
Arantzadi parkea, ostegunetik aurrera, ibilgailuen zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremua (SKE) izanen da, ibilgailu motordunen bolumena murrizteko, oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzeko eta herritarrak baratzeetara eta parkeko beste zentro eta zerbitzuetara modu ordenatuan sar daitezen ahalbidetzeko. Arantzadiko inguruneko kaletik izanen du sarbidea, El Vergel egoitzaren eta El Redin ikastetxearen artean dagoen Vergel kaleko bidegurutzetik. Bertara sartzen diren ibilgailuek gehienez 20 minutu izanen dituzte barrutitik irteteko, eta bai sarreran, bai irteeran jarriko diren kamerek kontrolatuko dute denbora hori. Baimendutako ibilgailuak eta baratzeetarako egokitutako aparkalekuan aparkatzen dutenak bakarrik egon ahal izanen dira parkearen barruan.
Honako hauek eskatzen ahalko dute parkera sartzeko baimena: tokiko garaje-plaza baten jabeek edo errentariek, merkataritza-establezimenduen titularrek, zamalanetako, obretako, mudantzetako eta konponketetako enpresek, larrialdietako ibilgailuek eta Administrazio Publikoetako ibilgailu ofizialek, mugikortasun urriko txartela dutenek eta, puntualki, ekitaldiak egiteko eta gainerako egoera berezietarako. Udaltzaingoaren webgunean (https://policia.pamplona.es/verPagina.aspx?idPag=1&idioma=2) edo Iruñeko Udalaren webgunean eskatu beharko dira baimenak, edo bestela, herritarrendako arretako 010 telefonoaren bidez, aurrez aurre Herritarren Segurtasuneko Alorraren bulegoetan (Iratxeko Monasterioaren kaleko 2. zenbakian), eta aldez aurretik hitzordua eskatuta, Kondestable Jauregiko Herritarren Arretarako Bulegoan (Kale Nagusia 2).
Gainerako herritarrak denbora mugaturako bakarrik sartzen ahalko dira parkera ibilgailu motordunetan. Iruñeko Udalak onetsi eta gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den arau erregulatzailearen arabera, baimenik ez duten ibilgailuek, aparkatu gabe sartzen badira, 20 minutu izanen dituzte sarreratik irteerarainoko ibilbidea osatzeko. Ibilgailu horiek ezin izanen dute 5.500 kilo baino gehiago izan. Obren ondoren, Arantzadiko inguruneko kalea noranzko bakarreko bide zirkular bilakatu da, El Vergel egoitzaren ondotik sartzen da bertara eta Arantzadi Kirol Hiritik irteten.
Baratzeetarako egokitutako aparkalekuan aparkatzea
Motordun ibilgailuak murrizteko eta Arantzadi parkean bidegabeko aparkatzeak ekiditeko, aparkatzeko eremu bakarra prestatu da, frontoi zaharraren ondoan, baratzeen inguruan. Parkera sartzen diren ibilgailuek hor aparkatzen ahalko dute, eta horientzat eten eginen da esparrura sartzeko eta handik irteteko 20 minutuko epea. Alde horretatik, kontrol-kamera bat jarri da aparkalekuaren sarreran, eta 20 minutuko gehienezko denbora hori eten eginen da, aparkalekutik irtetean berriro aktibatzeko.
Hori izanen da parkearen barruan herritar guztiendako egokitu den aparkaleku bakarra. Aranzandi igerilekuen ondoan, El Vergel zubiaren elkargunean dauden aparkatzeko lekuen poltsa mantendu eginen da, sarbide kontrolatuko eremutik (SKE) kanpo geratzen baita. Parkearen barruko gainerako espazioan ez da ibilgailurik egonen aparkatuta. Muga hori nabarmentzeko, baimenik ezean aparkatzea debekatzeko eta zirkulazioa debekatzeko seinale bertikalak jarri dira.
Gainera, Arantzadiko inguruneko kalea bizitegi-kale bihurtu da; beraz, gehieneko abiadura orduko 20 kilometrora mugatu da, eta lehentasuna emanen zaio oinezkoari. Eremuaren sarrera-irteeretan matrikula irakurtzeko gailuak dituzten kamerak egonen dira, ibilgailu baimenduak sartzen direla edo ibilgailuek sartzeko eta irteteko ezarritako ordutegiak betetzen dituztela kontrolatzeko.
