Arrotxapeak badu bidegorriaren ipar-hego ardatz bat, hiriaren erdigunea eta udal-mugartearen muga lotzen dituena Bernardino Tirapu kalean zehar

Arrotxapeak badu bidegorriaren ipar-hego ardatz bat, hiriaren erdigunea eta udal-mugartearen muga lotzen dituena Bernardino Tirapu kalean zehar
Amaitu dira iparraldeko zonaldean Marcelo Celayeta etorbidetik bidegorri berri bat sortzeko lanak eta hegoaldeko zonaldean dagoen tartea hobetzekoak

 

 

Iruñeko Udalak Arrotxapeko Bernardino Tirapu kaleko bidegorriaren trazadura osatu du, hala, kale guztia igarotzen duen ibilbidea amaitzeko, auzoa bizikletaz ibiltzeko ipar-hego ardatz batekin egituratuz, hiriaren erdigunetik udal-mugartearen mugaraino. Gainera, dagoen bidegorria hobetu da eta Orontze kalearen eta Anelier pasealekuaren artean oinezkoendako beste pasabide bat eraiki da, auzoko bizilagunek asko eskatutako zuzkidura.

Jarduketa horrekin bizikletetarako zeharkako ardatz bat osatu da Arrotxapea auzoan, izan ere, orain arte bidegorria Marcelo Celayeta etorbidearen bidegurutzean bukatzen zen. Trazadura Armendáriz Erregeordearen plazaraino luzatuz lortu da, non udal-mugartearen muga baitago, eta, gainera, bertatik Eurovelo 1 nazioarteko bizikleta-ibilbidea igarotzen da, azpiegitura horrekin lotzen dena, hiriaren erdialderainoko sarbide zuzena emanez. Tarte berri horretan bi noranzkoko bidegorri berri bat ezarri da neurri estandarrekin (2,50 metro gehi 0,90 edo 0,50 metroko babesa, baldin eta ondoan aparkalekua dagoen ala ez), iparreko noranzkoan eskuin aldetik igarotzen dena. Trazadura berriak berekin ekarri du Marcelo Celayeta eta Sueca Hiriaren kaleen arteko tartean zeuden erreietako bat desagertzea eta baterian aparkatzeko tokiak luzetara aparkatzeko toki bilakatzea.

Jarduketak, halaber, Bernardino Tirapu kalearen hegoaldeko zonaldean zegoen bidegorria hobetzea ekarri du, Marcelo Celayeta etorbidearen bidegurutzetik, non erreiaren zabalera handitu baita neurri estandarretara egokitu arte, tarte horretako segurtasuna nabarmen hobetuta. Orain arte bi metroko zabalera eta babes-banda eskasa zituen, eta horri egun hiriko bidegorri guztietan jartzen ari diren elementuak gehitu zaizkio. Gainera, Marcelo Celayeta etorbidera bitarte dauden ziklistendako bidegurutzeak gorriz margotu dira, hartara, segurtasun-baldintzak indartuz. Bidegurutze horretatik bidegorrira bitarte dauden ziklistendako pasabideak kolore berez margotuko dira datorren urteko udaberrian, izan ere egungo eguraldiak ez du esku-hartzea ahalbidetzen.

Arrotxapeko bizikleta-ardatz berria osatzeko lanak irailaren hasieran abiatu ziren eta azaroan amaitu dira. Azken helburua zen Bernardino Tirapu kalean ziklisten, oinezkoen eta Iruñerriko Hiri Garraioaren baldintzak hobetzea eta zirkulazioa baretzea. Proiektu hau ‘GoGreen Iruña’ Estrategiaren barruan kokatzen da, hiriak klima-aldaketaren kontra borrokatzeko egiten dituen jarduketa guztiak barne hartzen dituena. Lanen kostua 190.000 euro izan da eta Urbanismo Táctico ABEEk gauzatu du, Udalak obra mota horiek gauzatzeko onetsitako esparru-akordioaren bitartez.

