Asteartean, Iruñeak San Saturnino zaindariaren Eguna ospatuko du, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, hiriaren izenean egindako prozesioarekin eta La Pamplonesaren bi kontzerturekin

Asteartean, Iruñeak San Saturnino zaindariaren Eguna ospatuko du, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, hiriaren izenean egindako prozesioarekin eta La Pamplonesaren bi kontzerturekin
Lehenengoz interpretatuko da, prozesioaren hasieran, Manuel Turrillasek San Saturninori egindako aurora, bandarako, gaitendako eta txistuendako bertsioan
san saturnino


Azaroaren 29an, asteartearekin, Iruñeak San Saturnino –hiriko patroiaren– Eguna ospatuko du eta honako ekimen hauek eginen dira: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, Udalbatzaren prozesioa hiriaren izenean Katedraleko Kabildoarekin batera, santuaren omenezko meza eta La Pamplonesaren bi kontzertu Gayarre antzokian. Kanpoan eginen diren ekitaldiak meteorologiari lotuta egonen dira.

Berritasun bezala, aurten, prozesioaren hasieran, Manuel Turrillas maisuak San Saturninori egindako aurora txertatuko da. Santua ateratzean, Campana, San Saturnino eta Jarauta kaleen eta Kale Nagusiaren elkargunean, Udalaren gaitero eta txistulariek, La Pamplonesarekin batera aurora interpretatuko dute. Pieza hori Iruñeko Udaleko gaitero eta txistulariek berreskuratu zuten pandemian, San Fermin kaperan bideoan grabatu zutenean, gaitendako, txistuendako eta Imanol Blasco Zangozako Musika Bandako zuzendariaren metal-taldearendako bertsioan. Asteartean estreinatuko den aurora Imanol Blaskok berak bandarako, gaitendako eta txistuendako egindako bertsio bat da.

Eguneko lehen ekitaldiaren protagonista Erraldoi eta buruhandien Konpartsa izanen da, zeina 09:30ean Autobus-geltokitik aterako baita Bake plazan, Yanguas y Miranda eta García Ximénez kaleetan, San Ignazio Etorbidean, Sarasate pasealekuan, Gazteluko plazan eta Txapitela eta Mercaderes kaleetan barna ibili eta Udaletxe plazara heltzeko. Bertan, 10:05ean, Udalbatza elkartuko zaie, eta hiriaren izenean San Zernin elizara joanen da.

Santuaren omenezko prozesioa 10:15etik aurrera eginen da, eta, aurora estreinatu ondoren, San Satunino kalea, kale Nagusia, Arazuri Doktorearen pasealekua, kale Berria eta San Saturnino kaleetan barnako ibilbidea eginen du parrokiara heldu arte, non meza ospatuko den Iruñeko artzapezpikua buru arituko delarik. Musika Katedraleko musika-kaperaren eskutik izanen da, Iruñeko Orfeoiaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz. Euria eginez gero, ibilbidea San Saturnino kalean, kale Nagusian, Eslava kalean, San Frantzisko plazan, kale Berrian eta San Saturnino kalean barna eginen da.

Mezaren ostean, Udalbatza Udaletxera itzuliko da eta bertan Konpartsak dantzak interpretatuko ditu hiriaren ohoretan. Jarraian, irudiak geltokira itzuliko dira honako ibilbidea eginez: Merkaderes k., Txapitela k., Gazteluko plaza, Karlos III.aren etorb., Orreaga etorb., García Ximénez k., Tutera k., Oliveto Kondearen k., Bake plaza eta geltokia.

Arratsaldean, 17:30ean, Udaletxeko ezkaratzeko jaiotza eta Errege Magoen eta Olentzeroren irudiak inauguratuko dira, eta 17:45ean Eguberritako argiak piztuko dira, hiria Errege Egunera arte argiztatuko dutenak.

La Pamplonesa Gayarre antzokian 
Azaroaren 28an, astelehenarekin, 20:00etan eta azaroaren 29an, asteartearekin, 19:00etan, La Pamplonesak Zarzuelako Ezohiko Kontzertu tradizionala eginen du, eta aurten obra ezagunenetako bat izanen du ardatz: ‘La del manojo de Rosas’, Pablo Sorozabal egile gipuzkoarraren obra nagusia. Hala, La Pamplonesak Sorozabal (1897-1988) omenduko du haren jaiotzaren 125. urteurrenean. ‘La del manojo de rosas’ ‘Katiuskaren’ (1931) eta ‘La Tabernera del Puertoren’ (1936) artean tartekatu zen. Hiru obra horiek Sorozabalek hogeita hamarreko hamarkadan idatzitako lanen hirukoa osatzen dute.

Oraingoan, J. Vincent Egearen zuzendaritzapean, bandara egokitutako kontzertu-bertsioa eginen da, Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioarekin elkarlanean. “La del manojo de rosas”, programak dioenez, amodio-istorio bat da, Sorozabal maisuak maisuki uztartutako pasodoble-, mazurka-, txotis-, foxtrot- edo farruka-erritmoak baliatuz kontatuko duena. Bertan protagonistak uko egiten dio ezkontza maila sozialean gora egiteko tresna gisa erabiltzeari. 

Zarzuelak 65 minutuko iraupena du, eta bi kontzertuetarako sarrerak, 5 eta 10 euroan, Gayarre antzokiko txarteldegietan edo www.teatrogayarre.com webgunean daude eskuragarri. 

¿Te ha sido útil esta página?