Asteartetik aurrera, totem berri bat izanen du Iruñeak: Arriasko plaza delakoaren (Gaseko eskorten ondoan) historia eta toponimia jasoko du

Asteartetik aurrera, totem berri bat izanen du Iruñeak: Arriasko plaza delakoaren (Gaseko eskorten ondoan) historia eta toponimia jasoko du
Udaleko Lehendakaritza Batzordeak inaugurazio-ekitaldian parte hartu du eta Arrotxapean bizi den Patxi Abasolo López historialariak azalpenak eman ditu



Gaurtik aurrera (asteartea), Iruñeak beste totem bat izanen du Arrotxapean, Arga ibaiaren eskuin ertzean, Zamargileen zubiaren ondoan eta Gaseko eskortetatik oso gertu. Udaleko Lehendakaritza Batzordeak gaur (asteartea) bisitatu du Arriasko plaza delakoan dagoen totem berria. Plazak izen hori du errekarriz osatutako harrizko zoru bereizgarria dela eta. Tokia ere Errotazar plaza izenaz ezagutzen da.

Inaugurazio-ekitaldian Endika Alonso Irisarri Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako zinegotziak eta Arrotxapean bizi den Patxi Abasolo López historialariak parte hartu dute. Totemak Arriasko hitzari buruzko informazioa barne hartzen du: Arrasco hitzetik dator, eta dokumentatu denaren arabera, XIX. mendeko 20ko hamarkadan erabiltzen hasi zen. Era berean, baliteke “Arrasco” hori “Larraiscoa” toponimoan izatea jatorria: 1704an dokumentatu zen, eta José María Jimeno Jurío eta Pedro Salaberri Zunzarrenen arabera, baliteke “larratz” hitzaren txikigarria izatea. Egungo plazatxoak hainbat funtzio izan ditu urteetan zehar. Ibaiaren ondoan udal-hiltegia jarri zuten eta XVI. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitarte erabili zen. 

Halaber, frogatuta dago Agustindar Errekoletoen jabetzako bederatzi etxe egon zirela bertan: Independentzia Gerran suntsitu ziren, 1813an. 1823an hiriko hilerria ezarri zen bertan, behin-behinean, 1828. urtera arte. Hiltegitik gertu zegoenez, Iruñeko Erregimentuak gune hori eskuratu zuen, eta bertan abereendako eskorta bat eraiki zuen. Hango langileei arreta emateko xedez, Artzainen Etxea eraiki zen, eta, 1920tik 1975era bitarte, etxe hori Guardia Zibilaren kuartela izan zen. 20ko hamarkadara arte, auzoak San Lorentzoko jaiak ospatzen zituen bertan.

Mezetak, San Lorentzoren ohoretan
Totema jarri duten tokiak ez du inoiz izendapen ofizialik izan. Bertan txertatutako informazioak toki horren toponimia eta historia azaltzen ditu. Hiltegia izan zenaren parean, zurrategi txikiak zituzten eraikinak zeuden: ibaiertzetan kokatzen ziren, ur asko behar baitzuten larrua garbitzeko; gainera, hiltegia ondoan zutenez, hil berri ziren animalien larruak eskura zituzten zurratze-lanei ekiteko. Eraikin-multzoari zamargileen auzoa deitu zitzaion eta auzoaren bukaeran, Portale Berriaren azpian, arropa-ikuztegi bat egon zen. Duela gutxira arte, eraikinetako baten hondakinak besterik ez ziren gelditzen. Eraikina barkillogileen etxea izenez ezagutzen zen, bere garaian hirian barkilloak saltzen zituen familia bat bizi baitzen bertan; gaur egun, eremu horretan etxebizitza berriak eraikitzeko obrak egiten ari dira. 

Arriasko plaza, urte luzez izan zen Arrotxapeko jaien erdigunea: urtero, abuztuan, mezetak ospatzen zituzten San Lorentzoren omenez. Plazan suak pizten ziren bezperan eta, arratsaldero, gaitero eta danbolin-jotzaileen soinuak dantzatzen ziren, Larrain dantzarekin amaitzeko. Abuztuaren 10ean, festen egun nagusian, auzoko maiordomoek, loredun koroez eta koloredun zapiez jantzita, Udaletxera bisita egiten zuten festak iragartzeko. Hiru maiordomoei (baratzezain bat eta bi zerbitzari) txapelak apaintzen zizkieten hiru emakume maiordomok (baratzezain bat eta bi neskame ere). Haiek abiatzen zuten dantza egunero. Lau jaiegunetan zehar, bazkaltzeko eta askaltzeko barrubeteak jaten ziren gehien, eta postrerako, piperropil goxoak. Bernardo Apesteguía Arrotxapeko historialariak sakonki ikertu eta dokumentatu ditu mezetak, eta XVI. mendetik aurkitu du haien berri.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?