Oinezkoendako pasabide berria Anelier pasealekura heltzeko eta hobekuntzak ikastetxearen ondoko pasabidean

Jarduketaren beste berrikuntzetako bat Orontze kalearen bidegurutzearen eta Anelier pasealekuaren artean eraikitako oinezkoendako pasabide berria da. Horrela auzoaren eskari bat asetu da, eta segurtasuna emanen dio orain arte horretarako egokituta ez zegoen arren, Anelier pasealekurako ibilbidea murrizten duen eremu batetik gurutzatzeko ohitura finkatuari. Oinezkoendako pasabide berri honek eskatu du, alde batetik, Bernardino Tirapu kaleko tarte batean ezkerreko espaloia handitzea, iparreko noranzkoan, eta bestetik, oinezkoendako aterpe bat eraikitzea erdiko erdibitzailean. Halaber, iparreko noranzkoko ezkerreko ertzeko galtzada igo da erdibitzailean dagoen kotaren aldea murrizteko. Era berean, oinezkoendako pasabide berri horrek gurutzatzen duten oinezkoen ikusgaitasuna eta segurtasuna hobetzen duten berariazko luminariak ditu.

Halaber, La Compasión-Escolapios ikastetxearen ondoko oinezkoen pasabidea zabaldu da Maiteminduen pasealekuaren bi aldeetako joan-etorriak zuzenagoak egiteko eta hiriko eremu horretan eskola-ingurune segurua eraikitzeko helburuz. Gainera, ezkerraldeko ibia aparkaleku-lerroraino zabaldu da, eta semaforo-zutabeak posizio berrietara atzera eraman dira. Azkenik, bidegorria handitzeak edo eraikuntza berri horrek ukitu dituen oinezkoen pasabideak aurreratu egin dira aparkaleku-lerro berriraino.

Esku-hartze horren ondorioz, halaber, Marcelo Celayeta etorbidearen eta Bernardino Tirapu kalearen arteko bidegurutzeko semaforoen instalazioa aldatu da, txirrindulari eta oinezkoen segurtasuna hobetzen duten elementu berriak martxan jarrita. Aldi berean, Bernardino Tirapu kaleko hegoaldeko zonaldean dagoen bizikleta-espaloia hobetu da, Arga ibaiaren kaleko bidegurutzearen eta Otxagabia kalearekiko elkargunearen artean. Tarte horretan seinaleztapen horizontala berritu eta aldatu da irizpide gaurkotuenetara egokituz.

Hobekuntzak ere Iruñerriko hiri garraioaren geralekuetan

Bernardino Tirapu kaleko esku-hartzeak berekin ekarri du ere villavesetara sartzeko plataforma berriak eraikitzea bidegorria duen kaleko aldean dauden Iruñerriko hiri garraioaren bi geralekuetan. Plataforma horiei esker, zirkulazio-erreian bertan geratuko da, horrek dakartzan abantailekin, hau da, eragiten dien lineen abiadura komertziala handitzea eta gainontzeko trafikoaren abiaduraren murriztea. Marcelo Celayetako bidegurutzea zeharkatu ondoren iparraldeko eremuan dagoen geralekuari dagokionez, metro batzuk aurreratuko da, espaloi berean, orain arte zamalanetarako gune bat zena okupatuta.

Dagoen bidegorriaren zabalera handitzeak, bidegorri berria eraikitzeak, oinezkoen pasabide berriak eta Iruñerriko hiri garraioko geralekuetako aldaketek ibilgailu motordunendako erreien zabalera murriztea ekarri dute, eta hortaz, Bernardino Tirapu kaletik igarotzen diren ibilgailuen abiadura ere. Gainera, jarduketa horiek berekin ekarri dute euri-urak biltzeko sistema berriak eraikitzea beharrezkoa izan den puntuetan.

¿Te ha sido útil esta página?