Bihar, urtarrilak 22, 2026ko lehen auzo-foroa eginen da Hegoalde Ikastolan. 18:30ean, Arrosadiko eta Santa María la Realeko baliabide komunitarioen sareko auzotar, elkarte, erakunde eta programak bilduko dira auzo horien egoera eta hobetze aldera egiten ahal diren jarduketak aztertzeko. Gainera, aurreikuspenen arabera, udal-zerbitzuetako kideek– Emakumeen Etxekoek eta ZENTRO elkarlanerako gunekoek– ere parte hartuko dute. Bertan izanen dira, halaber, Joxe Martín Abaurrea San Juan auzoko zinegotzia eta Aitziber Campión Gamboa Herritarren Partaidetzako zinegotzi ordezkaria. Aurrez, haurrendako foroa eginen da.
Saioa, gutxi gorabehera ordu eta erdikoa, entzuteko arazoak edo desgaitasunak dituztenendako irisgarria izanen da: zeinu-hizkuntzako interprete bat, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa izanen dituzte. Foroan aurrez aurre parte hartu ezin dutenek streaming bidez ikusten ahalko dute saioa https://www.pamplona.es/eu webgunean.
Atzo, asteartearekin, auzoan barnako ibilaldia egin zen. Taldeak, ordezkari politikoz eta teknikariz osatua, auzoaren gizarte- eta hirigintza-bilakaera berrikusi zuen Felisa Munárriz plazan, eta bertatik bertara ezagutu zuen Udaltzaingoaren Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoaren funtzionamendua, hiri-baratze komunitarioaren kudeaketa eta Santa María la Realeko zentro komunitarioak eskaintzen dituen guneak, zerbitzuak eta programak. Astean zehar, auzo-foroarekin lotutako erakusketa bat ikusgai jarriko da Arrosadiko Civivoxean: 14 argazki dira, eta Garapenerako Lankidetzaren Udal Programaren 30 urteko lana laburbiltzea dute helburu.
Ermitagaña-Mendebaldeako Auzo-fororako ekarpenak
Auzo-foroak partaidetza deszentralizatua sustatzeko lurralde-organoak dira, eta hurbiltasunez eztabaidatzeko gune komunitario izateko helburua dute, hiriko auzoen bizi-kalitatea hobetzeko xedez, betiere erantzukidetasuna ardatz hartuta. Egutegia onetsita dago dagoeneko, eta maiatzean osatuko dira 15 auzo-foroak.
Hurrengo foroa datorren astean, urtarrilaren 29an, eginen da Intermezzo kafetegi zaharrean (Musikaren Hirian, kontserbatorioen aurrean). Ermitagaña eta Mendebaldeak hartuko dute parte saioan.
Dagoeneko zabalik dago saio horretarako ekarpenak eta galderak online aurkezteko epea foros@pamplona.es helbide elektronikora mezua bidalita eta https://decide.pamplona.es/?locale=eu webgunearen bidez.
Astean zehar eginen diren beste jarduerei dagokienez, erakusketa Nafarroako Liburutegi Nagusian jarriko da ikusgai, eta auzoan barnako ibilaldia urtarrilaren 27an (asteartea) eginen da, 17:00etatik aurrera. Ibilaldia Ermitagañako azokan hasi eta Loraldea baratze komunitarioan bukatuko da. Hauek izanen dira geldialdietako batzuk: Convive Erymen zentroa (Francisco Alesón zeharkalea z.g.); Bartolomé de Carranza kaleko horma-irudia eta baso autoktonoan garatzen ari den proiektua.
HURRENGO AUZO-FOROAK
- Arrosadia-Santa María La Real: Urtarrilak 22. 18:30
- Ermitagaña-Mendebaldea: Urtarrilak 29. 18:30. Intermezzo kafetegia (Musikaren Hiria)