Arrosadia, auzoan ezin hobe proiektuaren ardatzetako bat da Guelbenzu zinema eraldatzea: dimentsio anitzeko estrategia berritzaile bat da proiektua, eta helburu du Arrosadian ikusten dituzten erronka guztiei osoki erantzutea. Urteak dira eraikina itxita dagoela, baina iragan larunbatean zabaldu egin zuten ordu pare batez, parte hartzeko prozesuaren saio bat egiteko. Eraikinaren inguruan hausnartu zuten: eraikinaren etorkizunaz, duen garrantziaz, gainditu beharreko erronkez eta berriz auzoko gune nagusi bilakatzeko eraz.
Hirigintza Gerentzia eta Batzordea eraikinean izan dira gaur, parte hartzeko prozesuaren nondik norakoen berri jakiteko eta eraikina barrutik nola dagoen ikusteko; izan ere, larunbatean parte hartzeko saio bat egin zuten, eta barnealdea moldatu zuten horretarako, hizpide zuten tokian in situ izan zedin lantegia. Parte hartzeko prozesua azken fasean da: hilabete baino gehiago daramate bilerak, parte hartzeko saioak eta proposamenen bilketa egiten. Oraindik ere aurkezten ahal dira proposamenak Erabaki Iruña plataforman. Europako laguntzen deialdi batera aurkeztu dute Arrosadia, auzoan ezin hobe proiektua, eta hainbat babesle ditu: Iruñeko Udala, Pamplona Centro Histórico - Iruña Biziberritzen SA sozietate publikoa, Arrosadiko Bulego Berdea eta Paisaje Transversal enpresa (laguntza teknikoa ematen du).
Eraikinak 1.570,80 m2 hartzen ditu, eta honela banatuta dago: sotoa, beheko solairua eta lehen solairua. Sotoak 284,70 m2 ditu, eta zerbitzuendako eta biltegi gisa erabili izan da. Beheko solairuak 1.119,40 m2 ditu, honela banatuta: sarrera, taberna, atondoa, txartel-leihatila, komunak, kutxa eszenikoa, beste solairuetarako igarobideak eta areto osagarriak. Azkenik, lehen solairuak 166,79 m2 ditu, eta areto osagarriek osatzen dute, hala nola proiekziorako aretoak: zinemako antzinako bobinak daude oraindik ere hor. Nabarmentzekoa da halaber barnealdearen eta eraikina inguratzen duen espazio publikoaren arteko lotura. Gaur egun, zinemarako sarrerak aterpe bat dauka, eta oinezkoendako gune batean dago: Manuel de Falla eta Juan María Guelbenzu kaleek eta Mochuelo plazak bat egiten duten tokian.
Zinemaren barnealdea egokitzea
Iragan larunbateko saioa ahalik eta ondoen joan zedin, Pamplona Centro Histórico - Iruña Biziberritzen SA sozietateko eta Arrosadiko Bulego Berdeko kideek Guelbenzu zinemen barnealdea egokitu zuten parte-hartzaileak ahalik eta erosoen egon zitezen. Sarrera, atondoa eta kutxa eszenikoa mugatu egin dituzte, segurtasuna bermatzeko. Izan ere, bigarren solairua eta leihatilen eremua itxita dauzkate, ez baitaude erabilgarri.
Hogei urte baino gehiago egon denez itxita, maiatzaren 10erako goitik behera garbitu zuten eraikina, eta besaulki-patioa erabilgarri jarri zuten: lehen zeuden 800 eserlekuetatik 250 jarri zituzten, parte-hartzaileak eser zitezen. Eraikinak ez dauka argirik, eta beraz, zenbait foku eta ekipo elektrogeno jarri zituzten eremua argiztatzeko, agertokia nagusiki. Iruñeko Udalak mahaiak, aulkiak eta hesiak utzi zizkien barnealdea egokitu eta irisgarritasuna hobetzeko.
Parte hartzeko saioa
Ehun lagun inguru joan ziren iragan larunbateko bisita gidatura. Zinemaren eraikina erakutsi zuten, hori baitzen Arrosadia, auzoan ezin hobe proiektuaren parte hartzeko prozesuan egitekoak ziren ekintzetako bat. Lehenik eta behin, Uxua Domblás Ibáñez Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zuzendariak proiektua aurkeztu zuen, eta gero, parte-hartzaileak hiru taldetan bildu ziren hainbat kontu eztabaidatzeko, eta taldeak aldatuz joan ziren txandaka: programa, eraikinaren erabilera eta kudeaketa, arkitektura, identitatea eta memoria izan zituzten hizpide.
Eraikinak auzoko ekipamenduetan zer eginkizun izan dezakeen landu zuten talde horietan. Elkar ezagutzeko gune bat izan daiteke, moldakorra eta erabilera anitzekoa; proposamen kulturalak eta hezkuntzakoak hartzen ahalko lituzke, edo liburutegia bestela, larunbatean azaldu zutenez. Barnealdea eta kanpoaldea biak eraldatzeko aukerak aztertu zituzten, hala nola berdeguneak jartzea. Halaber, garai bateko oroitzapenak ere kontatu zituzten, zinema zenekoak (1982ra arte) eta gune artistiko eta kulturgune izan zenekoak.
Hemendik aitzina, parte hartzeko prozesuaren ondorioak aurkeztu eta lehentasunak ezartzeko saio bat eginen dute datozen asteetan, eta bildutako proposamenak aztertu eta eraikinaren etorkizunarendako egokienak direnak hautatuko dituzte. Ekainean oinarrien dokumentua aurkeztuko diete herritarrei, parte hartzeko prozesuaren ondorioak ez ezik aurrediseinuaren proposamen bat aurkezteko: Auzoan ezin hobe proiektuan ezarri beharreko irizpideak bilduko dituzte proposamen horretan.
‘Auzoan ezin hobe’
Auzoan ezin hobe proiektuaren barruan eraldatuko dute Guelbenzu zinemaren eraikina, eta Iruñeko Udalak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) laguntza-deialdira aurkeztu du proiektua, Arrosadiko Ekintza Plan Integratuaren barruan. Laguntza horiek Bertako Garapen Integratuko Estrategietarako ematen dituzte. Auzoan ezin hobe proiektua gauzatzeko, 10,8 milioi euroko inbertsioa egin beharko da, eta 4,3 milioi euro eskatu dituzte Europako laguntzetan.
Iruñeko Udalak Arrosadiko zati bat eraldatu nahi du proiektu horren bidez; izan ere, gizarte- eta hezkuntza-irizpideen arabera, auzo kaltebera da, eta hiri-garapen jasangarria, inklusiboa eta berritzailea bultzatzen duen eredua ezarri nahi du Udalak, ingurumen-jasangarritasuna eta justizia soziala uztartzeko. Horiek hala, estrategia berritzailea eta multidimentsionala prestatzen ari dira, auzoan atzemandako erronkei osoki erantzuteko. Publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana eta sektoreen arteko sinergia sustatzea izanen dira proiektuaren oinarriak.
Zinema eraldatzea ez ezik, ingurune hori birnaturalizatu eta aktibatzea ere jasotzen du proiektuak, bai eta Zolina Ikus-entzunezkoen gunea sortzea eta auzoko energia-instalazioak birgaitzea ere. Energia instalazioak Bulego Berdearen bidez birgaituko dira: iazko irailean zabaldu zuten Arrosadikoa, Manuel de Falla kaleko 2.ean. Iruñeko Hiri Agendarekin bat ondu dute Auzoan ezin hobe proiektua, Garapen Jasangarrirako Helburuak aintzat hartuta.