
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du aurtengo sanferminetarako aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen Ordenantzaren aldaketa. Iruñeko aparkaleku-plazak eremu laranjakoak izanen dira aurten ere uztailaren 5etik 14ra, biak barne, eguneko 24 orduetan. Berritasun gisa, Arrotxapeko Domingotarren kirol anitzeko pistan jarriko dituzte 1. sektoreko bizilagunendako aparkaleku-plazak.
Iruñeko Udalaren eta Domingotarren Hezkuntza Pribatuko Fundazioaren arteko hitzarmeneko klausuletako bati jarraikiz, Arga Ibaiaren kalean dagoen kirol anitzeko pista ibilgailuen aparkaleku gisa edo Udalak egoki iritzitako beste erabilera batzuetarako baliatuko dute sanferminetan. Iruñeko Udalak beharrezkotzat jotzen du aurten kirol anitzeko pista aparkaleku bihurtzea, baita 1. sektoreko bizilagunendako aparkaleku-plazak sortzea ere; izan ere, Alde Zaharrean aparkaleku-plaza gutxiago egoten dira sanferminetan.
2025eko uztailaren 5etik 14ra, biak barne, 2. sektoreko tarte batean, zehazki Nafarroa Behereko etorbidea, Oliveto Kondearen etorbidea, Armada etorbidea eta Pío XII.aren etorbidearen eta 1. sektoreko mugaren artean gelditzen den eremuan, 1. eta 2. sektoreko bizilagun-txartela dutenek soilik aparkatzen ahalko dute. Larraina elkartearen ondoko eremuan, berriz, soilik 1., 2. eta 6. sektoreetako bizilagunek aparkatzen ahalko dute. Halaber, Gaseko eskorten ondoko aparkalekua soilik 1. eta 8. sektoretako bizilagun-txartela dutenek erabiltzen ahalko dute.
2025eko uztailaren 5etik 14ra, biak barne, aurretik aipatutako mugen parte ez den 2. sektoreko zatia eta 3., 4., 5., 6., 7., 8., 9. eta 10. sektoreak eremu laranjakoak izanen dira eguneko hogeita lau orduetan. Beste aparkaleku hauek ez dira eremu laranjakoak izanen: Kaiko kaleko (9. sektorea) egonaldi luzeko aparkalekuak urtean zehar duen erregulazio bera izanen du; Renfe tren-geltokiko aparkatze-eremua gorria izanen da, urte osoan bezala, eta San José udal-hilerriko eremuan, lehendabiziko ordua doan izanen da, orain arte bezala, eta gainontzekoetan laranja, eguneko 24 orduetan.
Uztailaren 15etik aurrera, aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak eta sektoreak normaltasunera itzuliko dira: ohiko koloreak berreskuratuko dituzte (berdea, urdina, laranja, gorria eta gorri/berdea), baita ohiko ordutegiak eta aparkatzeko baimendutako gehieneko denbora ere.