Arantzadiko parkeko II. fasea 2023ko hasieran amaituta egonen da, eta zolatutako sarbideak, plaza nagusi bat eta hiru auzo lotuko dituzten barruko bideak izanen ditu

Arantzadiko parkeko II. fasea 2023ko hasieran amaituta egonen da, eta zolatutako sarbideak, plaza nagusi bat eta hiru auzo lotuko dituzten barruko bideak izanen ditu
Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak azken esku-hartzea bisitatu dute gaur goizean, guztira, 150.000 m2-ko azalera gehituko duen gune berrian
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

2023ko lehen hiruhilekoan amaituta egonen da Aranzadi parkearen bigarren fasea; Obras Especiales de Navarra SA (OBENASA) enpresa ari da 2,32 milioi euroko (BEZa kanpo) inbertsioa eskatzen duten obra horiek egiten eta PJS (Proiektuak, Azterlanak eta Nafarroako Zerbitzu Teknikoak) enpresa, berriz, lanak zuzentzen. Amaitutakoan, parkeak 150.000 m2-ko azalera izanen du guztira, eta haren diseinuak jasangarritasuna eta ingurumen-heziketa sustatzea eta espazio horren ohiko erabilerei garrantzia ematea aintzat hartuko ditu.

Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideak gunea bisitatzen izan dira obrak zertan diren ikusteko. Lan horiek 2013an eginiko lehen faseko esku-hartzearen jarraipena dira; lan haietan baratze-orla, ur-goraldiko basoa eta parkeko bideen zati bat egin ziren. Une honetan, Vergel kaletik Redín ikastetxerako eta Vergel egoitzarako sarbidea eginda dago, lanak oso aurreratuta daude ekialdea eta mendebaldea lotzeko bidean (Arrotxapea, Aranzadi eta Txantrea artean) eta plaza handian, eta Aranzadi Kirol Hiriaren aurreko kalean hasi dira lanak. Era berean, udazken amaieran lorezaintzako lanei hasiera ematea espero da.

Irailean, Iruñeko Udalak obra honetarako laguntzak eskatu zituen Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan ‘Udalerriendako emisio baxuko eremuen ezarpenerako eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarrirako laguntza-programaren’ bigarren deialdian. Dirulaguntzaren zenbatekoa 2 milioi euro artekoa izan liteke eta 3. jarduketa egitera bideratuko da: ‘Txantrea eta Arrotxapea auzoen arteko oinezkoendako lotura egin eta irisgarritasuna hobetzea’.

Itzulingurua egiten duen kalearen amaiera
Dagoneko amaituta dago Arantzadira sartu eta inguratzeko kaleko bidearen zati bat, parkearen barnealdea mugatzen duena eta lehen fasean abiatu zena. ‘L’ itxurako trazadura bukatuta dago, eta une honetan Arantzadi Kirol Hiriraino iristen den besoa bukatzen ari dira ‘U’ itxurako bidea osatzeko. Trazadura horrek El Redín Ikastetxetik igerilekuetara bitarteko eremu osoa hartuko du eta Arantzadi inguratzen duen kalean amaituko da. Irteerako gune horretan, mantendu eginen da oinezkoendako espazio jarraitu bat, gutxienez hormigoi garbituzko 2 metroko  zabalerakoa eta asfaltozko 3 metrokoa.

Esku-hartzean aireko azpiegiturak eguneratu eta lurperatzen ari dira egungo kalea altxatzen den eremu guztietan. Hiri-altzarien instalazioarekin emanen zaio amaiera egikaritzeari: beso-euskarriak dituzten zurezko eserlekuak eta hormigoi leunduzko akabera duten eserleku jarraituak jarriko dira, eta, horiez gain, bizikletak aparkatzeko euskarriak.

Bulebarra eta plaza
Egun dagoen pasealekua osatzeko bide berri bat egin da garaiaren ondoan, eta alboetako berdeguneekin batera bulebar zabal bat eratzen du. Egikarituta badago ere erabilgarri ez dagoen espazio horrek parkeko ardatz eta erabileren bilgune nagusi den plaza zabal batera ematen du. Egoteko leku handi hori sortuta dago, zoladurari akabera ematea da falta den bakarra.

Plaza oztoporik gabeko gunea da, azalera zabalekoa, azokak, gaikako azokak edo bestelako ekitaldiak errazago egin ahal izateko. Guneak bere baitan hartu eta bere horretan errespetatu ditu lehendik zeuden kakiondoa, baratzeetara sartzeko atea eta garaia, eta lanak erabat amaitzeko, itzalguneak sortuko dira garaiera handiko zuhaitzen bidez, eta atsedenerako altzariz hornituko da (hormigoizko oinak eta zurezko eserlekua dituzten aulkiak). Gainera, erdiko plazaren ondoan, urarekin eta harearekin jolasteko leku bat prestatuko da parkearen izaera naturala indartzeko.

Auzoak lotzen dituzten ardatzak
Meandroa inguratzen duten auzoei dagokienez (Arrotxapea, Arantzadi eta Txantrea), fase honetan, eta plazaren perimetroa errespetatuz, 4,5 metro zabaleko hormigoi garbituzko oinezkoendako bide bat egin da Errotazar kalean, Ingurumen Hezkuntzako Museoaren ondoan dagoen mendebaldeko pasabidea Alemanen ekialdeko pasabidearekin lotzeko. Landatzeko unea iristen denean, itzal egiteko zuhaitz-lerro bat jarriko da ibilbide horretan. Ardatzaren zati horretan, 2 metroko landare-lur banda batez eta ezpondaz bereizitako baratzeak ikus daitezke.

Esku-hartzeak akabera eman dio ur-goraldiko basoa hegoaldetik mugatzen duen bideari egonkortutako hareazko zoladura lurkara berarekin, eta parkeko gainerakoen ezaugarri eta sistema berberak dituzten argiz hornitu da bidea. Horiez gain, basoan zuhaitz berriak jarriko dira Arga ibaiaren ur-goraldiek eragindako kalteak murrizteko, eta bi baso-eremu sortu dira, bidearen hegoaldeko bazterrean (hasieran eta amaieran); horrela, orain arte landaretzarik ez zegoen lekuetan egoteko guneak sortu dira.
 

¿Te ha sido útil esta página?