Asteartean parte hartzeko prozesua abiatuko da herritarrek ekarpenak egin ditzaten Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa izanen denaren diseinuari eta erabilerei buruz

Asteartean parte hartzeko prozesua abiatuko da herritarrek ekarpenak egin ditzaten Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa izanen denaren diseinuari eta erabilerei buruz
Foro baten bidez emanen zaio hasiera prozesuari, eta bertan, aukeratutako bost proposamenak aurkeztuko dira; gainera, erakusketa bat eta parte hartzeko lantegiak ere izanen dira



Iruñeko Udalak parte hartzeko prozesu bat abiatuko du datorren astean, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa izanen denaren erabilera eta diseinua definitzeko. Zentro hori zezen-plazaren atzealdeko orubean eraikitzekoa da. Udalak deitutako ideia-lehiaketaren epaimahai teknikoak bost proposamen hautatuta, herritarrak inplikatzeko unea iritsi da. Bost diseinuak aurkezteko jardunaldi batek, proiektuen azalpen-panelekin osatutako erakusketa batek eta parte hartzeko bi lantegik osatuko dute datozen hilabeteetan garatuko den prozesua.

Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak eta Maialen Ariz Sarasketa Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute datorren asteartean, urtarrilak 14an, abian jarriko den parte-hartze prozesua. Foro baten bidez emanen zaio hasiera eta Pilotaren Interpretazio Zentroa izanen dena diseinatzeko ideia-lehiaketan aukeratutako bost proposamenen xehetasunen berri emanen da bertan. Saioa Kondestableko ekitaldien aretoan eginen da, 18:30ean, eta proiektuan interesa duen orori irekia izanen da.

Saioarekin eta parte-hartze prozesua abian jartzearekin batera, Iruñeko Udalak erakusketa bat prestatu du hautatutako bost proiektu horiek deskribatzen dituzten panelekin. Erakusketa Kondestableko bigarren solairuan egonen da ikusgai, otsailaren 16ra arte. Horrela, erakusketara gerturatzen direnek zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izanen dituzte bost proiektuek biltzen dituzten birsorkuntzak, planoak eta espazioak, barnekoak zein kanpokoak. Gainera, hautestontzi batzuk jarriko dituzte proiektuei ekarpenak egiteko.

Espazioen erabilerei eta diseinuei buruzko parte hartzeko lantegiak
Parte-hartze prozesua bi lantegirekin osatuko da, urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an, 18.30ean Kondestablen. Lehenengo lantegian interpretazio-zentroaren edukiak eta euskal pilotari egiten dion ekarpena aztertuko dira, bai eta zer erabilera ematen ahal zaizkion, eta zein izaten ahal diren turismoari begira proposamenak erakargarriagoak eta lehiakorragoak egiteko alderdiak. Bigarren lantegiak interpretazio-zentroaren inguruan proposatutako diseinuan eta espazioetan jarriko du arreta, ea beharrekin bat datozen eta kokatuta dagoen eremuari erantzun egokia eta integrala ematen dioten. Bi lantegi horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Erabaki Iruña udal-webgunean dagoen formulario baten bidez.

Azkenik, martxoan amaituko da parte hartzeko prozesua, emaitzen berri emateko foro baten bidez. Saio ireki batean, prozesuaren emaitzak azalduko dira, jasotako ekarpenak ere barne direla. Ekarpen horiek proiektuak idatzi dituzten taldeei nola helaraziko zaizkien ere azalduko da, haien proiektuetan txertatu ditzaten.

Hautatutako proiektuei buruz
37 proiektu aurkeztu ziren Iruñeko Udalak deitutako ideia-lehiaketara. Lehiaketako epaimahai teknikoak horietako bost aukeratu zituen, besteak beste, irizpide arkitektonikoak, kalitatezkoak eta ingurunean txertatzeari buruzkoak kontuan hartuta. Hauek dira hautatutako proposamenak: ‘Pareten Mintzoa’, O Arquitectura SLPrena; ‘Plaza eta horma’, Pereda Pérez Arquitectos SCP, Íñigo Beguiristain Repáraz eta Jokin Lecumberri Larrearena; ‘Hangar’, Moest Soc. Microcooperativa Profesional eta Tadeo Ruiz Tabernarena; ‘Entremuros’ OM Arq SLP sozietatearena, eta ‘Trinketeka’ Jesús Leache Resano eta Fernando Tabuenca Gonzálezena.

