Arantzadiko Kirolguneko aldagelen eraikina osorik eraberritu dute azken hilabeteotan: Iruñeko Udalak 570.000 euro inbertitu ditu berritze-lanetan. Udaleko Lehendakaritza Batzordeak gaur (asteartea) bisitatu du eremua, bost hilabete iraun duten lanak amaitu ondoren.
Denbora-tarte horretan, aldagelen eraikineko egitura konpondu eta mantentzeko lanak egin dira, kiroldegiko zaharrena baitzen. Halaber, barnealdea goitik behera eraberritu dute, ekipamendua eta zoruko, paretetako eta sabaietako estaldurak ordeztuta, eraikinaren eremu komunetakoak barne. Higiezina 70eko hamarkadakoa da, kiroldegian eraiki zen lehena baita, kanpoko igerilekuarekin batera. Eraikina 2000. urtean berritu zuten, baina orduz geroztik mantentze-lanak besterik ez dira egin.
Oraingoan egindako eraberritze-lanek eraikinaren estetika hobetzeaz gain, irisgarritasuna eta erabilgarritasuna ere hobetu dituzte. Halaber, eraikina indarrean dagoen araudira egokitu dute, azken bi hamarkadetan arauak aldatu egin baitira. Zentzu horretan, behe-tentsioko instalazio elektrikoa berritu dute, segurtasuna bermatu eta suterik egonez gero jarduera sailkaturako lizentzian eskatzen den erresistentzia-eskaerak betetzeko. Hori guztia ERKI Construcción Sostenible SL enpresak egin du.
Aipatutakoa ez da Udala Arantzadiko Kirolgunean egiten ari den lan bakarra. Kanpoko aldean, goitik behera konpontzen ari dira igerilekuetako hondartzak. Iaz konponketa partziala egin zuten eta aurten ere egin da, udako denboraldiari begira kanpoko alde guztia prest egon dadin. Horretarako, 700.000 euro inguru inbertituko dira.
Kirolgunearen eremu horretan egindako lanek honako hauek barne hartzen dituzte: hondartzak guztiz pikatu eta berreraikitzea, gainezkabidetik hasita, iragazgaizteei jarraitutasuna emateko, saneamendu- eta iturgintza-sistema berreginda. Hala, aurretik zegoen zoladura zeramikoa eraitsi eta portzelanazko gres irristagaitzeko zoladura jartzen ari dira. Lacunza Hermanos SL arduratzen ari da lan horiek egiteaz.
Egun, Arantzadin itxura berdineko bi kanpo-igerileku daude, bata bestearen ondoan eraikita, hondartza bera aprobetxatzeko. Gainera, plisti-plasta ibiltzeko igerileku bat dago. Kirolgunea osatzeko, kirol-pistak eta igerileku estalia ere badaude.
Iaz Arantzadiko igerilekuetarako 12.387 banakako sarrera saldu ziren, eta, udan, hainbat modalitateko 23.960 denboraldiko abonu erregistratu ziren guztira.