Aste honetan Gaztediaren Etxea lorezaintzako tresnak sortzeko zeramika-artistikoko lantegi handi bihurtuko da

Aste honetan Gaztediaren Etxea lorezaintzako tresnak sortzeko zeramika-artistikoko lantegi handi bihurtuko da
Iruñeko Udalak udan antolatzen duen sormen-zeramikaren hirugarren astea da, eta edizio bakoitzean lekuak agortzen dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Abuztuaren 22ra arte (ostirala) eginen da Sormen-astea: diseinatu zure landare-kita zeramikaz ikastaroa, eta parte-hartzaileek zeramikaren munduan hasteko bost saio izanen dituzte jarraian. Hastapenetan dauden 20 zeramikagile gaztek landareak zaintzeko kit bat –jardinera-loreontzi bat, tantakako ureztatze-sistema bat eta ureztagailu bat– sortzen ari dira zeramikaz, askotariko teknikak ikasita, hala nola hustuketa, modelatzea eta tornua.

Lantegiko irakaslea Garazi Valluerca Albéniz da, Gaztediaren Etxeko ohiko irakaslea eta Arte Ederretan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Eskolak asteko lanegun guztietako goizetan egiten ari dira, 11:30etik 13:00etara, eta guztira 7,5 eskola-ordu dira. Iruñeko Udalak jarriko du jardueretarako materiala: airez lehortzeko 1,5 kilo buztin, margo akrilikoak eta bernizak.

Aurtengoa hirugarren edizioa da, 2023koaren eta 2024koaren ondoren. Azken horietan lekuak bete ziren eta gosaltzeko kitak –gosaltzeko beharrezko guztia: katilua, platera eta koilara– eta komunerako kitak –hortzetako eskuiletarako ontzia eta xaboi-ontzia– egin zituzten zeramikaz, hurrenez hurren.

Lantegi sorta hori zaletasun berri batera hurbiltzeko modu bat da. Iruñeko Udalaren programazioari esker, zaletasunak urtean zehar jarraipena izanen du Gaztediaren Etxean bertan, izan ere, hiruhileko ikastaroetan eskulanekin lotutako hainbat lantegi eskaintzen dira, baita zeramikarekin lotutakoak ere. Zehazki, 2025eko lehen eta bigarren hiruhilekoetan Airez lehortzeko zeramika izeneko bi lantegi egiteko aukera dago, bakoitzak 24 orduko iraupena eta 20 leku ditu, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik. 

Diseinutik esmaltatzeraino
Garazi Valluerca lantegiko irakasleak xede du bakoitzak bere piezak diseinatu, sortu eta margotzea, prozesu osoa eginez, norberak bere ukitu pertsonala emanda. Gainera, testuingurua kokatzen du lantegietan, goizetan esparru horretako hainbat sortzaile errepasatzen baitituzte, askotariko diseinuak eta artistak ezagutze aldera. Valluerca Gaztediaren Etxeko irakaslea da eta Arte Ederretan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 

Bost saioak astelehenean abiatu ziren eta lehen saioan hustuketa-, molde-, tornu- eta pintura-teknikei (ur-koloreak, transferra, orbanak, kalkoak eta lustreak) buruzko azalpenak eman zituen, eta parte-hartzaileek lehen kontaktua izan zuten materialekin. Hortik aurrera, hustuketa eta tornu bidez loreontzi bat diseinatzen eta fabrikatzen ari dira, baita ureztagailu bat eta tantakako ureztatze-sistema bat ere; piezak lixatu eta margotu egiten dira, eta sortutako zeramikazko pieza guztien akabera esmaltatuak “airean” egiten dira.

¿Te ha sido útil esta página?