Askotariko jarduerez osatutako programa, azaroaren 17tik 28ra, Iruñeko Udalak emakumeen kontrako indarkeriarekin duen konpromisoaren erakusgarri

Askotariko jarduerez osatutako programa, azaroaren 17tik 28ra, Iruñeko Udalak emakumeen kontrako indarkeriarekin duen konpromisoaren erakusgarri
Mugitu! lelopean, aurtengo kanpainak gizonak engaiatu nahi ditu, haien rolak zalantzan jarri eta berdintasunaren alde jardun dezaten
Fitxategi
Actividades 25 noviembre

 

Mugitu!, horixe da aurten hautatu den leloa azaroaren 25ean egiten den Emakumeen Kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunerako. Aurten, 2019an, dei egin nahi zaie gizonei kanpainaren erdigunean ere sar daitezen, mugi daitezen, haien rolak zalantzak jar ditzaten eta antzeman ditzaten parekotasunerako bidean egunero ditugun aldaketa-aukera guztiak, txikiak zein handiak. Horretarako guztirako, Iruñeko Udalak jarduera programa bat antolatu du, zinema-saio, hitzaldi, antzezlan eta aldarrikapenez, igande honetan hasita eta azaroaren 28ra arte.


María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Zaloa Basabe berdintasuneko tenikariak aurkeztu dituzte jarduerak. Lehena igande honetan izanen da: Perdiendo el juicio antzerki-solasaldia, TDiferencia konpainiaren eskutik, Iturramako Civivoxean. Tragikomedia musikal bat da, non hausnarketa egiten baita sexu-abusuen eta bortxaketen epaiketei eta ezartzen diren kondenei buruz, patriarkatuari eta hipokresiari buruz, etab. Antzezlanak gogoeta piztu nahi du legeetan genero-ikuspegia txertatzeari buruz, prestakuntza-beharrei, epaile matxistei, aurreiritziz beteriko galdeketei, biktimaren berbiktimizazioari eta epaiketa sozial paraleloei buruz. Hori bai, antzezlanak ez ditu errepikatzen betiko eslogan eta esaldi eginak, halakoek, lan konprometitua egin beharrean, lana muntaia oportunista bihurtzen baitute.

 
Perdiendo el juicio Maite Redínek zuzendu du, eta zuzendari emakumeen eta emakumeak mintzagai dituzten lanen gaineko ziklo baten barruan dago. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrerak 3 euroan salduko dira, Iturramako Civivoxean bertan eta online, www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es webguneetan. 


Azaroaren 18an (astelehena) eta 26an (asteartea), Zinemako emakume heroiak zikloaren saioan proiektatuko da Tres anuncios en las afueras filma, Oscar sari bana jaso zituena 2017an emakume aktore onenari eta bigarren mailako gizon aktore onenari. Astelehenenean Iturramako Civivoxean izanen da zineforuma, eta asteartean Sanduzelain, 18:00etan bietan, sarrera librea delarik aurrez gonbidapena hartuta. Filman, Mildred Hayes-ek, 50 urteko emakume batek, bizitoki duen Ebbing-eko poliziaren aurkako borroka abiatzen du bere kasa, haren alaba bortxatu eta erailaren kasua ebazteko behar besteko lana egiten ez dutela sinetsita, justizia eske. Bere asmo horretan, lehenik, publizitate-hesi batzuk kontratatzen ditu, egoera salatu eta William Willoughby poliziaburua seinalatuz, poliziak duen jarrera pasiboaren arduradun nagusitzat jotzen baitu.


Hitzaldia, antzerki musikala eta bibliografía

Azaroaren 20an, asteazkenean, hitzaldi bat izanen da, NAPIko Pío Baroja aretoan, José María Armegolen eskutik, Ingeles Filologian doktorea eta Estatu Batuetako Genero eta Literatura Ikasketetako irakasle titularra Gaztela-Mantxako unibertsitatean. (De)Construyendo el hombre violento izenburupean, 18:00etan hasiko da, adierazpen kulturaletan, zinematografikoetan eta literarioetan egiten den maskulinitatearen eraikuntza izanen du hizpide, eta horrek oinarrian dituen balioen inguruan eztabaidatuko da.


Azaroaren 24an, igandearekin, Plazaran taularatuko da, 18:30ean eta euskaraz, Libre zu, libre ni! mikro-musikala, Musas y Fusas konpainiaren eskutik. Lan horretan jazarpen matxista salatzen da, egoeren eta musikaren bidez. Hiru esketx dira, jazarpen matxistaren hiru alderdi mahai gainean jartzen dituztenak mezu atzerakoi eta mingarriak dituzten kanten bidez. Esketxen ostean erasoen aurkako diskurtso bat interpretatzen da, eta kanta bat, ikuspuntu baikorrez etorkizunerako begirada zabaldu nahi duena. 


Egun hauetarako aurreikusi diren jarduerez gain, azaroaren 18tik 28ra maskulinitateei eta emakumeen kontrako indarkeriari buruzko material bibliografikoen eta agirien sorta bat egonen da ikusgai IPES Dokumentazio Zentroan, Descalzos kaleko 72an. Zentroa urte osoan zehar dago zabalik, gai zehatz honetan interesa dutenentzat, liburuak, aldizkariak eta bestelako agiriak kontsultatu ditzaten.


A25, aldarrikapen-eguna

Azaroaren 25ean, astelehenarekin, Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunarekin bat, Udaleko Osoko Bilkurak atzo onetsitako adierazpen instituzionala irakurriko da, 11:30ean, Udaletxe plazan. Adierazpenean, Udalak gaitzesten ditu “emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria sexista mota oro”. Halaber, konpromisoa hartzen du, Administrazio Publiko den aldetik, “modu aktiboan lanean jarraitzeko desparekotasunen aurka, zaurgarritasun-egoeren eta emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu baitira”, eta gonbit egiten die “hala gobernuei eta erakunde publikoei nola nazioarteko entitateei eta gizarte zibilari, gogoeta egin eta konpromisoak har ditzaten”.


Egun horretan bertan, arratsaldean, 18:00etan, Gaztediaren etxean, La igualdad, la mejor arma contra la violencia hacia las mujeres bakarrizketa eginen du Elur Olarbidek. Horrez gain, aukera egonen da lantegi batean parte hartzeko, non azaroaren 25eko egunak irudikatzen dituen borroka eta aldarrien horma-irudi oroigarria eginen batia. Eta egunari buru emateko, 20:00etan, Gazteluko plazan, manifestazioa eginen da, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak antolatua. 

¿Te ha sido útil esta página?