sobre mi espalda, En el más allá eta Es por tu bien izenekoak, non agerian uzten duten hizkuntzaren atzean ezkutatutako esanahiarekiko eta soinu berrien esplorazioarekiko duten interes berezia. Taldeari buruz gehiago jakiteko, honako esteka hauetan egin dezakezu kontsulta: Instagram, Youtube eta Spotify.

Musika-aretoak kalean zikloak hiriko edukiera txiki eta handiko aretoak babestu nahi ditu, ikusarazteko estilo eta jatorri guztietako musika hedatzen egiten duten lana eta musika-talentuaren sustapenean eta identifikazioan duten inplikazioa. 

Zikloko Iruñeko hurrengo kontzertua abuztuaren 21ean izanen da, asteazkenarekin, 20:00etan, eta No Sanctuary taldeak eskainiko du, Krawill aretoaren eskutik.
 


MUSIKA-ARETOAK KALEAN. BASOTXOKO PROGRAMAZIOA

Iruñean Basotxo kalean, 20:00etan:

  • Abuztuak 14, asteazkena. Airu laukotearen kontzertua, Zentral aretoaren eskutik
  • Abuztuak 21, asteazkena. No Sanctuary taldearen kontzertua, Krawill aretoaren eskutik
  • Irailak 4, asteazkena. Mourn taldearen kontzertua, Txintxarri aretoaren eskutik
  • Irailak 11, asteazkena. The Parrockos taldearen kontzertua, Toki Leza aretoaren eskutik
  • Irailak 18, asteazkena. Ezpalak taldearen kontzertua, Canalla aretoaren eskutik
     

 

¿Te ha sido útil esta página?