Arrotxapean eginen dute 2025eko lehen auzo-eztabaidagunea, datorren ostegunean, eta bikoitza izanen da gainera: bata helduendako eta bestea 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako

Arrotxapean eginen dute 2025eko lehen auzo-eztabaidagunea, datorren ostegunean, eta bikoitza izanen da gainera: bata helduendako eta bestea 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako
Zabaldu dute hurrengo auzo-eztabaidagunerako proposamenak eta iradokizunak aurkezteko epea: Sanduzelain eginen dute, datorren astean, San Jorge ikastetxean

foro de barrio rochapea


Arrotxapeko auzo-eztabaidaguneak emanen dio hasiera 2025eko auzo-eztabaidaguneen errondari, datorren ostegunean. 18:30ean izanen da, Juslarrocha Civivoxean, eta haurrendako eztabaidagune bat ere eginen dute ordu berean, Arrotxapeko ikastetxe publikoan. Endika Alonso Irisarri auzoko zinegotziak zuzenduko du eztabaidagune nagusia, Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak lagunduta. Zuzenean ikusten ahalko da ‘Participa Pamplona’ Youtubeko kanalean.

Auzo-eztabaidaguneetan entzumen urritasuna dutenendako irisgarritasuna bermatzen da: horretarako, keinu hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dituzte. Hala, entzumen urritasuna dutenek ere aukera izanen dute eztabaidagunera joan eta modu aktiboan parte hartzeko.

Arrotxapeko auzo-eztabaidagunea elkargune bat da: auzoko bizilagunak eta Udala elkartuko dira zenbait zerbitzuren berri jakiteko (hala nola Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa eta Gaztediaren Etxea) eta auzoan egiten diren proiektu komunitario batzuk ezagutarazteko. Auzorako eta aurkezten diren proiektuetarako proposamenak ere landuko dituzte, eztabaidarako eta elkarrizketarako guneak sortzen baitira denon artean irtenbideak bilatzeko.

Auzo-eztabaidaguneen bederatzigarren erronda berezia izanen da; izan ere, hainbat jarduera eginen dituzte eztabaidagunearen aitzakian: Iruña Markaren erakusketa ibiltaria egonen da ikusgai Juslarrocha Civivoxean aste osoan, eta aurten egitekoak diren udal-egitasmoak ere erakutsiko dira; atzo, asteartea, ibilalditxo bat egin zuten auzoan barrena, eta gaur arratsaldean Alaikapela Abesbatzaren gospel kontzertua izanen da Juslarrocha Civivoxean, 19:00etan.

Hurrengo elkarretaratzea, Sanduzelain
Sanduzelaik hartuko du hurrengo auzo-eztabaidagunea, urtarrilaren 30ean, ostegunarekin, eta dagoeneko zabaldu dute herritarrek ekarpenak, galderak eta iradokizunak egin ahal izateko epea: urtarrilaren 27ra arte egonen da zabalik, astelehena, eta modu telematikoan aurkeztu beharko da aurkeztu beharrekoa, Erabaki Iruña webgunearen bidez edo foros@pamplona.es helbidera idatzita. Argibide gehiago nahi izanez gero, deitu Zentro elkarlanerako gunearen telefonora: 948 420 266. 

Auzo-eztabaidagunearekin batera, Hiri Markaren erakusketa ere Sanduzelaira aldatuko da, eta Udalak 2025erako prestatutako beste egitasmo batzuk ere izanen dira auzoan urtarrilaren 27tik 31ra, Sanduzelaiko Civivoxean. Arrotxapean bezalaxe, Sanduzelain ere paseoa eginen dute auzoan barna urtarrilaren 28an, asteartearekin, 17:00etan: San Jorge ikastetxeko patiotik abiatuko dira (Juaristi Doktorearen kalea), eta Erraldoien Konpartsaren lokaleraino joanen dira (Sandua pasealekua, 50). Ibilaldi horretan parte hartzekoak dira Borja Izaguirre Larrañaga auzoko zinegotzia, Komunitate Polizia, udal-teknikariak, San Jorge IP-ko zuzendaritza eta Sanduzelaiko Erraldoien konpartsako kideak. Hilaren 29an, asteazkenarekin, kultur jarduera bat eginen dute Gortari Doktorearen plazan, 18:00etan: saltsa dantzatzeko saio sozial bat, Salseando San Jorge taldearekin. 

Auzo-eztabaidagunean izanen dira Borja Izaguirre Larrañaga auzoko zinegotzia, Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzia eta udal-teknikariak, eta udalaren zerbitzu batzuk aurkeztuko dituzte: Plaza On (Iruñeko boluntarioen sarea), Komunitate-bitartekaritzako Bulegoa eta Gaztediaren Etxea. Auzoko proiektu komunitarioak ere aurkeztuko dira bilkuran: Talde Feminista, Komuna Baratza eta Auzo Kontseilua.

Haurrendako eztabaidagunea eta eztabaidagune nagusia ordu eta toki berean izanen dira: 18:30ean, San Jorge ikastetxean. Eztabaidagune nagusiaren amaieran, Haurrendako eztabaidagunean ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte, eta hala, haien ikuspegia ere aintzat hartuko da auzoari eragiten dioten erabakiak hartzeko orduan. Haurren ahotsa entzunen dute beraz, eta adin guztietako bizilagunek aukera izanen dute gazteenen hausnarketen eta ekarpenen berri izateko.
 


ARROTXAPEKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA

•    Urtarrilak 20 – 26:
Erakusketa ibiltaria. Iruña Marka eta udal-egitasmoak. Juslarrocha Civivoxean

•    Urtarrilak 22, asteazkena:
Alaikapela Abesbatzaren gospel kontzertua. 19:00etan, Juslarrocha Civivoxean

•    Urtarrilak 23, osteguna:
Auzo-eztabaidagunea. 18:30ean. Juslarrocha Civivoxean.
Haurrendako eztabaidagunea 18:30ean. Arrotxapeko ikastetxean

 

HURRENGO AUZO-EZTABAIDAGUNEA, SANDUZELAIN

    Urtarrilak 27 – 31:
Erakusketa ibiltaria. Iruña Marka eta udal-egitasmoak. Sanduzelaiko Civixoxean

•    Urtarrilak 28, asteartea:
Paseoa auzoan barna. 17:00etan, San Jorge ikastetxeko patiotik (Juaristi Doktorearen kalea) Erraldoien Konpartsaren lokaleraino (Sandua pasealekua, 50).

•    Urtarrilak 29, asteazkena:
Saltsa-saio soziala  – Salseando San Jorge. 18:00etan, Gortari Doktorearen plazan.

•    Urtarrilak 30, osteguna:
Auzo-eztabaidagunea: 18:30ean. San Jorge ikastetxean.
Haurrendako eztabaidagunea: 18:30ean. San Jorge ikastetxean.

 

¿Te ha sido útil esta página?