Parke berria
Arantzadiko inguruneko kalea irekitzearekin batera, amaitutzat eman dira Arantzadi parkea egokitzeko obren bigarren faseko lanak. Horren barruan sartzen dira Vergel kaleko parkeko sarbidea oinezkoendako bihurtzea, garaiaren inguruan erdiko plaza bat egitea, eta hiru auzo (Txantrea, Arantzadi eta Arrotxapea) lotzen dituzten barne-bideak egitea. Espazio berri horrek 150.000 m2-ko azalera gehituko dio parkeari, eta diseinuari dagokionez kontuan hartuko dira jasangarritasuna eta ingurumen-hezkuntza, meandroaren erabilera tradizionalak berreskuratzea eta ekonomia zirkularra sustatzea baliabide naturalen eta energiaren erabilera ahalik eta gehien murriztuko dituen ekoizpen-eredu gisa. Guztira, 2,32 milioi euro inbertitu dira (BEZik gabe).
Arantzadiko parkearen bigarren fasea bi lotetan gauzatu da. Lehenengoan, parkearen ekialdea eta mendebalde lotzeko lanak (Alemanen pasabidearen eta San Pedroko pasabidearen artean); garaiaren inguruan egoteko eta elkartzeko gune nagusi bat sortzeko lanak (parkea egituratzen duten bi ardatzak gurutzatzen dira gune horretan), eta Vergel kaletik parkera sartzeko bi sarbideak atseginago bihurtzeko lanak egin dira. Horiez gain, ur-goraldiko basoa inguratzen duen bidea zolatu eta argiztatu da. Bigarren lotean lorezaintzako eta ureztatzeko lanak egin behar ziren. Horretarako, askotariko espezieak landatu dira, hala nola zedroak, haritzak, ezkiak, astigarrak, likidanbarrak eta sekuoiak. Ureztatze-sare bat egin da Arantzadiko igerilekuen ondoko aparkalekuen eremurako diseinatutako zuhaiztia borbor ureztatzeko sistemaren bidez.
Obren ondoren, Arantzadiko inguruneko kalea oinezkoendako espazio jarraitu gisa antolatu da, gutxienez 2 metroko zabalera emanda eta 3 metro asfaltatuta. Trazaduran zehar, hiri-altzariak jarri dira. Garaiaren ondoan pasealekua osatu da eta bide berri bat sortu da, berdeguneekin batera bulebar zabal bat sortzeko. Bulebar hori plaza handi batean amaitzen da, parkearen ardatzen eta erabileren erdigunea eratuz. Plaza oztoporik gabeko gunea da, eta azalera zabalak ditu, azokak, azoka tematikoak edo bestelako ekitaldiak errazago egiteko. Itzalguneak ere prestatu dira, tamaina handiko zuhaitzekin eta atsedenerako altzariekin. Gainera, erdiko plazaren ondoan urarekin eta hondarrarekin jolasteko gune bat egin da, parkearen izaera naturala sustatzeko.
Auzoak lotzen dituzten ardatzak
Meandroa inguratzen duten Arrotxapea, Arantzadi eta Txantrea auzoak lotzeko 4,5 metro zabaleko oinezkoendako bide bat egin da. Bide horrek mendebaldeko pasabidea eta ekialdekoa lotzen ditu Errotazar kalean, Ingurumen Hezkuntzako Museoaren ondoan, hortik Alemanen garapeneraino jarraitzeko. Esku-hartze horrek azken ukitua eman dio hegoaldeko ur-goraldiko basoa mugatzen duen bideari. Gainera, bi basogune sortu dira Hegoaldeko bidearen ertzean, eta horrela, orain arte landaretzarik ez zegoen eremuetan egoteko guneak sortu dira.
Arantzadiko meandroko obren bigarren fase honek bi milioi euroko dirulaguntza jaso du Next Generation EU funts europarretatik, isurketa gutxiko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko udalerriei laguntzak emateko deialdian, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Horrela, Arantzadi parkearen inguruan hamabost urtez egindako lanari amaiera eman zaio. Lan hori 2008an deitutako ideia-lehiaketaren ondoren hasi zen, eta 2013an amaitu ziren obren lehen fasea abiaraztea ekarri zuen. Orduan, antolamenduz kanpoko eraikinak eraitsi ziren eta ibaitik hurbilen zegoen zirkuluerdiko (baratze-orla, ur-bazterreko orla, ur-goraldiko basoa) eta barne-bideetako lanak egin ziren.
