Arrotxapeko Oscoz etxe-multzoko plazak honako hauek izanen ditu: erdigune bat, zuhaitzez hornitua, argi berriak eta arrapalak zein eskailerak, bertako desnibela modu atseginagoan gainditzeko

Arrotxapeko Oscoz etxe-multzoko plazak honako hauek izanen ditu: erdigune bat, zuhaitzez hornitua, argi berriak eta arrapalak zein eskailerak, bertako desnibela modu atseginagoan gainditzeko
Aurrekontuak 350.000 eurokoa da eta gauzatzeko epea 4 hilabetekoa, beraz, aurreikuspenen arabera lanak datorren urte hasierarako amaituta egonen dira

 

 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Arrotxapea auzoan dagoen Oscoz etxe-multzoko plaza berrurbanizatzeko kontratuaren lizitazioa. Aurreko urtean eraitsitako eraikinak lehenago okupatzen zuen eremua biziberrituko da, hauen bitartez: eremu arboladun bat,, argi berriak, zoladura berriak eta arrapala zein eskailera batzuk, Joaquín Beunza kalearekin dagoen desnibela modu estetikoago eta atseginagoan gainditzeko. Lizitazioaren aurrekontua 349.937,19 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko epea 4 hilabetekoa. Aurreikuspenen arabera lanak datorren urte hasierarako amaituta egonen dira.

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eman du ezagutzera prentsaurrekoan plaza berrurbanizatzeko proiektua, eremu hau birgaitzeko jarduketa orokor baten barruan zedarrituta dagoena. Proiektu global hori 2005ean tokia ‘eremu zaurgarri’ kalifikatu zutenean hasi zen. Iaz, aurreikusitako jarduketa horien barruan, plazako eraikin nagusia eraitsi zuten Oscoz etxe-multzoaren barruan eremu irekiagoa eta zolatua sortzeko, ingurua hobetzen lagundu eta eremua birgaitzeko abiaburua izango zena.

Lizitazio hori eta horren ondoriozko plaza berrurbanizatua aurrerapausoak dira eremuaren eraldaketan. Iruñeko Udalak eraldaketa hori jada onetsita dagoen Esku Hartze Orokorreko Plan (PIG) baten bidez burutu nahi du, xede harturik Marcelo Celayeta etorbidearen eta Abaurregaina kalearen artean (Joaquín Beunza kaleko izkinarekin bat) dagoen plaza berriaren inguruko 8 atariak birgaitzea, horien ezaugarri energetikoak, estetikoak eta irisgarritasunekoak hobetzea eta eremua auzoan txertatzea inguruan dauden urbanizazioen ezaugarri berberekin.

Plazaren erabateko berritzea

Garatuko den proposamenean plaza guztiz berritzea aurreikusi da; hartara, alde bien arteko desnibela berdinduko da, zehazki Joaquín Beunza kalearekiko loturan, hormigoizko eskaileren eta % 3ko baino malda gutxiagoko arrapalen bidez, eta eremua egokituko da esparru publiko urbanizatuetan sartzeko eta horiek erabiltzeko irisgarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzen arabera.

Plazak zoladura berria izanen du, izan ere, egun plaza zaharraren hormigoizko zolatik eta eraitsitako eraikinaren eremuko zoru trinkotik ibili behar da. Zoladura berrirako material gisa hautatu dira erresistentzia handiko hormigoizko pieza modularrak hiru tonutan, Joaquín Beunzarekiko lotura-eremurako eta goiko plazarako, eta zaindun galtzada-harrizko zoladura bat, plazaren erdialdean landatuko diren bost zuhaitzen inguruan, dagokien ureztatze-sistemarekin.

Plazan, erdiguneko eremu arboladunaren inguruan, bost eserleku –bizkarralderik gabeak tarte batekoak eta egurrezkoak– jarriko dira, eta beste hamaika eserleku, bizkarraldez hornituta. Farolei ainguratutako hiru paperontzi paratuko dira eta inguruko argiteria goitik behera berrituko da. Fatxadetako instalazioa desmuntatuko da eta bederatzi luminaria paratuko dira, Joaquín Beunza kalean dauden eredu berekoak. Kale horrekin bat egiten duten eskailera mailak eta arrapalak hormigoi talotxatuz eginen dira eta altzairu galvanizatuzko barandak izanen dituzte. Plazaren beste aldean, Marcelo Celayeta etorbidearekiko loturan, altzairu galvanizatuzko mutiloien lerrokadura bat jarriko da, plazara sartzea galarazteko.

Halaber, egun lurperatuta dauden instalazioak berraztertu eta egokituko dira, eraitsitako eraikinarekin zituzten loturak deuseztatuta eta daudenak birmoldatuta plazaren konfigurazio berrira egokitzeko. Kutxatilak eta hodiak sortuko dira telefono eta argindarreko aireko azpiegiturak lurperatzeko, nahiz eta sareen lurperatzea ez dagoen sartuta proiektuaren barruan. Azkenik, euri-urak biltzeko instalazioa ere berrituko da eta putzu berri bat eginen da euri-urak biltzeko dauden putzuei lotuta.

1917ko eraikina eraitsita plaza sortzeko

Aurreko urtera arte, beheko solairu eta hiru altuerako etxebizitzen eraikin batek, 1917. urte urrunean eraikiak, okupatzen zuen plaza. 1961etik aurrera, Udalak sustatutako PIGren xedezko promozioaren bigarren faseak barne-patio tankerako espazioan itxirik utzi zuen eraikina, hurbil zeuden eraikinez inguraturik, eta gune estu eta ilunak sortu ziren. Eraitsitako eraikina erortzeko zorian eta hutsik zegoen, ez zuen baliorik eta oso narriatuta zegoen. Eraispen hori iazko irailean egin zen, 143.000 euroko aurrekontuaz.

Plaza berria berrurbanizatzeko eskaintzak aurkezteko epea lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazio atarian argitaratu eta gero hasiko da. Esleipenerako, 45 puntu bitartekoa izanen da eskaintza ekonomikoaren balorazioa; 40 puntu bitartekoa, proiektua planteatu eta garatzeko proposamen teknikoa, 10 puntu bitartekoa, gizarte-irizpideak, eta 5 puntu bitartekoa, ingurumen-irizpideak.

¿Te ha sido útil esta página?