
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean egindako udazkeneko programazioa aurkeztu dute. Musika, literatura eta ikus-entzunezko elementuak uztartzen dituzten hiru errezitaldi emanen dira. Hiru jarduerak doakoak izanen dira eta Kondestablearen Jauregiko ekitaldi-aretoan eginen dira, 19:30ean, urrian, azaroan eta abenduan (asteartez).
Programazioa asteartean hasiko da, urriaren 13an, REC obrarekin; Miren Agur Meabe idazleak eta Ibon RG musikariak elkarrekin osatutako saio poetikoa da, soinu-grabazio baten kontzeptua gogorarazten duen ariketa. Topaketa eszeniko eta poetiko honetan, egileak idatzitako testuen errezitazioa eta soinu-paisaia esperimentalak uztartzen dira, Meaberen literatur ibilbideko zatien errepaso bat egiteko Ibon RG-k musikatutako lanekin txirikordatuta, edo topaketa bat eta bi ahotseko kontrapuntu bat, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean.
Zikloko hurrengo jarduera Zerbait sartu zait begian izanen da, azaroaren 17an, asteartearekin. Imanol Epelde bakarrik arituko da taula gainean pantaila batez eta musikaz lagunduta. Obra Spoken word bat da (hitz mintzatua), musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikide bat. Ikuskizun honetan, artistak umorez lotzen ditu bizitzaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaiezina, maskulinitatea eta euskara.
Abenduren 15ean, asteartearekin, Itzalen tektonika emanaldiaren txanda izanen da, Itxaro Borda idazleak eta Joseba Irazoki (Onddo, Dun Can Du, Nacho Vegas) musikari beratarrak sortutako lana. Itxaro Bordak 2024an argitaratutako Itzalen Tektonika poema bilduman oinarrituta, egileak Joseba Irazokirekin batera sortutako ikuskizuna da. Bertan, hamalau edo hamabost bat testu aurkezten dituzte, askotariko gaiak, erritmoak eta atmosferak baliatuz.
UDAZKENEKO PROGRAMAZIOA EUSKARAZ. KONDESTABLE CIVIVOXA. 19:30
• Urriak 13, asteartea: REC. Miren Agur Meabe eta Ibon RG
• Azaroak 17, asteartea: Zerbait sartu zait begian. Imanol Epelde
• Abenduak 15, asteartea: Itzalen tektonika. Itxaro Borda eta Joseba Irazoki