Arantzadiko Kirolguneko kanpoko igerilekuak inguratzen dituzten hondartzek zoladura berria dute dagoeneko, ekainaren erdialdean udako denboraldia abiatze aldera. Iruñeko Udalak 710.000 inbertitu ditu hondartza horiek erabat eraberritzeko: datozen hiru hilabeteetan milaka lagunek erabiliko dituzte igerilekura hurbiltzerakoan edo bainu freskagarri bat hartu ondoren bertatik irteterakoan.
Lehendakaritza Batzordeak gaur (asteartea) bisitatu du Arantzadiko Kirolgunea, egindako lanak bertatik bertara ikusteko. Kanpoko igerilekuetako hondartzak erabat birgaitu dituzte, bai eta hondartzak guztiz pikatu eta berreraiki ere, gainezkabidetik hasita, iragazgaizte-lanei jarraitutasuna emateko. Hondartzak eta pedilubioak baldosa irristagaitzez zolatu dira. Urak husteko arazoak konpontzeko urak hartzeko kanaleta berri bat jarri dute.
Era berean, jarduketa-eremuan kaltetuta zeuden saneamendu- eta ur-hornidura sistemak berriz egiteko baliatu dute aukera. Saneamenduko sare horizontal berria ezarri dute, kolektoreetako hodiak eta kutxatilak jarrita. Berdegunearen eta kanpoko hondartzen arteko mugan, plastikozko drainatze-kanal bat jarri dute aurretik zegoen metalezko saretaren ordez. Lanak Construcciones Lacunza enpresak egin ditu azken bi hilabeteetan, udako denboraldiaren hasierarako gunea berrituta egon dadin.
Kanpoko hondartzak hobetzeko lanak aldagelen eraikina erabat eraberritzeko lanei gehitu zaizkie: maiatzean amaitu ziren eta Lehendakaritza Batzordeak horiek ere bisitatu zituen. 570.000 euroko inbertsioa izan dute eta eraikinaren egitura konpontzeko eta mantentzeko lanak egin dira, kiroldegiko eraikinik zaharrena baitzen. Gainera, barruko aldea goitik behera berritu dute, ekipamendua eta zoruko, paretetako eta sabaietako estaldurak ordeztuta, eraikinaren eremu komunetakoak barne.