Aste honetan georradar bidezko probak egiten ari dira OSCUS etxadian, lurzatiaren zorupearen mapa bat egin eta aztarna arkeologikoak dauden identifikatzeko

Aste honetan georradar bidezko probak egiten ari dira OSCUS etxadian, lurzatiaren zorupearen mapa bat egin eta aztarna arkeologikoak dauden identifikatzeko
Eraikina eraitsi berri dutela baliatu dute esku-hartzea egiteko, Alde Zaharreko eremu horretako ahalmen historikoa aztertzeko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak, Iruña Biziberritzen SA enpresaren bidez, georradar bidezko prospekzio-lanak abiatu ditu aste honetan, 111. etxadiko –Navarreria kaleko OSCUS eraikin zaharra zegoen tokia– 1.000 m2 inguruan. Esku-hartzea eraikina zero kotara eraisteko egindako lanak baliatuz bultzatu da, Udalak zorupearen balio arkeologikoa ezagutzeko interesa baitu. Aurretik gunean egindako indusketen arabera, azterketa-eremuak erromatarren aurreko Pompeloko nukleoa eta goi-inperioko garai monumentalera bitarte izandako bilakaera argituko lituzke, hiri erromatarreko foroak hartzen zuen eremuarekin bat etor zitekeela uste baita.

Halaber, Erdi Aroko, Aro Modernoko eta Aro Garaikideko aztarnak aurki litezke bertan; izan ere, etxadien barruko aldeak dinamismo handiko espazioak dira, putzuak, siloak, putzu beltzak, artisau-espazioak, baratzeak eta abar baitaude bertan, eta estratigrafia konplexua sor ohi dute gune horiek. Gainera, bizimoduetara hurbiltzeko aukera ematen duen kultur osagai ugari pilatzen da etxadien barrualdean.

Kantabriako Unibertsitateko langile espezializatuek (GEAE zerbitzua, Torres Quevedo fundazioa), Tesela Arqueología enpresako bi arkeologok gainbegiratuta, lurrean sartzeko radarrak erabiltzen ari dira, radargramak eta anomaliak daudela islatzen duten lurzoruko profil bertikalak eskuratzeko. Datuak hartzeko probak koordenadak non dauden zehazteko sare bat ezarri ostean egiten dira. Ondoren, software espezializatu batek datuak prozesatuko ditu, eta horiek modu egokian interpretatze aldera, Informazio Geografikoko Sistemen bidez konbinatuko dira beste informazio batzuekin, hala nola aztarnategiaren topografia xehatuarekin eta fotointerpretazio-lanen emaitzekin.

Operazio hori guztia ondare arkeologikoari eta kulturari buruzko nazioko zein Foru Komunitateko araudien menpe dago, bai eta Alde Zaharraren Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Berezian (BBBPB) ezarritako berariazko araudiaren menpe ere. OSCUS etxadia “A eremu arkeologikoan” dago.

Anomalia esanguratsuak badaude, zundaketak eginen dituzte
Georradarraren emaitzetan anomalia nabarmenak hautematen badira, hurrengo urratsa unean uneko laginketa eta zundaketa arkeologikoak egitea izanen da, egon litezkeen aztarnen izaera egiaztatzeko. Emaitzen arabera, irismen handiagoko kanpaina arkeologiko bat antolatu liteke bertan, betiere Vianako Printzea instituzioarekin koordinatuta.

Esku-hartze horri esker, sekuentzia estratigrafikoa, zorupeko egiturak, faseak eta kontserbazioa ezagutzen ahalko dira, edo gutxienez ikertu, etorkizunean espazioan eginen diren lanen plangintza egiteko. 

Aurkikuntzak egotekotan, hurrengo urratsa zundatzeko puntuak ezartzea litzateke, bertan induskatu eta georradarraren emaitzak egiaztatu ahal izateko. Horretarako, prospekzioaren emaitza eta zolarriak kentzearen inguruko jarraipena jasoko lituzkeen txosten bat eginen litzateke, zundaketen kokapena, tamainak eta metodologia finkatze aldera. Bigarren fase hori Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuarekin adostuko litzateke, eta zundaketetan eskuratutako emaitzen arabera, leku horretan irismen handiagoko kanpaina arkeologiko bat egitea proposatu liteke ondoren, ikerketa historikoa egin eta aurkikuntzak katalogatu edo museo bihurtzera begira.

OSCUS etxadiaren espazioan esku hartzeak aukera ematen du Alde Zaharraren bihotzeko espazio handi batean jarduteko, oraindik eraikuntza baldintzatzailerik ez duen eremu bat baita, eta horrek aukera emanen luke eremuaren bilakaera diakronikoaren ikerketan gehiago zentratutako indusketa bat egiteko, aurrekarietatik eta hiri-bilakaeratik gaur egungo egoerara. Duen kokapen berezia dela eta, 111. etxadia erreferente bat da hiriaren historia ezagutzeko.

Iruñeko Udalak, Iruña Biziberritzen enpresa publikoaren bidez, Alde Zaharra berroneratu eta balioan jartzeko estrategiaren esparruan, esku-hartze horiek bultzatu ditu auzoko hainbat gunetako zorupe historikoa hobeto ezagutzeko xedez. Ildo berean, lantalde hori bera arduratu zen uztailean Santa Ana plazako zorupea georradarrarekin aztertzeaz, eta, lan horiek amaitzean, laginketa arkeologikoak abiatu eta aurkikuntzak identifikatu zituen.

111. etxadiko esku-hartze arkeologikoak otsailean etxadiaren barruko eraikuntzak eta eraikinaren zolatak eraitsi ondoren egin dira. Jarduketa hori OM ARQ SLPk eta Óscar Mongay Jiménez eta María Teresa Mariezcurrena Echeverría arkitektoek idatzitako proiektuari jarraikiz egin zen, 2.200 m2-an. 

¿Te ha sido útil esta página?