Datorren asteartean, azaroak 8, Aste Beldurgarria abiatuko da Gazteriaren Etxean, Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XI. Jaialdia girotzeko eta osatzeko arratsaldeetan antolatzen diren jarduera-multzo bat, baita generoarekiko hitzordu bat ere, azaroaren 9tik 12ra, testuinguru horretan bertan.
Gaztediaren Etxeak honako hauek egitea aurreikusi du: ihes-joko baten 10 saio, Kafehartzen programaren barruko hainbat jarduera eta beldurrezko liburuak banatuko dituen lehiaketa bat. Jarduera horiek 17:00etatik 19:00etara eginen dira. Ondoren, proiekzioak hasiko dira.
Jaialdia Nazioko eta nazioarteko film laburrak proiektatuko dira. Ohikoa denez, ikusleek botoa eman ahal izanen dute beldurrezko, zientzia-fikziozko, komedia beltzeko edo fantasiazko 18 film laburren artetik publikoaren saria nori eman erabakitzeko. Film Labur Onenarendako saria ere izanen da, eta profesionalez osatutako epaimahai batek emanen du. Jaialdiari amaiera emateko, azaroaren 12an (larunbata), jaialdiaren azken egunarekin batera, Sitgeseko jaialdian irabazle izan zen Karyn Kusamak zuzendutako “La invitación” filma proiektatuko da, eta sariak iragarriko dira. Saioak Miguel Suárez del Cerro jaialdiko zuzendariak eta emanaldietara agertzen diren film laburretako kideek aurkeztuko dituzte.
Datozen egunetako jarduera eta saio guztiak doakoak izanen dira.
Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XI. Jaialdia
Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera libre izanen da. Lehenengo saioan, azaroaren 9an (asteazkena), ‘Face not recognized’, ‘Rhea’, ‘Nosotros las bestias’, ‘Operación Frankenstein’, ‘La inquilina’ eta ‘Teo’ ikusi ahal izanen dira. Hurrengo egunean, azaroak 10 (osteguna), ‘La nueva’, ‘Camouflage’, ‘Hot dog’, ‘El viajero’, ‘Xun’ eta ‘Under the ice’ film laburrak emanen dira. Eta azaroaren 11n (ostirala), honako hauekin jarraituko du jaialdiak: ‘Voy para tu casa’, ‘La fábula de Quarantamaula’, ‘El umbral’, ‘Noche de Ensayo’ eta ‘Amours synthétiques’. Lehiaketa azaroaren 12an (larunbata) amaituko da, film labur irabazleen iragarpenarekin eta Karyn Kusamaren ‘La invitación’ film entzutetsuaren emanaldiarekin.
Film laburrak Europako hainbat herrialdetatik eta zinema amerikar eta asiar berritzaileenetik datoz. Iruñean estreinaldiak izanen dira, eta horietako batzuk estreinako aldiz ikusiko dira Espainian. Beste batzuk generoko jaialdi garrantzitsuetatik, Sitges 2022tik kasu, igaro ondoren iritsiko dira. Film labur horietan estatuko interpreteen aurpegi ezagunak ere ikusten ahalko dira, Belén Rueda edo Pablo Chiapellarenak kasu. Jaialdia lehen aldiz aritu da elkarlanean CVLTO ikus-entzunezkoen ekoiztetxearekin, eta ekoiztetxe hori bera arduratu da aurtengo kartelak diseinatzeaz.
Publikoak bere izena daraman sarirako gogokoen dituen filmak bozkatzen ahalko ditu saio bakoitzean. ‘Film labur onena’ sariaren epaimahaia honako hauek osatuko dute: Agustin Lara gidoilari eta idazlea, Brenda Ramirez kultur sustatzaile eta ikerlari mexikarra, Fernando Albert Bermejo aktore eta ekoizlea, Carla Calderon zinema zuzendaria, Luis Ortiz Escalante kritikaria eta Javier Hernandez zazpigarren arteari buruzko podcast sortzailea.
19 proposamen beldurgarri Gaztediaren Etxean
Jaialdiaren bezperatik hura amaitu arte, Iruñeko Udalak generoarekin lotutako jarduerak eskainiko ditu, bere programazioa 14 eta 30 urte bitarteko ikusleei zuzendutako ‘eskaintza beldurgarri’ bihurtuta. Gainera, espazio fisikoa xede horretarako girotuko da.
