
Gaztediaren Etxeko Hamaika plan programaren barruan, datorren astean, hainbat gairi buruzko jarduerak eskainiko dira, hala nola Vogue dantza, emozioen kudeaketa, eskulanak eta sendabelarrak. Eskaintza doan da eta ez da aurrez izenik eman behar; egun bakoitzean jarduera bat eginen da, 19:30etik 20:00etara, Gazteriaren Etxean (Zangoza kalea 30). Jarduerak 12 eta 30 urte bitarteko neska-mutikoei zuzenduta daude.
Hala, ‘Sortu zure lurrin naturala zerotik’ lantegiarekin abiatuko da astea. Lantegi horretan, parte-hartzaile bakoitzak bere lurrina sortuko du osagai naturalak erabilita, besteak beste laranja, limoia, erromeroa, menda, bergamota eta kanela.
Asteartean ariketa fisikoa eskainiko du Raimi Anunnaki dantzari eta koreografoak, Vogue eskola bat zuzenduko baitu. Dantza-diziplina hori 70eko hamarkadaren bukaeran sortu zen, LGTBIQ pertsona arrazializatuei babesa emateko xedez. Aldizkarietako modeloen poseak (old way estiloa) dira dantza-diziplina horren inspirazio-iturri; dena den, Voguea eraldatzen joan da, eta beste estilo batzuen sorburu izan da, hala nola Vogue Femme estiloa. Madonnari eta París is Burning dokumentalari esker ospe handia hartu zuen 90eko hamarkadan.
Asteazkeneko hitzorduak emozioen kudeaketa izanen du ardatz. Horretarako, ‘Nola kudeatu gatazkak haserretu gabe’ lantegia antolatu dute: entzuketa aktiboa eta enpatia bezalako gaitasunak garatzen irakatsiko dute bertan, besteak ulertzen eta lasai egoten eta sentimenduak eta iritziak eraso egin gabe adierazten. Giro lasai batean komunikazio adeitsuaren eta eraginkorraren oinarriak landuko dira.
Bestalde, ostegunean haizemaile pertsonalizatuen lantegi bat antolatu da, gazte euskaldunei zuzendua. Lantegia Lukene Pinzolas Gómezek emanen du, euskaraz. Parte-hartzaileek haizemaileak apaindu eta pertsonalizatzen ahalko dituzte margoak, errotulagailuak eta beste hainbat material artistiko erabiliz.
Asteari amaiera emateko ‘Ezagutu inguruko sendabelarrak’ lantegia eginen da ostiralean: landare aromatikoen eta sendabelarren propietate eta erabilera garrantzitsuenak ezagutzeko aukera emanen du jarduerak. Saioaren barruan Gaztediaren Etxearen inguruetara aterako dira, han hazten diren espezie batzuk bertatik bertara identifikatzeko. Lantegi hori eta astelehenean eginen den lurrin naturalak sortzekoa José Antonio Bidaurre Lainok emanen ditu, sendabelarretan eta kosmetika naturalean espezializatuta dagoen irakasleak.
HAMAIKA PLAN. ASTELEHENETIK OSTIRALERA, 19:00ETATIK 20:30ERA
Uztailak 20, astelehena: Sortu zure lurrin naturala zerotik
Uztailak 21, asteartea: Voguea
Uztailak 22, asteazkena: Nola kudeatu gatazkak haserretu gabe
Uztailak 23, osteguna: Udako haizemaile pertsonalizatuak (euskaraz)
Uztailak 24, ostirala: Ezagutu inguruetako landareak