
Arrotxapeko Energia Informazioko Bulegoa duela urtebete ireki zen, 2023ko martxoan, eta Iruñeko Udalak oPEN Lab Europako proiektuaren esparruan gauzatu duen ekimenetako bat da. Proposamen horrek energia jasangarriaren arloan errepikagarriak eta komertzialki bideragarriak diren soluzio-paketeak identifikatzea du xede. Denbora horretan, hiriko auzo batean irekitako lehena den bulego horrek 148 kontsulta jaso ditu, gehienak energia-aholkularitzari buruzkoak.
Espazio espezializatu horrek argiaren eta gasaren fakturei buruzko aholkularitza ematen du, baita energia berriztagarrietarako laguntzei buruzko informazioa ere: eguzki-plakak, aerotermiak, birgaitzea, fatxaden isolamendua, etab. Halaber, energia-komunitateei buruzko informazioa ematen du. 12 hilabetean, 77 emakume eta 71 gizon zuzendu zaizkie teknikariei aholkularitza (99 pertsona), laguntza eta dirulaguntzei buruzko informazioa (25 pertsona) eta energia-komunitateei buruzkoa (24 pertsona) eskatzera.
Energia Informazioko Bulegoak Ingurumen Hezkuntzako Museoan du egoitza (Errotazar k. 22 bis), eta asteazkenetan ematen du zerbitzua, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Zerbitzuak erabiltzeko, aurrez hitzordua eskatu behar da, 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez edo modu telematikoan Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoan.
Bulego horren bidez, eta pixkanaka leihatila bakarreko energiaren, birgaitzearen eta hiri-berroneratzearen arloko aholkularitza-eredu bat ezarriz, Iruñeko Udalak eragile aktiboa izan nahi du energia-trantsizioa bultzatzen eta energia-birgaitzearen, mugikortasunaren, fotovoltaikoen eta instalazio termiko berriztagarrien inguruko jarduera sortzen, bai eremu publikoan, bai energia-komunitateetan, eta inbertsio pribatuak sustatuz.
Energia-komunitateak
Sare hori eta beste tresna batzuk –dagoeneko Mendillorrin, Arrotxapean, Ermitagaña-Mendebaldean ezarri diren eta une honetan ezartzeko prozesuan dagoen Arrosadiko energia-komunitateak kasu–, ezinbesteko elementuak dira hiriko Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategian. Baina, horrez gain, Arrotxapean egiten diren energiaren inguruko jarduerak Europako H2020 programarekin finantzatutako proiektu aitzindari baten parte dira, oPEN Lab proiektuko parte, alegia. Iruñeak Belgikako Genk herriarekin eta Estoniako Tartu hiriarekin batera parte hartzen du proiektu horretan.
Arrotxapean, Iruñeko Udala, Energia Informazioko Bulegoaz gain, Energia Komunitatea (Arrotxa-E) garatzen ari da, eta Iruñeko Udalaren jabetzako San Pedro multzoko 12 etxebizitza (bi atari) zaharberritzen. Energia termiko eta elektriko berriztagarria sortzeko eta isolatzeko sistema berritzaileak barne hartzen dituen birgaitze horren bidez, etxebizitza-blokeak energia sortzeko gai izanen diren eraikin bihurtu nahi dira, eta energia positiboko auzo baten aldeko urratsak eman.
Bestalde, Arrosadiko energia-komunitatea, Milagrosa-Arrosadia, Santa Maria la Real, Azpilagaña eta Lezkairu auzoak hartuko dituena, parte hartzeko prozesu bete-betean dago. Azken ekintza gisa, auzoko energia-azpiegiturak bisitatu zituzten, besteak beste, Arrosadiko kiroldegiko eguzki-instalazio fotovoltaikoa (EIF) eta kiroldegiko aparkalekuaren aurrealdeko ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak.