
Asteazkenean, 18:00etan, Iruñean Euskara Sustatzeko Hizkuntza-normalizaziorako I. Udal Planaren parte hartzeko prozesuaren aurkezpen-saioa eginen da Pompelo Civivoxean. Bost saio ireki eginen dira ‘Iruñean HIRIERAZ, mucho que hablar’ parte hartzeko prozesuaren barruan, aurtengo otsailetik maiatzera bitarte.
Bihar (asteazkena) Iruñeko Udalak hainbat entitate eta elkarteri egin die gonbita, baita euskararekin zuzenean lan egiten duten eragin handiko pertsonei; herritarrak ere deituta daude prozesuarekin bat egitera. Prozesuak askotariko ahotsak barne hartu nahi ditu, eta, hortaz, garrantzitsua da esparru desberdinetan lan egiten duten pertsona, talde eta elkarteek parte hartzea eta haien ikuspegia partekatzea. Lorena Arangoa Zabaleta aktoreak aurkeztuko du ekitaldia: 18:00etatik 18:30era, prozesua aurkeztuko da, eta, hortik aurrera, ekarpenak egiten ahalko dira.
Ezarrita daude dagoeneko eginen diren beste lau saioak: guztiak Pompelo Civivoxean izanen dira, 18:00etatik aurrera. Biharko aurkezpenaz gain, eginkizun hauek izanen dituzte saioek: otsailaren 26an sektorekako diagnostiko bat eginen da, martxoaren 31n, diagnostiko orokor bat eta apirilaren 23an, berriz, planaren inguruko proposamenak eginen dira. Azken saioa maiatzaren 20an izanen da, eta ateratako ondorioak aurkeztuko dira egun horretan.
Funtsezko gaiei helduko zaie saioetan, hala nola euskararen erabilera, ezagutza eta prestigioari eta hizkuntzaren alderdi administratibo eta sozioekonomikoari. Bost hitzorduek 2027-2031 aldirako Planaren ildo eta helburu nagusiak zehaztea dute xede, hiriko hainbat esparrutan lan egiten duten pertsonen eta kolektiboen aniztasuna eta parte-hartzea bermatuta. Planaren bidez, euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea bermatu nahi zaie herritarrei, eta egitasmoa mugarri esanguratsua da Udalaren hizkuntza-politikaren barruan.
Hizkuntza-normalizaziorako Planaren premisa nagusia euskara hiriko oinarrizko bi hizkuntzetako bat izatea da, baita gizarte-kohesiorako elementu bihurtzea ere, Iruñeko bi hizkuntza koofizialen arteko elkarbizitza sustatuta.
AURREIKUSITAKO PARTE HARTZEKO SAIOAK. 18:00. POMPELO CIVIVOXA
- Otsailak 11, aurkezpena
- Otsailak 26, sektorekako diagnostikoa
- Martxoak 31, diagnostiko orokorra
- Apirilak 23, planari egindako proposamenak
- Maiatzak 20, ondorioen aurkezpena