Arte-esparru guztietako zenbait emakumek elkarrekin hitz eginen dute irailetik abendura bitartean Arma Aretoan eginen den Elkarguneak: begiradak beste diziplina batzuetara zikloan

Arte-esparru guztietako zenbait emakumek elkarrekin hitz eginen dute irailetik abendura bitartean Arma Aretoan eginen den Elkarguneak: begiradak beste diziplina batzuetara zikloan
Doako lau saioak antzerkiari, arteari eta musikari buruzkoak dira, eta barne hartzen dute Ciberlocutorio podcasta zuzenean egitea
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

Ziudadelako Arma Aretoa Elkarguneak: begiradak beste diziplina batzuetara zikloaren agertoki izanen da, eta arte-esparru ezberdinetako zenbait emakumeren lau topaketa proposatuko ditu. Iruñeko Udalak antolatu duen ziklo hori irailaren 5etik abenduaren 12ra eginen da, sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Iñigo Gómez Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Nerea Madariaga eta Carolina Otamendi zikloko koordinatzaileek aurkeztu dituzte lau saioak. Horietatik hiru antzerkiari, arteari eta musikari buruzko elkarrizketak izanen dira, eta laugarrenean zuzenean eginen da Ciberlocutorio izeneko podcasta. Zikloan, besteak beste, honako artista hauek parte hartuko dute: Lucía Carballal, María Folguera, Eugenia Tenenbaum, Coco Dávez, Anna Pacheco, Andrea Gumes, Miren Iza eta Lorena Álvarez.

Proiektu artistiko berri honen helburua da hainbat esparrutako emakumeekin elkartzeko, hitz egiteko eta gogoeta egiteko gune bat sortzea. Elkarguneak zikloa Letrazaurituak jaialdiari lotuta sortu zen, eta dagoeneko ezinbesteko bilakatu da Iruñeko kultur programazioan. Aurten, seigarren edizioa izanen du, urrian, eta dagoeneko, literatura garaikidean erreferente diren 50 emakume-egile igaro dira bertatik.

Nerea Madariaga eta Carolina Otamendi Letrazaurituak jaialdiaren zuzendariei, 2023an, bosgarren urteurrena zela-eta, otu zitzaien zinemari, telesailei eta ilustrazioari buruzko hiru topaketa antolatzea. Topaketa horiek izan zuten harrera ona ikusita, begirada horri literaturaz haraindiko beste diziplina batzuetara jarraipena emateko ziklo bat egitea pentsatu zuten, urtero aukera izan zedin kultur esparru ezberdinetako artistei eta dibulgatzaileei entzuteko.

Modu horretan sortu zen Elkarguneak, nortasun feminista batez mamitu dena, emakumeek beren lanarekin, diskurtsoekin eta lanekin sortzen ari direnari ahotsa eta protagonismoa ematen jarraitzeko helburuz.

Antzerkia, zikloari hasiera emateko
Elkarguneak: begiradak beste diziplina batzuetara programa irailaren 5ean, ostegunarekin, hasiko da, 19:00etan, La palabra en escena: cuando el texto se hace carne antzezlanaren inguruko topaketarekin. Lucía Carballal antzerkigile eta zuzendariak eta María Folguera idazle eta kultur kudeatzaileak elkarrizketa bat izanen dute, Ana Maestrojuan zuzendari iruindarrak bideratuta. 

Zikloko bigarren saioa Arma Aretoan izanen da, urriaren 15ean, asteartearekin, 19:00etan, Artea dibulgatzea: mendeetako misoginia konpontzen izenburupean. Valeria Palmeiro diziplina anitzeko artista (Coco Dávez izenez ezagunagoa) eta Eugenia Tenenbaum genero-ikuspegian espezializatutako arte-historialaria eta arte kritikariaren arteko topaketa izanen da. Zuriñe Lafonek, kultura bisualari buruzko ikertzaile eta unibertsitateko irakasleak, bideratuko du topaketa. 

Podcasta zuzenean eta musika
Azaroaren 9an, larunbatarekin, 12:00etan gauzatuko da zikloko hirugarren proposamena, eta Anna Pacheco eta Andrea Gumesek zuzenean eginen dute Ciberlocutorio podcast feminista kulturala. Formatu horrek emakume sortzaileen obsesioei, beldurrei eta beste gai batzuei heltzeko aukera ematen du. Andrea Gumes kazetari, aktore eta politologoa aurkezle lanetan aritu izan da irratian eta telebistan. Anna Pacheco kazetaria eta klase- eta genero-ikuspegiko gizarte gaietan espezializatutako idazlea da.

Zikloa itxiko duen saioak musika izanen du ardatz, eta abenduaren 12an eginen da, ostegunean, 19:00etan. Miren Izaren eta Lorena Álvarezen arteko topaketa bat izanen da, Laura Torrek bideratua, eta bien arteko kontzertu txiki bat emanen dute ondoren, haien abestiak elkarrizketan jarriz. Miren Iza konpositore eta abeslari donostiarrak, Tulsa izen artistikoarekin, zazpi disko kaleratu ditu, eta Lorena Álvarez konpositore, ekoizle, interpretatzaile eta margolaria, berriz, garaiko egile-kantugintzaren erreferente da. Moderatzaile lanetan arituko da Laura Torre Vall iruindarra, Artearen Historian doktorea, Argazkilaritzaren Historian espezializatua eta Melenas taldeko bateria-jotzailea.

ELKARGUNEAK: BEGIRADAK BESTE DIZIPLINA BATZUETARA ZIUDADELAKO ARMA ARETOA

Irailak 5, osteguna. 19:00. Antzerkia
o    La palabra en escena: cuando el texto se hace carne
o    Lucía Carballal eta María Folgueraren arteko topaketa
o    Ana Maestrojuanek bideratuta.

Urriak 15, asteartea. 19:00. Artea
o    Artea dibulgatzea: mendeetako misoginia konpontzen
o    Coco Dávez eta Eugenia Tenenbaumen arteko topaketa
o    Zuriñe Lafónek bideratuta

Azaroak 9, larunbata. 12:00. Podcasta zuzenean
o    Ciberlocutorio podcast kultural eta feminista zuzenean, Anna Pacheco eta Andrea Gumesen eskutik.

Abenduak 12, osteguna. 19:00. Musika
o    Miren Iza (Tulsa) eta Lorena Álvarezen arteko topaketa
o    Ondoren, bien arteko kontzertu txiki bat, haien abestiak elkarrizketan jarriz.
o    Laura Torrek (Melenasek) bideratuta.
 

¿Te ha sido útil esta página?