
Txistu- eta gaita-dantzaldiak, udako kultur programazioaren klasikoetako bat, bueltan dira ekainaren 16an (asteartea), 19:30ean: Gazteluko plazan eginen dira, eta hasiera emanen diote irailera arte iraunen duen programazioari, baina sanferminetan eten eginen dira. Denbora-tarte horretan, txistulari- eta gaitero-taldeek hiriko erdigunea girotuko dute astearte eta ostegun guztietan, eta ohi bezala, kalejirak, pasodobleak, polkak, zortzikoak eta porrusaldak aldizkatuko dira. Nahi duenak gozatzen ahalko du dantzaldiez, sarrera librea baita.
Guztira 18 saio programatu dira, eta ordutegiak desberdinak izanen dira hilabetearen arabera. Dantzaldiak 19:30etik 21:30era eginen dira ekainean eta uztailean; ekainari dagokionez, dantzaldiak hilaren 16an (asteartea), 18an (osteguna), 23an (asteartea) 25ean (osteguna) eta 30ean (asteartea) izanen dira eta uztailari dagokionez, 2an (osteguna). Sanferminetan etenaldia egin ondoren, abuztuaren 18an (asteartea) bueltatuko dira dantzaldiak Gazteluko plazara, 19:00etatik 21:00etara, hilabete horretako 27ra arte (osteguna). Irailean bukatuko da programa: zortzi kontzertu eginen dira hilabete horretan, 1etik (asteartea) 24ra (osteguna), 18:30etik 20:30era.
Txistu eta gaiten udako musika-saioak 1943az geroztik egiten dira Iruñean, eta hainbat agertoki izan dituzte: Sarasate pasealekua eta Basotxoa, besteak beste, izan dira horietako batzuk, eta gaur egun Gazteluko plazan egiten dira. Dantzaldiak Iruñeko Udalak Iruñeko Gaiteroekin eta Iruñeko Txistulari Taldearekin dituen kontratuen barruan daude, hiriko protokolo- eta jai-ekitaldiak girotu eta urtean zehar hainbat emanaldi eta akonpainamendu egiteko.
TXISTULARI ETA GAITEROAK GAZTELUKO PLAZAN
EKAINA ETA UZTAILA
Ekainak 16 (asteartea), 18 (osteguna), 23 (asteartea), 25 (osteguna) eta 30 (asteartea), eta uztailak 2 (osteguna)
Ordutegia: 19:30 – 21:30
ABUZTUA
Abuztuak 18 (asteartea), 20 (osteguna), 25 (asteartea) eta 27 (osteguna)
Ordutegia: 19:00 – 21:00.
IRAILA
Irailak 1 (asteartea), 3 (osteguna), 8 (asteartea), 10 (osteguna), 15 (asteartea), 17 (osteguna), 22 (asteartea) eta 24 (osteguna)
Ordutegia: 18:30 – 20:30