Arma Aretoan Formatutik kanpo erakusketa egonen da ikusgai maiatzaren 4ra arte. Nafarroako sei artistaren lanak erakutsiko dituzte: David Anocibar, María Azkona, Andrea Ganuza, Pedro Osákar, Carlos Puig eta Juan Sukilbide artistenak. Lehen solairuan jarri dute erakusketa, eta Iruñeko Udalaren eta Nafar Ateneoaren arteko elkarlanaren emaitza da: helburua da arte plastikoek gure komunitatean duten bizitasunaz hausnartzea.
Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Pedro Salaberri Zunzarren Nafar Ateneoko presidente eta erakusketaren komisarioak aurkeztu dute erakusketa, Javier Manzanos Garayoa Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak lagunduta. Formatutik kanpo erakusketak hainbat teknika eta formatutako obrak biltzen ditu, eta ikusleei dei egiten die hausnartzera.
Ahots propioa dutelako eta sorkuntza artistikoarekin duten harreman bereziagatik hautatu dituzte sei artista horiek. Sei erakusketa indibidual dira izatez, eta bakoitzak bere unibertsoa du, irudi eta pentsamendu aberatsez betea; artista bakoitzak plazera sentitzera, hausnartzera eta gogoa berotzera gonbidatzen ditu ikusleak, indar propioz egin ere. Arteak dakarren aberastasuna bizitzeko sei modu dira, ikuspegi berriak eskaintzen dituzten sei mundu.
David Anocibarren proposamenak elkarrizketa du abiapuntu, funtsezko komunikazio-ekintza baita eguneroko erronkak ulertu eta haiei aurre egiteko. Irudi handiak dira, eta sorkuntza bakoitzaren historia entzutera eta geure baitara biltzera gonbidatzen gaituzte. María Azconak bere lanen errepaso bat egin du, eta laburbiltzea, berrikustea eta ikuspegi berri bat eskaintzea izan da artistaren apustua: horretarako, elementu formalak baliatu ditu beste behin ere margolanetan, eta transzendentzia saihestu.
Andrea Ganuzaren hautaketa ezarritako arauen aurkako aldarrikapen bat da, askatasunaren aldeko defentsa bat, eta Pedro Osákarrek, berriz, bere Kiosko Proiektua Etxean jan! jarri du ikusgai: zalantza egitea proposatzen du hiritarrek espazio publikoan duten jokabidea zehazten duten arauak irauli eta gainditzeko tresna gisa, eta kritika egiten dio egungo kontsumismoari. Pagoak eta erretaulak dira Carlos Puig artistaren margolanetako protagonistak, eta Juan Sukilbidek oparotasuna eta gainezarpena islatu nahi izan ditu, ongi definitutako koloreekin espazio hipnotikoak sortuz.
Formatutik kanpo erakusketa Arma Aretoko lehen solairuan egonen da ikusgai: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20.30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Formatutik kanpo. Arma Aretoa, lehen solairua
Urtarrilaren 31tik maiatzaren 4ra
Artistak: David Anocibar, María Azkona, Andrea Ganuza, Pedro Osákar, Carlos Puig eta Juan Sukilbide
Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era