
Iruñeko Udala hainbat lan egiten ari da mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, eta horietako batzuk aste honetan hasiko dituzte. Donibaneko Zilbetiko Monasterioaren kalean, Arrotxapeko Antsoain kalean eta Foruen plazaren inguruan hasiko dituzte lanak, eta, hain zuzen ere, bidegorri bat sortuko dute plaza horretan. Gainera, asfaltatze-lanak aurrera doaz Iturraman, Fuente del Hierro kalean.
Aipatu moduan, Zilbetiko Monasterioaren kalean gaur hasi dituzte mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak: oinezkoendako beste pasabidebat sortuko dute, kale horrek La Olivako Monasterioaren kalearekin bat egiten duen tokian, eta laugarrena izanen da inguru horretan, edozein etxaditik gurutzatu ahal izateko. Bidegurutze horretan bertan, aparkaleku-poltsara sartzeko aukera ematen duen oinezkoendako pasabidea goratuko dute, eta oinezkoendako beste pasabideetako espaloiak aurreratuko dituzte. Halaber, proiektuak aurreikusten du Zilbetiko Monasterioaren kaleko aparkaleku-poltsetara sartzeko oinezkoendako pasabideak goratzea eta San Roke kalearekin bat egiten duen oinezkoendako pasabidearen espaloia aurreratzea.
Horrez gain, Iruñerriko hiri-garraioko bi geraleku aurreratu sortzeko lanak hasiko dituzte aste honetan Donibaneko La Olivako Monasterioko kalean.
Arrotxapeko Antsoain kaleko lanei dagokienez, oinezkoendako zazpi pasabidetako espaloiak aurreratuko dituzte, eta zazpi pasabideetatik bi goratuak izanen dira, oinezkoen joan-etorriak errazteko. Esan bezala, Antsoain kalean eginen dituzte lanak, Marcelo Celayeta kalearen eta Burgiko Aita Tomás zeharkalearen arteko tartean. Aita Maceda kalearekiko elkarguneko ekialdeko espaloian hasiko dituzte lanak, eta bertan oinezkoendako bi pasabidetan arituko dira lanean. Antsoaingo udal-mugarterako noranzkoan jarraituko dituzte lanak: oinezkoendako beste pasabide bat sortu eta Iruñerriko hiri-garraioko geraleku bat aurreratuko dute.
Lau hilabeteko epea ezarri da lanak gauzatzeko: Donibaneko lanek 461.904,10 euroko aurrekontua dute eta Arrotxapekoek, 209.091,56 eurokoa. Aurreikuspenen arabera, Foruen plazako lanek 506.000 euroko aurrekontua izanen dute, eta bost hilabete beharko dituzte lanak gauzatzeko. Hain zuzen ere, Foruen plazan bidegorria sortzeko lanen lehen fasea hasi dute gaur: lanek eragina izanen dute Abejeras eta Antso Azkarraren etorbidea lotzen dituen tartean, eta ondoren, Gaztelugibeleraino jarraituko dute.
Iturrama
Iturramako asfaltatze-lanak aurrera doaz, eta aste honetan Fuente del Hierro kalea zolatzeko lanak eginen dituzte, hiritik ateratzeko noranzkoan, Antso Azkarraren etorbidetik Iturrama kaleraino, Serafín Olave kalearekiko bidegurutzea barne. Iragan astean Crispín Pintorearen kalea asfaltatu zuten, baita Fuente del hierro kalearen zati bat ere, eta aste honetan seinaleak jartzeko eta guneak egokitzeko lanak egitea aurreikusten da. 193.899,09 euroko aurrekontua dute zolatzeko lanek, eta haien ondorioz, zirkulazioa unean-unean moztuko dute eta Iruñerriko garraioaren ibilbideak desbideratuko dituzte.