Aste honetan Europako Abiadura Irristaketako Txapelketan parte hartzen ari diren 17 herrialdeetako ordezkariei egin die harrera Udalak

Aste honetan Europako Abiadura Irristaketako Txapelketan parte hartzen ari diren 17 herrialdeetako ordezkariei egin die harrera Udalak
280 irristalari eta 160 boluntario izanen dira Antoniuttin, Txantrea KKEn eta Ziudadelan egiten ari den txapelketan
Irudia

Goizean, Iruñeko Udalak –Enrique Maya alkatea, buru– aste honetan Europako Abiadura Irristaketako Txapelketan parte hartzen ari diren 17 herrialdeetako ordezkariei egin die harrera. Udalbatzako, Europako Irristaketa Batzordeko, batzorde antolatzaileko, Nafarroako Irristaketa Federazioko eta epaile-batzordeko kideek ere hartu dute parte ekitaldian. Alkateak ez ezik, Irmelin Ottsn Europako Irristaketa Batzordeko lehendakariak eta Sergio Parra Nafarroako Irristaketa Federazioko lehendakariak ere hitz egin dute.

Guztira 280 dira parte hartuko duten irristalariak, herrialde hauetakoak: Austria, Belgika, Kroazia, Txekiar Errepublika, Danimarka, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Holanda, Polonia, Portugal, Eslovenia, Eslovakia, Espainia, Suitza eta Erresuma Batua. Harreran, egiten duten ahalegina eta baduten erantzukizuna azpimarratu dira, izan ere, kirol honetan hasten diren haurren erreferente baitira. Haiekin batera 160 boluntario daude lanean ekitaldi hau gauzatzeko, eta horiei ere eskertu zaie ahalegina.

Txapelketaren inaugurazioa joan den igandean egin zen Txantrea KKEn, non astelehenetik asteazkenera pista-lasterketak egin baitira. Gaurkoa atsedenaldiko eguna da; ostiralean –abuztuak 30– eta larunbatean –abuztuak 31–, Antoniuttiko pista berrituan izanen dira zirkuitu-lasterketak; eta, igandean –irailak 1–, maratoia, Ziudadelan.

Antoniuttiko zirkuitu-pistako lasterketak ikusteko 650 eserlekuko harmaila jarri da helmugako zuzenean, zirkuituaren ibilbide osoa zuzenean emanen duen pantaila erraldoiaren parean, iritsierak bertatik bertara ikusteko aukera ematen duen tokian. Bi lasterketa-egunetarako abonamenduak 35 euro balio du, gehi kudeaketa-gastuak. Sarrerarik erosten ez dutenek zutik ikusten ahalko dute txapelketa, zirkuituak dituen gainerako zuzenetan. Azkenik, maratoia doakoa izanen da ikusle guztiendako. Sarrerak Europako Txapelketako webgune ofizialean eros daitezke, zehazki esteka honetan: http://europeofnp.deportenavarro.com/contenido/entradas.

Iruñeko Udalak laguntza eman du Europako Txapelketa honetarako; zehazki 60.000 euroko dirulaguntza eman dio Nafarroako Irristaketa Federazioari, kirolaren zein ariketa fisikoaren arloko entitateei zuzendutako deialdiaren barruan, horren bidez dirulaguntzak ematen baitira 2018-2019ko denboraldian edo 2019an kirol-ekitaldi puntualak eta kirol-jarduera iraunkor jakin batzuk antolatzeagatik. Gainera, Iruñeko Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu du Nafarroako Irristaketa Federazioarekin, Antoniuttiko udal-zirkuituaren erabilera ahalbidetzeko.

¿Te ha sido útil esta página?