Arrosadia-Milagrosan, Mendillorrin eta Lezkairun ere kirol- eta gizarte-errezeten programa izanen dute aurrerantzean: Iruñeko bederatzi auzotan dago jada

Arrosadia-Milagrosan, Mendillorrin eta Lezkairun ere kirol- eta gizarte-errezeten programa izanen dute aurrerantzean: Iruñeko bederatzi auzotan dago jada
Norbanako bakoitzarendako berariaz egokitutako jarraibideak ematen ditu errezetak, bai kirola eta bai beste jarduera sozial batzuk egiteko, eta adinekoei zuzenduta dago, osasun-arazo jakin batzuk dituztenei nagusiki; zerbitzu soziosanitarioetako langile publikoek egin behar dute errezeta
Irudia
Irudia
Irudia

“Citius, Longaevus, Fortius” kirol- eta gizarte-errezetako udal-programak bizimodu aktiboa eta soziala sustatzen du, gaixotasunak moteldu eta eragiten dituzten sintomak arintzeko; Iruñeko auzo batzuetan jarri dute martxan programa, eta orain beste hiru auzok egin dute bat egitasmoarekin. Izan ere, Milagrosa-Arrosadian, Mendillorrin eta Lezkairun ekainetik aurrera jarriko dute abian programa, eta dagoeneko finkatuta dago beste auzo hauetan: Iturraman, Txantrean, II. Zabalgunean, Etxabakoitzen, Azpilagañan eta Donibanen. 

“Citius, Longaevus, Fortius” programaren bidez, Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin eta Iruñeko Udalarekin lotutako baliabide multiprofesionalak koordinatzen dira, eta horri esker, hiriko osasun-zentro publikoetan hasi eta bukatzen diren preskripzio-prozesuak garatzen ahal dira, herritarren osasuna babesteko baliabide komunitarioak oinarri hartuta. 

Hiru auzo horiek kontuan hartuta, bederatzi auzok egin dute bat programarekin. Maider Beloki Unzu Kulturako Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu programaren berritasunak, Susana Miranda Alcoz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lehen Mailako Arretako gerentearekin batera. Halaber, aurkezpenean parte hartu dute Daniel Martínez Aguado Udaleko Kirol-teknikariak eta proiektuarekin bat egin duten osasun-zentroetako ordezkariek. Zehazki, hauek izan dira aurkezpenean: Edurne Naserova Pascal Chahuan Mendillorriko Osasun-zentroko Lehen Arretako eta Arreta Komunitarioko medikua eta Leyre Fernández Ibáñez Milagrosa-Arrosadiko osasun-zentroko gizarte-langilea. 

“Citius, Longaevus, Fortius” udal-programa ariketa fisikoa eta kirol terapeutikoak eta beste jarduera sozial batzuk preskribatzen dituen zerbitzu bat da, eta osasun- eta gizarte-beharrak dituztenei zuzenduta dago.  50 urtetik gorakoei zuzenduta dago, baina 65 urtetik gorakoek parte hartu ohi dute. Egitasmoaren helburu nagusia da gizarte- eta osasun-arazoei aurre egitea, hau da, nahi ez den bakardadeari, hauskortasunari, sedentarismoari eta jarduera fisikorik ezari.

Programaren parte izateko, baldintza hauek bete behar dira: gutxieneko adina izatea (50 urte), hirian erroldatuta egotea, aipatutako gizarte- eta osasun-arazoak izatea, edo programarekin bat egin duten osasun-zentroen parte izatea, besteak beste. Osasun-zentroetako osasun-langileek (batez ere erizainek, familia-medikuek eta gizarte-langileek) aginduko dituzte errezetak.  Ondoren, Iruñeko Udalak kontratatutako langileek eginen diete harrera osasun-zentroetatik datozenei. Hasierako ebaluazioan kontraindikazioak atzematen saiatuko dira, eta pazienteek behar duten preskripzioa aurreikusiko dute; halaber, jarduerak egiteko jarraibideak eskaini eta jarduera horiek gainbegiratuko dituzte 6 eta 9 hilabete bitarteko denbora-tartean. Kirol- eta gizarte-errezetari esker, parte-hartzaileek egin beharko lituzketen kirol- eta gizarte-jarduerei buruzko jarraibideak jasoko dituzte, sendagai baten jarraibideak balira bezala; hala, egoera fisikoa eta psikikoa hobetuko dute, banakako jarraibideak, testak, elkarrizketak eta jarduera mordo bat egiteari esker, ebaluazioa egin eta egoera kontrolatzen baita.