Eskaintza jarraitu gisa, ‘Jostailugilearen itzulera’ beldurrezko ihes-jokoaren bi saio proposatuko dira egunero: ‘Jostailugileak ihes egin du’, L&T elkartearen proposamena eta gehienez 6 partaideko taldeak onartuko dituena. 17: 00etan eta 18: 00etan izanen dira saioak eta 45 bat minutuko iraupena izanen dute. Kartzelan urteak eman ondoren, serieko hiltzaile ezagunak ihes egin du preso zeukaten segurtasun handiko espetxetik. Haren ziegan puzzle bat gelditu zen, baina inork ezin izan du osatu... orain arte. Jarduera doakoa da, baina aldez aurretik Gazteriaren Etxean izena eman behar da, aurrez aurre edo 948 23 35 12 telefonora deituz.
Arratsaldero, asteartetik ostiralera, “Arina bekizu” jolas-lehiaketa ere eginen da. Parte-hartzaileek proposatutako zaizkien hainbat objekturen pisu zehatza asmatu beharko dute. Asmatzen dutenek edo gehien hurbiltzen direnek beldurrezko liburua izanen dute sari.
Ekintza ezberdinak arratsaldero
Gainera, arratsaldero proposamen ezberdinak izanen dira #Kafehartzen programaren barruan. Azaroaren 8an, asteartea, beldurrezko bingo bat proposatzen da. Kartoietan, zenbakien ordez, beldurrezko film ospetsuenetako gidoietatik aukeratutako esaldiak egonen dira.
Asteazkenean joko hauetan parte hartzen ahalko da: ‘Asmatu beldurrezko filma’ eta ‘Mamua’. Pertsona zinemazaleenei zuzenduta daude, eta lehenengoa taldeka egiteko joko bat da: talde aurkaria mimikaz irudikatzen ari den filmaren izenburua asmatu behar da; bigarrena pertzeptziozko banakako joko kanporatzaile bat da. Pertsona bat aukeratuko da “mamua” izan dadin, eta parte-hartzaileren baten atzean jarri beharko du (parte-hartzaileak biribilean egonen dira, begiak itxita); noren atzean jartzen den, hark mamuak bera aukeratu duela asmatu beharko du.
Ostegunean, azaroak 10, gai juridikoetan espezializatutako Gaztediaren Etxeko aholkularitzak ‘Autore Eskubideak, kopiatzea bai beldurgarria’ gaia aztertuko du. Bertan, plagioa egiteagatik salaketa jarri zitzaien beldurrezko filmen benetako adibideak hartuta, zinemako plagioaren aurkako babesaz hitz eginen da. Hitzaldi honi esker, zinemazaleek eta gaiarekiko jakin-mina dutenek jakiten ahalko dute nolakoa izan zen salaketen korapilo judiziala eta salaketak zertan amaitu ziren. Ostiralero bezala, karaoke batek emanen dio amaiera lan-asteari, kasu honetan, karaoke ikaragarri batek.
Aste Beldugarria Gaztediaren Etxean Azaroak 8 – 12
Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XI. Jaialdia
- PROIEKZIOAK
- Azaroak 9 – 12. 19:00. Sarrera librea
Jostailugilearen itzulera
- BELDURREZKO IHES-JOKOA
- Azaroak 8 – 12. 17:00etan eta 18:00etan.
- Izen-emateak, Gaztediaren Etxean, aurrez aurre edo 948 23 35 12 telefonoan
Arina bekizu
- LEHIAKETA
- Azaroak 8 – 11
- Sariak: beldurrezko liburuak
Bingo beldurgarria
- JOLASA
- Azaroak 8, asteartea 17:30.
Asmatu beldurrezko filma eta Mamua
- JOLASAK
- Azaroak 9, asteazkena. 17:30
Ostegunean horren berri izanen dut! Jabetza eskubideak, kopiatzea bai beldurgarria
- AHOLKULARITZA
- Azaroak 10, osteguna. 18:00
Karaoke ikaragarria
- MUSIKA
- Azaroak 11, ostirala. 17:30