Arrotxapeak berdegunea, lorategiak eta zuhaitzak nagusi izanen dituen plaza publiko berri bat izanen du Matesa-IWER eraikinaren fatxadaren ondoan. Tokiko Gobernu Batzarrak hasiera batez onetsi du eremu hori urbanizatzeko proiektua; espazioak oihal-fabrika zaharraren eraikin enblematikoari erantsita dauden lau industria-nabe hartzen ditu gaur egun. Akordio horren arabera, hiru nabe guztiz eraitsi behar dira, eta laugarrenaren zati bat, herritarrendako lekua irabazteko. Hain zuzen ere, eremu horren diseinu berriak Udalak irekitako parte-hartze prozesu baten ondoren bizilagunek eginiko eskaerei erantzuten die. Gainera, jarduketak Artika kaleko espaloia egokitzea ere barne hartzen du, gaur egun ez baititu behar diren neurriak betetzen oinezkoen joan-etorri egokia bermatzeko.
Eremu publiko berri horrek 6.375 metro koadro hartuko ditu Marcelo Celayeta, Barkazio Gurutzeko eta Artika kaleen artean, eta zuhaiztiaz eta lorategiez gain, hiri-altzariz hornitutako egoteko gune bat izanen du, eta pergolaz estalitako jolasgune bat. Haurrendako guneak zoru indargetua eta hainbat joko izanen ditu, dagozkion segurtasun-neurriekin. Zoladuran txertatutako ur-zurrusta batzuez osatutako iturri apaingarri bat ere diseinatu da. Ur-kontsumoa murrizteko, iturriak zirkuitu itxian funtzionatzea aurreikusten da. Horrela, behin abian jarrita, galdu edo lurrundu den ura besterik ez da gehitu beharko. Iturria egoteko gunean egonen da, Iwer eraikinaren bi hegal nagusien artean, 11,40 metroko zabalerako koadro batean. Iturri apaingarriak hamar ur-zurrusta bertikal izanen ditu, eta bi metroko altueran jaurtiko dute ura. Gainera, modu independentean egin ahal izanen dituzte uraren agertze-, desagertze-, aldizkakotasun- eta alternantzia-mugimenduak, eta hiru altueratan bidali ahal izanen dute ura.
Diseinu berri hori guztia hainbat partaidetza-saioren emaitza da, auzokideek eremu horretarako zenbait alternatiba proposatu baitzituzten saio horietan. Izan ere, 2002ko hasierako proiektuan erabat zolatutako plaza bat aurreikusten zen. Auzoa energia positiboko barruti berde bihurtzea aurreikusten duen oPEN Lab proiektua baliatuz, zeinak IWER eraikina birgaitzea ere barne hartzen baitu, Iruñeko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta AH Asociadosek (oPEN Lab proiektuko bazkideak dira, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala-CENER eta Obenasarekin batera), herritarren kontsulta eta elkarrizketarako gune hori bultzatu zituzten espazioa berriz diseinatzeko.
Hasiera batez onetsi den proiektu berri hau AH Asociados enpresak egin du, eta 3.199.484,14 euroko kostua izanen du (BEZa kanpo). Obras Especiales Edificación e Infraestructuras (Obenasa) enpresak eginen ditu obrak, lurren jabeen enkarguz. Iruñeko Udala espazio publiko horren diseinua onartzeaz eta obrak gainbegiratzeaz arduratuko da.
Lan horietan sartzen da, halaber, Matesa-IWERen lursailekin muga egiten duen eta gaur egun 50 zentimetroko zabalera baino ez duen Artika kaleko espaloia berrurbanizatzea. Proiektuak eremu hori berriz diseinatzea aurreikusten du, espaloia eraikinetik hurbilen dagoen zatira eramanez, lurzatiaren perimetroko itxituraren beste aldean. Hasiera batean, lorategi-eremua eta horma horretako adreiluzko zutabeak bere horretan uztea aurreikusten da, baina ez horien arteko harlanduzko itxitura, hartara oinezkoen zirkulazioari iragazkortasun handiagoa emateko. Egungo espaloia, irisgarria izateko gutxieneko zabalerak betetzen ez duenez, lorategi-eremu bihurtuko da. Gainera, oinezkoendako pasabide berriak eginen dira kalean.
Proiektuak 13.300 metro koadro inguruko azalera hartzen du, plaza publikoa eta Artika kaleko oinezkoendako pasealekua barne. Behin betiko onetsi aurretik, jendaurrean jarriko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 20 eguneko epean.