Argentina eta Brasilgo profesionalek Iruñeko Haur Eskolen ildo pedagogikoarekiko interesa erakutsi dute

Argentina eta Brasilgo profesionalek Iruñeko Haur Eskolen ildo pedagogikoarekiko interesa erakutsi dute
Berrogeita hamar lagun inguruk hartuko dute parte erakunde autonomoak larunbat honetarako antolatu duen prestakuntza-jardunaldian
Visita Escuelas Infantiles


Argentinatik eta Brasildik iritsitako hezkuntza-esparruko hogeita hamar bat profesional etorriko dira, larunbatean, Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak antolatutako prestakuntza jardunaldira, bertan Nafarroako hiriburuko 11 eskoletan ezarri den ildo pedagogikoa ezagutaraziko baita. Ekimenean parte hartuko dute, halaber, hogei bat irakasle, maistra, ikertzaile eta psikopedagogok, Madrildik, Balearretatik eta Euskal Autonomi Erkidegotik iritsiak, besteak beste. Fernando Sesma Urzaiz Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariak inauguratuko du jardunaldia.
 

Bederatzi orduz, profesional horiek lehen eskutik ezagutuko dute Udalaren haur-eskoletan nola egiten den lan. Alfredo Hoyuelos Planillo erakunde autonomoko kudeatzailea eta Inés Zazu Artuch eskoletako zuzendari teknikoa arduratuko dira jardunaldira bertaratutakoei eskoletako ildo pedagogikoa azaltzeaz: pentsatzeko eta hezteko modu bat egituratzen da, udal-eskolei nortasun bateratua ematen diena; izan ere, eskola guztiek antolaketa-egitura bera eta proiektu amankomuna dute. Proiektu horrek oinarri ditu bai sormen-pentsamendua, bai pertsonen arteko loturak, horiek bultzatzen baitituzte lankidetza, elkarreragina eta elkarlana. Esperientziak partekatzea da, hain zuzen ere, proiektuaren oinarria, eta horretan, indibiduala ulertzeko ezinbestekoa da kolektiboa. Ildo pedagogikoak hamabi printzipio gidari komunak ezarri eta deskribatzen ditu: ongizatea eta hezkuntzarako eskubidea; profesionalen lagun-egitea; familiekiko harremanak egunerokoan; haurtzaroaren kultura; ludikoaren kalitatearen balioa; konplexutasunetik begiratzea; kalitate holistikoa; behaketa, ikerketa eta prestakuntza; inklusioa; hezkuntza-proposamenaren eta arkitekturaren arteko harmonia; lantegiaren kultura; sormena eta estetika; eta sukaldea edukitzearen balioa.
 

Jardunaldiaren lehen zatian, haur-eskoletako lantegigile Inder Bhatti Azkoagak ere hartuko du parte, eta azalduko ditu bai lantegiaren zentzua, bai estetikaren zentzua udal-zentro hauetan hezkuntza eraikitzeko eran.
 

Parte-hartzaileek Printzearen Harresi haur-eskolan abiatu den Paisaia soinudunak proiektuan egiaztatu ahalko dute ildo pedagogiko hauek nola gauzatzen diren. Bertako zuzendaria–Jaime Izalek eta Blanca Calavia hezitzaileak zehaztuko dute zertan datzan 0 eta 3 urte bitartekoendako musika-hizkuntzako aukerak aztertu nahi dituen ekimen hori. Proiektuaren bidez, haurtxoek soinu-bizipenak esperimentatzen dituzte, baita norberak entzuteko eta soinu-giroak sortzeko dituen erak ere. Duela bost urte bultzatu zuten proiektua, elkar hartuta, Iruñeko Printzearen Harresi eta Mendebaldea haur-eskolek eta Bartzelonako Sant Pol de Mar haur-eskolak. Hitzaldien ostean, 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako 101 leku dituen Printzearen Harresi eskolako instalazioak bisitatuko dituzte.
 

Palma Mallorcako haur-eskolen Patronatua, bisitan

Bestalde, gaur, Palma Mallorcakoako Haur Eskolen Udal Patronatuaren ordezkariak Nafarroako hiriburura etorri dira Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren kudeaketa-eredua ezagutzeko eta bi entitateen arteko komunikazio-bideak sortzeko. Llorenç Carrió Crespí Palmako Udaleko Hezkuntza Alorreko zinegotzi eta Patronatuko lehendakariak, Tina Horrach Capó Patronatuko kudeatzaileak eta Antònia Ribas Moranta pedagogia-zuzendariak osatu dute Balearretako taldea. Aipatu ordezkariei Fernando Sesma Erakunde Autonomoko lehendakariak, Alfredo Hoyuelos kudeatzaileak eta Inés Zazu zuzendari teknikoak egin diete harrera. Gainera, Hello Buztintxuri haur-eskolako instalazioak bisitatu dituzte.
 

Balearretako ordezkariek bi erakundeen arteko antzekotasunak nabarmendu dituzte, hala antolaketa-egituran nola pedagogian. Horregatik, eredu honen kudeaketa publikoa ezagutzeko interesa zuten, zehazkiago, hezkuntza-, pedagogia- eta elikadura-zeregina; izan ere, eskola-menuetako Hemengoak proiekturako interesa azaldu dute. Patronatuko lehendakaria komunikazio-bideak sortzearen alde agertu da, bi erakundeen etengabeko hobekuntzan lagungarri diren laguntzeko esperientzien trukea errazteko.