‘Askeak gara’ lelopean, pertsonaien egile-eskubideei buruzko erakusketa zabaldu dute Gaztediaren Etxean

‘Askeak gara’ lelopean, pertsonaien egile-eskubideei buruzko erakusketa zabaldu dute Gaztediaren Etxean
Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Juridikoak antolatzen duen laugarren erakusketa dibulgatiboa da; Zuzenbideko kontzeptuak modu sinplean azaltzea dute helburu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaur egun, Great Ormond Street Children’s Hospital-ek dirua irabazten jarraitzen du Peter Pan ipuinari esker: J.M. Barrie idazleak entitate horri laga zizkion egile-eskubideak 1929an. Popeye edozeinek erabil dezake, askatasunez; aldiz, Popeyeren ziazerba-poto famatua juridikoki babestuta dago. Hain zuzen ere, potoaren egokitzapen oro pirateriatzat jotzen dira, baita digitalak eta adimen artifizialaz egindakoak ere. 14 panelen bidez, erakusketak egile-eskubideei eta jabetza horizontalari buruzko informazioa jarriko du ikusgai, Gaztediaren Etxean.

Gaztediaren Etxeko aholkularitza juridikoetako praktiketako ikasleek Askeak gara erakusketa antolatu dute: egile-eskubideen araudiari buruzko lege-alderdiak eta oinarrizko kontzeptuak azaltzen dituzte egile-eskubiderik gabeko lanak eta pertsonaiak baliatuta; besteak beste, pertsonaia eta obra famatu hauek agertzen dira erakusketan: Popeye, Alizia herrialde miresgarrian, Drakula, Frankenstein, Sherlock Holmes, Robin Hood, Winnie The Pooh, Errauskine, Mickey sagua, Peter Pan, Moby-Dick, Txano Gorritxo, Tom Sawyer eta Nemo kapitaina. Guzti horiek “askeak” dira, sortzaileak hil zirenetik gutxienez 70 urte igaro direlako.

Erakusketan gazteendako garrantzitsuak diren gaiak lantzen dira, modu errazean: besteak beste, egile-eskubidek Interneten, sarbide libreko baliabideak, creative commons lizentziak, pirateria, egile-eskubideen mugak, Jabetza Intelektualaren Erregistroa, eskubide moralak eta jabetza industriala. Gainera, erakusketan adimen artifizialaren bidez sortutako irudiak jarriko dituzte ikusgai; izan ere, teknologia hori jatorrizko irudi bisualak sortzeko gai da. Horren harira, Juan Carlos Orenes Ruiz aditua teknologia horri eta Jabetza Intelektualaren Erregistroari buruz arituko da podcast batean; Juan Carlos Orenes Nafarroako Gobernuko Kulturako, Kiroleko eta Turismoko Departamentuko Idazkaritza Nagusiaren Araubide Juridikoko Alorraren burua da.

Erakusketaren bidez, helburu bikoitza lortu nahi du Iruñeko Udalak: batetik, aholkularitza juridikoetako praktiketako ikasleek egile-eskubideei buruzko informazio gehiago eskuratzea, betiere aintzat hartuta erabiltzaileendako gai garrantzitsua dela; bestetik, gazteei beren eskubideen berri ematea, betiere modu erraz eta dibertigarrian, eta gazteen autonomiari mesede egiteko xedez. Beste helburu bat ere badu: pertsonaia literario eta zinematografikoei buruzko istorio bitxiak baliatuta kultura sustatzea.
Ekimenean parte hartu duten ikasleek apirilean bukatuko dituzte praktikak, eta aholkularitza juridikoetan arreta eman ez ezik, alderdi horretako beste jarduera dibulgatibo batzuk ere egiten dituzte; NUPeko eta Nafarroako Unibertsitateko eta NUPeko eta MICAPeko Abokatutzara Sartzeko Masterreko ikasleak dira.

Aholkularitzen arduraduna Ana Belén Albero Díaz da, eta praktiketako ikasle hauek sortu dute erakusketa: Lucía Balanzategui García; Yelyaveta Batishcheva; Anica María Cimera Mendoza; Carmen Díaz-Usechi; Sara Escribano López; Sofía García Moreno; Daniela Giraldo Pereira; Ana Paula León Espinoza; Mª José Guillén Contreras; Andrés Alejandro Masaya Rodas; Sabrina Meghari del Río; Leonardo Paz Castillo; Jaione Pérez Lázcoz; eta Lidia Urtasun Beaumont.

Askeak gara aholkularitza juridikoak antolatzen duen laugarren erakusketa da, eta 2022an egin zuten lehenengoa. Askeak gara / Egile-eskubideak erakusketaz gain, beste erakusketa hauek egin dituzte Gaztediaren Etxean: Honelakoak gara / 10 urte Gazteriari buruzko Foru Legetik (2022); Zer dakizu Eryicaz? / Gazteendako Informazioaren Europako Eguna (2023); eta Binetak alokairuan / Etxebizitza (2024). Erakusketa abuztuaren 31ra arte egonen da ikusgai Gaztediaren Etxeko kafetegian, astelehenetik ostiralera; ordu hauetan egonen da zabalik: 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.

¿Te ha sido útil esta página?