Bostehun errezeta baino gehiago eman dira dagoeneko
Orain arte 573 kirol- eta gizarte-errezeta eman dituzte. Errezetek hainbat ekintza barne hartzen dituzte, ohiturak aldatu eta paziente bakoitzean aldaketa orokorrak lortzea helburu. Hori dela eta, preskripzioa onuradunen eta haien adinaren arabera egiten da. 

Preskripzioetako kirol eta aisialdirako aukerak eskaintzeko, programaren parte diren 15 proiektu eta egitasmo hartzen dira kontuan: gorputz- eta kirol-hezitzailea eta -kudeatzailea kontratatzea; Minutuak zure Kontagailurako proiektua; 50 urtetik gorakoendako yoga; Efektu terapeutikoa indartzeko gimnasia aerobiko modernoa; Martxan proiektua; Hiri-gimnasioen dinamizazioa; Solera fundazioak antolatutako jarduerak; banakako argibideak Arantzadiko eta Sanduzelaiko Udal Kirolguneetako muskulazio-geletan; bideojoko aktiboen saioak; La Caixa fundazioaren Beti norbaitekin programa; Mugi zaitez udan proiektua; Adinekoen sareak; kirol- eta gizarte-jarduerak Civivox zentroetan; bideratutako jardueretako tokiak Etxabakoitz KKE zentroan eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren Convive Zentroetan. 

Orain arte eman diren errezeten % 73,5 emakumezkoendako izan dira, eta % 26,5, gizonendako. Horietatik % 59,5 erabilgarri daude gaur egun. % 40,5 ez daude erabilgarri, eta errezeta horietatik % 30,6 programaren helburuak bete eta osasuna biziki hobetzea lortu duten pazienteenak dira; izan ere, pertsona horiek ez zuten jarduera fisikorik egiten, eta hauskortasunarekin eta nahi ez den bakardadearekin lotutako arazoak zituzten. Parte-hartzaileen batez besteko adina 73,78 da.

Udarako proposamen berri bat kirol- eta gizarte errezeten onuradunendako
Udara begira, Iruñeko Udalak Mugi zaitez udan kirol-proiektua jarri du abian: kirol- eta gizarte-errezeta dutenei dago zuzenduta. Jarduera-multzo bat barne hartzen du proiektuak: hiri-gimnasioetan saioak egitea, ibilaldi freskoak, ibilketa nordikoa eta bideojoko aktiboen saioak, besteak beste. 
Proposamena eta jardueren egutegia kirol- eta gizarte-errezeten programarekin bat egin duten auzoen arabera moldatuko da. Informazio guztia udal-webgunean kontsultatzen ahal da, Helduen eta adinekoen atalean: “Kirol terapeutikoa / Mugi zaitez udan proiektua” azpiatalean dago. 

Gogobetetze-maila altua
2024. urtea bukatu eta gero jasotako balorazio-datuen arabera, jarduera fisikorik egiten ez zutenen % 79,56k hobera egin du programari esker. Nahi ez den bakardadea zutenen kasuan, % 58,39k hobera egin du. Hauxe da gogobetetze-maila: 7 puntutik 6,8. Programa aurkezteko bi kongresu eman dituzte azken hilabetean, bata Lleidan eta bestea Kanaria Handian.

Programan gorputz-hezkuntzako lau langilek hartzen dute parte, eta guztiak dira elkargoko kide; halaber, 140 langile gehiagok hartzen dute parte, bai osasun-zentroetakoak eta bai beste esparru batzuetakoak: hala nola erizainak, gizarte-langileak, familia-medikuak, hainbat jardueratan irakasle ari diren teknikariak, Beti norbaitekin programako langileak, Convive Zentroetakoak eta Solera Fundaziokoak, hainbat alorretako udal-teknikariak eta SEDENA enpresako langileak.

¿Te ha sido útil esta página?