
Aste honetan hasiko da Magdalena parkeko lanen hirugarren fasea: fase osoak 45.000 m2 hartzen ditu, eta eremu horretako zati batean eginen dituzte aste honetako lanak: zuhaizti natural bat eta kirolgune bat sortuko dituzte, oinezkoendako lotura sortuko dute Burlatako errepidearen eta Txantrearen artean eta Iturripurriako ubideko hezegunea berreskuratuko dute. Aurreikuspenen arabera, asfaltatu gabeko oinezkoendako bidea itxiko dute, ubidearen inguruan: oinezko askok Txantreara sartzeko erabiltzen dute bide hori, eta, beraz, egungoarekiko paraleloa den behin-behineko bide bat sortuko dute, ibilbide hori osatzen jarraitu ahal izateko.
Magdalena parkearen ekialdean eginen dira 3.1 faseko lanak, Batasunaren Pribilegioaren kalearen, Burlatako bidearen eta Iturripurria ubidearen ondoko nekazaritza-finken artean; guztira, 2,06 milioi euroko inbertsioa izanen da, 2025eko eta 2026ko aurrekontuak gehituta. Datorren urteko udara arte iraunen dute lanek, eta Construcciones Lacunza Hermanos SL enpresak eginen ditu.
Proiektuak honako hauek barne hartzen ditu: topaguneak, beste faseetako gune batzuetan egindako jarduketak hobetu eta egokitzeko lan puntualak, baita Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako estrategiarekin lotutako neurriak ezartzea ere, hala nola drainatze jasangarriko sistema hiritarraren (DJSH) bidez uraren zikloa optimizatzea, mugikortasun jasangarriko sistemak ezartzea eta tenperaturen igoeren, euriaren eta lehorteen eragina gutxitzeari esker, hiriko “bero-uhartearen” efektua arintzea. Halaber, parkeak Iruñeko flora eta faunaren kudeaketa jasangarriari mesede eginen dio, hiri-habitatak hobetuta eta klima-aldaketaren aurrean kalteberenak diren bertako espezieen kontserbazioa babestuta.
Magdalena parkeko lanak abian jartzeko lehen pausoak 2017an eman ziren: herritarren partaidetza izan zuen arkitektura-lehiaketa egin eta proiektua idatzi zen, eta lehenengo lanak 2020an jarri ziren martxan. Egungo fasea (3.1) bukatu eta gero, 3.2 fasea baino ez da faltako lan guztiak osatzeko: azken fase horretan gizarte-baratzeen gune bat, nekazaritza-lanabesen gune bat, komunak eta belardi zabal bat sortuko dituzte dagoeneko amaituta dagoen 2. faseko eremuaren eta 3.1 faseko eremuaren artean, Burlatako bideko etxebizitza-blokeen aurrean.
MAGDALENA PARKEA 3.1 FASEKO LANAK
Ekialdeko muturra (Burlatako udal-mugartearekin muga eginez)
- Eremu natural bat sortuko dute, eta bertan Iturripurriako ubideko hezegunea egonen da
- Batasunaren Pribilegioaren kalearekin lotzeko bideak
- Parkearen berrurbanizazioaren barruan, domo geodesiko bat instalatuko dute plazatxoetako batean; Iruñeko Udalaren
- Lantegi Eskolako ikasleek sortu dute domoa
- Bertako landareak landatuko dituzte gune hori “birika berde” izaten jarraitzeko
Hegoaldeko eremua, Burlatako bidearen ingurunean
- Bide horrekin lotzeko beste bideez gain, honako hauek sortuko dituzte: piknik-gune bat, nekazaritza profesionalerako erabiliko den baratze-gune bat eta 1.300 m2-ko zakurrendako eremu bat
- Halaber, zuhaitzez eta zuhaixkez betetako oinezkoendako bide irisgarriek Batasunaren Pribilegioaren kalea eta Burlatako bidea lotuko dituzte, luzetara eta zeharka
Erdiko eremua (Mª Carmen Húder Carlosena plazari jarraipena emanez, bidearen beste aldean)
- 34 x 21 metroko kirol anitzeko pista bat eta harmaila txiki batzuk eraikiko dituzte
- Belaunaldiarteko jolasen gune bat jarriko dute
- Beste piknik-gune bat eraikiko dute
- Garbiketa automatikoko komun irisgarri bat jarriko dute