Dolu-argizaria da Argizari galdua erakusketa kolektiboaren giltzarria, eta 2026ko urtarrilaren 25era arte, Ziudadelako Bolborategian eta Labean egonen da ikusgai. Hainbat arte diziplinatako artelanek osatzen dute erakusketa, eta artista hauek sortu dituzte: Javier Ayarza Haro, Mari Campistron, Aglaë Miguel, Estelle Deschamp, Georges Didi-Huberman, Nerea de Diego, Antonio Fernández Alvira eta Laura Salguero.
Erakusketa kolektiboa gaur goizean, ostiralarekin, aurkeztu dute Bolborategian, Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Julie Laymond eta Lucía Montes Sánchez erakusketaren komisarioek eta Oskia Ugarte Abarzuza Uharte Zentroko zuzendariak. Erakusketa Co-op elkartearekin, Uharte Zentroarekin eta Le Bel Ordinaire gunearekin elkarlanean egin da.
Gainera, erakusketa jarduera-programa zabalago baten parte da, eta honako hauen laguntza izan du: Akitania Berriko DRAC, Akitania Berriko Eskualdea, Nafarroako Gobernua, Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Euskal Herria Hirigune Elkargoa, Astre sarea, Paue-Biarno-Pirinioak Hirigune Elkargoa, NUP, Gordailua, Maison Joangi eta Fatras eta Haran Ubel elkarteak. Programaren barruan, azaroren 26an, beste erakusketa bat inauguratuko da Le Bel Ordinaire gunean (Paue, Frantzia); halaber, aurrez egindako ekintzak barne hartzen ditu programak, hala nola Estelle Deschampen pieza bat Arnostegiko lepoan jartzea eta NUPeko udako ikastaro bat Kulturolan (Orbaitzetako arma-ola).
Argizari galdua erakusketak artearen eta heriotzaren arteko lotura arakatzen duen diziplinarteko ekimen artistikoa du oinarri, dolu-argizariaren erabilera sinbolikoaren bitartez. Erakusketak argizariak arte garaikidean duen materialtasuna ospatzen du, eta artea, erritualtasuna eta memoria bateratzen ditu, argizaria tradizioekin, materialtasunarekin eta ingurumenarekin dugun harremanari buruzko gogoeta-ardatz bihurtuta. Argizari Galdua gonbidapen bat da funtsezko lotura horiek berraurkitzeko, non argizaria, materia iragankor eta eraldatzailea, gure ondare immaterial komunari buruzko hausnarketa baten hari bilakatzen baita.
Asteartetik larunbatera, hauxe da Labean eta Bolborategian erakusketa bisitatzeko ordutegia: 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igandeetan eta jaiegunetan, berriz, soilik goizez, 11:30etik 13:30era.
Bitartekaritza-jarduerak
Erakusketa Labean eginen diren hiru jarduerak osatuko dute. Lehenengoa gaur izanen da, 18:00etan: sukaldaritza-esperientzia izanen da, Feu!, Doriane Albert & Anna Gianferrariren elkartearen eskutik; buffet animatu bat da, eta dolu-argizaria du ardatz. Abenduaren 12an, ostiralarekin, bigarren jarduera eginen da: Argizari galdua sortzeko prozesua bisualki irudikatzeko ariketa bat da, Nerea de Diego eta Elisa Artetaren eskutik. Azkenik, urtarrilaren 10ean, larunbatarekin, 12:30ean, erritual kolektibo bat eginen da, La Comunidad talde artistikoak proposatuta: Cumcera izenburupean, argizaria eskaintza herrikoi bat egiteko baliatuko da, erakusketaren testuingurua abiapuntu hartuta.
Bitartekaritza-jarduerak. Ziudadelako Bolborategia
Azaroak 21, ostirala, 18:00etan
Argizari galdua: sukaldaritza-esperientzia
Feu!, Doriane Albert & Anna Gianferrari elkartea
Buffet animatua, dolu-argizaria oinarri hartuta
Abenduak 12, ostirala, 19:00etan
Argazki hura
Nerea de Diego eta Elisa Arteta
Argizari galdua erakusketa sortzeko prozesuan galdu den irudia bisualki irudikatzeko ariketa
2026ko urtarrilaren 10ean, 12:30ean
Cumcera. Komunitatea
La Comunidad talde artistikoak proposatutako erritual kolektiboa