Asteartean irekiko da COworkids udal-programakk Aste Santurako antolatu duen kanpamentuan izena emateko epea. ‘Jolasean ulertzen dugu elkar’ lelopean, kanpaldia Arantzadiko kirolgunean eginen da (Arantzadiko Inguruneko kalea zk.g.) apirilaren 11tik 14 ra, 09:00etatik 15:00etara bitarte. Lekuak 010 – 948 420 100 telefonora egindako deien hurrenkeraren arabera beteko dira. Informazio guztia COworkidsen webgune ofizialean kontsulta daiteke, dagokion atalean.
Udal-jarduera horrek 130 leku eskaintzen ditu 6 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeendako. Bederatzi talde eratuko dira, adinen eta hizkuntzaren (gaztelania edo euskara) arabera. Programaren prezioa 10 eurokoa da parte-hartzaile bakoitzeko eta kanpamentu guztirako, hamaiketakoa barne. % 20ko deskontua egiten da bi seme-alaben izena emanez gero, eta hiru seme-alaba edo gehiagok izena emanez gerok % 30ekoa. Izen-ematea eta kanpamentuaren ordainketa martxoaren 21etik 24ra bitarte eginen dira. Ordainketa banku-txartel bidez eginen da 010 – 948 420 100 telefonora egindako deian bertan.
Hiri-kanpamenturako jarduerak diseinatzeko orduan Arantzadiko Kirolguneko udal-instalazioek eskaintzen dituzten askotariko aukerak kontuan hartu dira: pilotalekua, padeleko pistak, igerileku estalia, lorategi zabalak eta erabilera anitzeko espazioak. Jarduerak Iruñeko Udaleko teknikariek gidatuko dituzte, COworkidsekin lankidetzan aritu ohi diren kirol federazioekin elkarlanean.
Jolaserako eskubidea
Aste Santuko kanpamentuaren aurtengo edizioak, bigarren urtez jarraian, Iruñeko haurren eta nerabeen jolaserako eskubidea du ardatz, Haurren Eskubideen Konbentzioaren 31. artikuluarekin bat eginez. Hori horrela, jolasak, eskulanak, puzgarriak, magia, musika, igeriketa, xakea, pilota, padela, saskibaloia eta mozorro festa izanen ditu.
Aste Santuko kanpamentu honekin COworkidsek 2023ko lehenengo hiruhilekoari amaiera emanen dio. Hiruhileko horretan, astero, astelehenetik larunbatera, guztira 3 eta 17 urte bitarteko 929 lagunek parte hartu dute. Zehazki, urtarriletik martxora bitarte, guztira 2.066 izen-emate erregistratu dira eskainitako jardueretan. Familien artean harrera onena duten jardueren artean daude eskola-laguntza edo sormen eta joko anitzeko laborategia, 706 pertsonak eman baitute izena.
‘Jolasean ulertzen dugu elkar’ hiri-kanpamentua
- Kanpamentuaren data: apirilaren 11tik 14ra
- Tokia: Arantzadiko kirolgunea
- Adinak: 6 eta 17 urte bitarteko haurrak eta nerabeak
- Leku kopurua: 130 (gaztelaniaz eta euskaraz)
- Prezioa: 10 euro parte-hartzaile bakoitzeko, hamaiketakoa bane
- Deskontua: Bi seme-alaben izena emanez gero, % 20koa, eta hiru seme-alaba edo gehiagorena emanez gero % 30ekoa
- Izen-emateak: Martxoaren 21etik 24ra, 010 – 948 420 100 telefonora deituta (lekuak deien hurrenkeraren arabera esleituko dira)
- Argibide gehiago: COworkidsen webgune ofiziala