
Iruñeko Udalak berdegune berriak sortuko ditu Arrotxapea auzoan zuhaitz-erreiak eginez, zehazki Garde eta Joaquín Lizarraga kaleetan. Jarduera horren bidez, zuhaizti-azalera handitu nahi da, espazioak atsegin bihurtu eta urbanizazioa gailentzen den eremuen irudia hobetu. Lanak aste honetan bertan edo datorren astearen hasieran hastea espero da, eta urte amaierarako amaituta egotea.
Joaquín Lizarraga kalean, bi zuhaitz-errei jarraitu eginen dira plazaren alde bakoitzean, Barkazio Gurutzeko kalearen eta Juslarrocha kalearen artean. Zuhaitz-erreiek 1,50 metroko zabalera eta 1,28 metroko altuera izanen dute, eta azpian drainatzeko-sistema bat. Modu asimetrikoan diseinatu dira, lehendik zegoen hormigoizko lauza koloreztatua eraitsi behar ez izateko. Txorkoak 2 x 1 metrokoak izanen dira eta bakoitzean Robinia Pseudoacaia “Frisia” ale bat landatuko da.
Garde kalean, zuhaitz-errei jarraitua sortuko da Goiz Eder haur-eskolaren aurreko aparkalekuan. 1,74 metroko zabalera eta 1,28 metroko altuera izanen du, eta azpian drainatze-sistema bat. Txorkoak karratuak izanen dira, alde bakoitzak 1,54 metro izanen ditu, eta horietan ere Robinia Pseudoacaia “Frisia” espezieko aleak landatuko dira.
Tokiko Gobernu Batzarrak Arrotxapean zuhaitz-posizio egokiak sortzeko kontratua onetsi du, eremu publikoak birgaitzeko lanetarako 2024-2026 esparru-akordioaren ondoriozkoa. Guillén Obras y Proyectos SL enpresak eginen ditu lanak, 217.985,96 euroan. Jarduketaren memoria tekniko baloratua Monkaval Soluciones de Ingeniería enpresak egin du.
Zuhaitzetan esku hartzeko eredua
Iruñeko Udaleko Berdeguneen Zerbitzua duela hamarkada bat baino gehiago ari da gauzatzen Big-Tree-Pit edo Bolumen Handiko Txorkoa eta Zuhaitz-erreia izeneko esku-hartze eredua hiriko bide-zuhaiztien esparruan. Honako hauek dira eredu horren oinarriak: sustrai-bolumen handiak garatzeko egokiak diren eremuetan jartzen dira zuhaitzak, hartara haien aireko egituraren garapen orekatua, askea eta osoa ahalbidetzeko.
Arrotxapean, Arga ibaiaren kalean egin zen halako esku-hartze bat, berdeguneei lur ona eta sustraiak hedatzeko baldintzak emanez. Horrek emaitza onak ekarri ditu zuhaiztiaren garapen-parametroetan eta mantentze-lanetarako inbertsio egokiarekin lortu diren onurei esker.