Ziudadelan ere “Mihiluze” eginen da uztailean eta abuztuan zehar, Iruñeko Udalak antolatu duen 3 eta 11 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzendutako euskarazko jardueren programa. Uztailaren 20an, asteartearekin, hasiko dira jarduerak eta oraindik leku libreak daude. Izen-emateak 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez egin daitezke lantegiaren bezpera arte, 3 euroan.
“Mihiluze” uztailaren 20, 21, 22, 27, 28 eta 29an eta abuztuaren 10, 11, 12, 17, 18 eta 19an eginen da Ziudadelako lorategietan, Arma Aretoaren ondoan. “Mihiluze” programako lantegi eta jarduera guztiak goizeko ordutegian eginen dira, 11:00etatik 12:30era. Izen-ematea egunez egun eginen da eta jardueraren bezpera arte edo tokiak bete arte egonen da zabalik; parte hartzaile bakoitzak nahi adina egunetan eman dezake izena.
“Mihiluzeko” programazioa hiru ataletan banatuta dago: familiendako lantegiak, “Itsaspeko bihotzak” eta “Labirintoaren erbestean”. Familiendako lantegiak programaren egun guztietan eginen dira eta hainbat baliabide eta jarduera izanen dituzte, hala nola, jolasak, ipuinak, asmakizunak eta abestiak, euskaraz jolasteko. Lantegiak 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, betiere gurasoek lagunduta daudelarik.
“Itsaspeko bihotzak” 7 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta uztailean aurreikusita dauden egunetan eginen da. Itsas-ingurunean girotutako proposamen ludiko bat da eta jolasaren, ipuinen eta eginen diren hainbat arte-proposamenen bitartez itsasoak gordetzen dituen askotariko sekretuak ezagutzea ahalbidetuko du. Jarduerak genero-berdintasuna eta hezkidetza lantzen ditu bereziki.
Abuztuan, “Labirintoaren erbestean” lantegiak egin dira, 7 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduak. Labirinto baten bidez mundu eta kultura ezberdinetatik abenturaz betetako bidaia proposatzen du, jolasak, ipuinakn eta hainbat arte-proposamen erabilita. Jarduerak kultura aniztasuna eta migrazioak lantzen ditu bereziki.