‘Pareten Mintzoa’ proiektuak ‘bi pareta’ edo beso dituen eraikin bat proposatzen du, sinbolikoki pilota-jokoen hormak gogora ekarriz. L formako bi pareta edo fatxada horiek plaza publiko bat biltzen dute. Plaza hori frontoi bat da aldi berean, eta Labrit eta Jito Alai pilotalekuekin hartu-emanean dago, bisualki, eskultorikoki, eta kirolari eta hiriari dagokienez. ‘Plaza eta horma’ proiektuak eraikin moldakor bat sortzen du, eta kanpoko formetan ere frontoi berri bat sortzen du, plaza handi batean, zeina elkartzeko eta pilotan aritzeko erabiliko litzatekeen. Plaza horrek kirolaren jatorriaren bat-batekotasuna ekarri nahi du gogora, etxeek edo elizek frontis inprobisatuak eskaintzen zituztenekoa. 

‘Hangar’ proposamenak ihes egiten die ‘L’ formari eta kanpoko bi paretei, eta edukiontzi handi baten gisan diseinatzen du, hainbat erabileratarako hangar gisa, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa bertan jartzeko. 60 metro kuboko bolumen bat da, estetika soila du, eta geometria eta lerro sinpleak. "Entremuros" da proposamen guztietan gehien urruntzen dena pilotaleku baten formetan oinarritutako zentro batetik. Eraikinak hiru pieza izanen lituzke. Pieza horien artean bada espazio dinamiko eta erakargarri bat, bi mailatakoa, sarrerako atari eta topagune izanen litzatekeena. 

‘Trinketeka’ proiektuak pabilioi bat egitea proposatzen du Aralar kalearen lerrokadurarekin bat. Pabilioi hori hormigoizko horma batez iltzatuko litzateke lurrera. Horma horrek eraikin-multzoa inguratuko luke, eta kanpoko aldean harriz estalita egonen litzateke. Harrizko oinarri horretan altxatuko litzateke eremu nagusiaren egitura, egurrezko zutabeak eta habeak izanen lituzkeena. 

Proiektuaren idazketa, obren lizitazioa eta lanen hasiera urte amaieran
Proiektuak Pilotaren Mahai Teknikoari aurkeztu zitzaizkion. Mahai Tekniko hori lankidetzako organo egonkorra da, eta hasieratik aritu da lanean Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko eta eraikitzeko prozesuan. Horiek eta kirolaren, kultura-kudeaketaren, arkitekturaren eta turismoaren arloko ezagutzak dituzten beste eragile batzuk herritarrekin egiten diren parte-hartze lantegien bidez bildu nahi dira prozesura, askotariko sentsibilitateak kontuan hartuko dituzten eztabaida-mahaiak sortzeko. Horrela, hautatutako bost proposamenak idatzi dituzten taldeek aukera izanen dute, ekarpen horiekin guztiekin, diseinuak aberasteko eta egokitzeko. 

Parte hartzeko prozesuan jasotako ekarpenak bilduko dituzten proposamen berriak berriro baloratuko ditu epaimahai tekniko batek, eta hark erabakiko du zein izanen den Iruñean Euskal Pilotaren Interpretazio Zentro berrirako diseinu irabazlea. Une horretatik aurrera, proiektu irabazlea idatzi duen taldeak hiru hilabete izanen ditu bere proposamenaren behin betiko proiektua idazteko. Ondoren, obrak lizitatzeko eta esleitzeko prozesua hasiko da, eta epeak betetzen baldin badira, 2026aren hasieran abiatuko dira lanak. 
 

 

¿Te ha sido útil esta página?