
Arantzadi Kirol Hiriak, Sanduzelaiko Aquavoxak eta Guelbenzu Jolas Zentroak helduendako igeriketa ikastaroak eskainiko dituzte datorren hiruhilekoan, Iruñeko Udalak diruz lagunduta. Ikastaroak astean bi egunekoak izanen dira, 95 euroko kostua izanen dute eta martxoaren 13tik maiatzaren 31ra bitartean eginen dira. Interesa dutenek datorren astelehenetik aurrera (otsailak 19) ematen ahalko dute izena Nafarroako Igeriketa Federazioarenwebguneko ikastaroen atalean. Izena emateko kuota ordaintzeak ikastaroan lekua izatea ziurtatzen du.
Eskaintzan helduendako hastapen-, hobekuntza- eta mantentze-ikastaroak sartzen dira. Jarduerek egunean 45 minutuko iraupena izanen dute, eta ordutegi desberdinetan emanen dira. Berritasun gisa, Sanduzelaiko Aquavoxek junior-igeriketako hainbat ordutegi eskaintzen ditu, 15 eta 23 urte bitarteko gazteendako. Kasu horretan, ikastaro bat astelehen eta asteazken arratsaldeetan (18:30etik 19:15era) eginen da eta beste bat astearte eta ostegunetan (17:00etatik 17:45era). Gazteendako jarduera espezifiko hori alde batera utzita, Aquavoxek lau ikastaro gehiago emanen ditu astelehen eta asteazkenetan, goizez eta arratsaldez; eta beste sei astearte eta ostegunetan, goizez eta arratsaldez.
Bestalde, Arantzadi Kirol Hirian zortzi ikastaro eskaintzen dira astelehen eta asteazkenetan goiz eta arratsaldez, goizeko 10:00etatik 19:45ak bitartean. Horiei astearte eta ostegunetan eginen diren beste lau ikastaro gehitu behar zaizkie, baina egun horietan arratsaldez izanen dira, 17:45etik 20:00etara, aukeratutako mailaren eta txandaren arabera.
Jolas Zentroan, hiru ikastaro eskaintzen dira arratsaldeko ordutegian astelehen eta asteazkenetan, 18:30etik 20:00etara; eta zazpi ikastaro gehiago astearte eta ostegunetan, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, 10:00etan lehena eta 20:00etan azkena.
HELDUENDAKO IGERIKETA-KANPAINA
• Izen ematea: otsailaren 19tik aurrera
• Non: http://www.fnn-nif.com/cursos/ webgunean
• Prezioa: 95 euro
• Ikastaroen iraupena: martxoak 13 – maiatzak 31
• Argibide gehiago: www.fnn-nif.com webgunean eta 948227279 telefonoan
Ikastaroak
- Arantzadi Kirol Hirian: astelehen eta asteazkenetan, eta astearte eta ostegunetan, goizez eta arratsaldez. Hastapen-, hobekuntza- eta mantentze-mailak
- Sanduzelaiko Aquavoxean: astelehen eta asteazkenetan, eta astearte eta ostegunetan, goizez eta arratsaldez. Hastapen-, hobekuntza- eta mantentze-mailak eta junior mailako igeriketa (15 urtetik 23ra)
- Guelbenzu Jolas Zentroan: astelehen eta asteazkenetan, arratsaldez, hastapen-, hobekuntza- eta mantentze-mailak; eta, astearte eta ostegunetan, goizez eta arratsaldez, hastapen-, hobekuntza- eta mantentze-mailak.