Ziudadelako Bestelako Argiak V. Jaialdiaren jarduerak –dantza eta artea ardatz dituen Iruñeko Udalaren proposamenen sorta– hasi zirenetik 14 egun bete direnean, beteta daude Vik Muñiz sortzaile brasildarraren erakusketari lotutako haurrentzako eta familientzako 11 lantegietan eskaintzen ziren 192 plazak. Nazioarteko erakusketa hau zabalik dago Nafarroako Unibertsitateko Museoan, eta Iruñeko Udalak ere parte hartzen du.
Udalaren gainerako proposamenak, guztiak doan, Gabonetako oporretan zehar gauzatuko dira, eta urtarrilaren 10ean amaitu. Bisitaria Ziudadelara sartzen denean, gotorlekuaren bi sarbideetan argi-instalazio bana aurkitzen du. 'Köppö' izeneko lana da, iaz jada bisitarien oniritzia jaso zuena. Behin barrutira sartuta, ikusleek sei bideoarte-sorkuntza ikusten ahalko dituzte, beste hainbeste errealizadorek eginak. Egunero proiektatzen dira, eta espazio eta mihise horiek zeharkatu ditzake publikoak, etenik gabeko emanaldietan, 17:30etik 20:30era bitartean.
Bestelako Argiak erakusketaren erdigune fisikoa tamaina handiko eskultura- eta argi-instalazio batek betetzen du, 'Alumbráramos (Argiaren jaiotza)' izenekoa, Fernando Molina artistak egina. Gainera, Estitxu Arroyok instalazio bat aurkezten du Labean, eta larunbat arratsaldeetan 'Salsola kali: landare-deriba bat' performancearen hiru emanaldi egiten ditu. Saioak ordu erdiro izanen dira, 18:30etik aurrera. Bertaratze-maila kontrolatzeko, izena eman behar da aretoan bertan edo 629793277 telefonoan, erakusketak zabalik dauden ordutegian.