Arantzadiko eta Sanduzelaiko udako denboraldiko abonuak internet bidez eta instalazioetan aurrez aurre eskuratzen ahal dira

Arantzadiko eta Sanduzelaiko udako denboraldiko abonuak internet bidez eta instalazioetan aurrez aurre eskuratzen ahal dira
Ekainaren 15ean irekiko dira Arantzadiko kanpoko igerilekuak eta, astebete geroago, ekainaren 23an, Sanduzelaikoak
abonos piscinas

 

Hemen da udako denboraldia: udalaren kirol-instalazioak, Arantzadikoa eta Sanduzelaikoa, prest daude kanpoko igerilekuak irekitzeko. Arantzadikoak ekainaren 15ean (astelehena) irekiko dira, eta Sanduzelaikoak, ekainaren 23an (asteartea). Beste urte batez, Iruñeko Udalak udako abonuak eskaintzen ditu udako hiru hilabeteetarako, bai eta eguneko sarrerak ere, igerilekuetan egunpasa egiteko.

Arantzadi eta Sanduzelaiko udal-igerilekuetarako udako abonuak eta sarrerak eskuratzeko bi modu daude. Sarrerak online eskuratzen ahal dira https://aranzadi.provis.es webgunean, eta, aurrez aurre Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirolguneetan bertan, astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 21:00etara bitarte. Sanduzelaiko kirol-hiria ekainaren 15etik 22ra itxita egonen da mantentze-lanak direla eta, baina, hala ere, sarreran langileak egonen dira abonuak erosi ahal izateko. Abonudunaren karneta norberarena eta besterenezina da.

Arantzadirako eta Sanduzelairako abonuen eta sarreren prezioak % 2 inguru egin du gora aurten, baita udalaren beste tasa eta zerbitzu batzuek ere. 25 eta 64 urte bitartekoendako udako abonamenduak (ekainaren 15etik irailaren 15era) 84 euro balio du; 14 eta 24 urte bitartekoendakoak, 62,90 euro, eta 65 urtetik gorakoendako eta 2 eta 13 urte bitartekoendakoak, 41,90 euro. 25 eta 64 urte bitartekoendako eguneko sarrerak 4,60 euro balio du (5,70 euro igande eta jaiegunetan); 14 eta 24 urte bitartekoendakoak, 3,20 euro (4,10 euro igande eta jaiegunetan), eta 65 urtetik gorakoendako eta 2 eta13 urte bitartekoendakoak, 2,90 euro edozein egunetan, bai lanegunetan bai igande eta jaiegunetan.

Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak erregulatzen dituen arauan (2. araua) jasotako deskontuei esker sarrerak eta abonuak erosteko, gomendagarria da aurrez aurre egitea. Dena den, behin-behinean izena emateko formularioa bete eta kasuan-kasuan eskatutako agiriak e-mailez ere bidaltzeko aukera dago, honako helbide hauetara: descuentossanjorge@sedena.es o descuentosaranzadi@serveo.com. Hainbat deskontu daude: besteak beste, familia ugaria eta familia gurasobakarra izateagatik, desgaitasunagatik, terrorismoaren edo genero-indarkeriaren biktima izateagatik, familia-harreran egoteagatik, gizarte-bazterketako egoeran egoteagatik, errenta bermatua jasotzeagatik eta errenta-aitorpena egiteagatik. Eguneko sarrerak eta abonuak deskonturik gabe erosteko, gomendagarria da online egitea, kudeaketa arintze aldera. 

¿Te ha sido útil esta página?