
Arantzadiko Kirolgunea ekainaren 22an, astelehenarekin zabalduko dute jendearendako, eta horren biharamunean irekiko dira Sanduzelaiko kirol-hiriko instalazioak (Sanduzelaiko Aquavoxa). Iruñeko Udalak sistema bat prestatu du online abonamenduak zein eguneko sarrerak erosteko eta instalazioetara sartzeko txanda erreserbatzeko, oraingoz edukiera heren batera murriztuta irekiko baitira. Ostegunetik aurrera jarriko da martxan sistema hori, https://aranzadi.provis.es/ webgunearen bidez. Mugikorrerako aplikazio bat ere prestatzen ari dira, datozen egunotan erabilgarri egonen dena.
Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirol hirien ordutegia 10:00etatik 20:30era izanen da. Sartzeko bi txanda ezarri dira, goizekoa, 10:00etatik 15:00etara, eta arratsaldekoa, 15:30etik 20:30:00era. Bi txanden arteko ordu erdiko tarte hori ezarri da irteten eta sartzen direnak ez daitezen pilatu, bai eta higiene, desinfekzio eta bestelako lanak egiteko ere. Abonatuek noiz joan nahi duten eta 48 ordu lehenagotik erreserbatzen ahalko dute txanda. Gainera, erabiltzaileek adingabeekiko nolabaiteko lotura izan ahalko dute ezarrita, erreserbak familia osoarendako egin ahal izateko. Eguneko sarrera erosteko epeari dagokionez, 24 ordu lehenagotik hasiko da. Erreserba noizko eduki eta egun horretan, irekiera-ordutegitik aurrera, txanda bikoizten ahalko da, tokirik badago. Webgunearen eta aplikazioaren bidez kontsultatzen ahalko da zenbat jende dagoen, unean-unean eta denbora errealean, instalazioetan.
Oraingoz, Arantzadik 1.200 lagunendako tokia edukiko du, eta Sanduzelaiko instalazioek 600endako; kopuru horiek dira, hain zuzen, bakoitzaren edukieraren herena. Edukiera-murriztapen hori arauek ezartzen dutenarekin bat malgutuko da, eta instalazioetako erabiltzaileen portaeren arabera. Udalak eta instalazioak kudeatzen dituzten enpresek ordutegiei men egitea eskatzen dute, eta oinarrizko urruntze-, higiene- eta segurtasun-neurriak betetzea. Metro eta erdiko tartea gorde beharko da pertsonen artean, eta hori posible ez bada, nahitaez erabili beharko da maskara.
Profilak, abonamenduak zein sarrerak erosteko eta erreserbak egiteko
Abonamenduak zein eguneko sarrerak erosteko eta txanda erreserbatzeko alta hartu beharko da instalazioen kudeaketa-programan, ostegunetik aurrera, hemen: https://aranzadi.provis.es/. Horretarako, profil bat egin beharko da, eta hortik eginen dira izapide horiek. Abonamenduak eta eguneko sarrerak eskuratzeko, erosketa-prozesuak barne hartuko du prezio publikoaren ordainketa telematikoa, eta, hortaz, kreditu-txartelaren bidez ordaindu beharko da, eta ezin izanen da, oraingoz eta krisia dela-eta, eskudirutan ordaindu.
Profila sortzerakoan, datu pertsonalak tratatzeko baimena ez ezik, sarrerak edo abonamenduak erostean eskuratutako deskontuetarako datuak ofizioz egiaztatu ahal izatea ere eskatuko da. Ofizioz egiaztatu ezin daitezkeen datuen kasuan (funtsean errenta aitorpenarekin edo gizarteratze-errentarekin zerikusia dutenak), agiriak instalazioetara igorri beharko dira, plataformaren bidez, behin profila sortuta. 24 edo 48 orduan baimenduko da izen-emate horri dagokion deskontua.
Erabiltzaileek alta- edo erosketa-prozesuan zailtasun handiak edukiz gero telefono bidezko laguntza jasotzen ahalko dute instalazioetako harrera-langileen partetik, irekiera-ordutegian. Norbaitek ez badu bitarteko teknologikorik, langile baten laguntza eskatzen ahalko dute instalazioan, aurretiko hitzordua eskatuta. Arantzadin bihar, asteazkenean, hasiko dira telefono arreta ematen, 948 22 30 02 telefonoan, eta Sanduzelain, ostegunean, 948 28 77 78 telefonoan. Arreta-ordutegia 10:00etatik 20:30era izanen da bi instalazioetan.
Horrez gain, beste gune batzuk erabiltzeko erreserba osagarriak egin beharko dira. Arantzadiko igerileku klimatizatuetarako ordu erdiko txandak ezarri dira eguneko, eta astelehenetik ostiralera egonen da zabalik, ekainaren 22tik abuztuaren 14ra. Bi igerilekuetako erretegiak 18:00ak arte egonen dira zabalik, eta bezperako 19:00etatik aurrera erreserbatzen ahalko dira. Arantzadiko padel-pistari eta frontoiari dagokienez, ordu baterako erreserbatuko dira. Gimnasioa itxita egonen da momentuz, geroan neurri malguagoak hartu arte. Uda osoan zehar, itxita egonen da Arantzadiko Kirol Hirira sartzeko San Pedroko zubian dagoen atea.
Erabiltzaileen erantzukizuna
Iruñeko Udalak bermea eskaini nahi die erabiltzaileei eta langileei, eta horretarako beste neurri batzuk hartu ditu, osasun egoera honek eskatzen duen funtzionamendura egokitzeko. Hori horrela, osasun-krisirako aplikagarri den araudi berezian ezarritako jarraibideei men egin zaie, bertan arautzen baitira zenbait alderdi, esate baterako aisialdirako igerilekuak jendearendako irekitzeko oinarrizko baldintzak eta Nafarroako igerilekuen osasun-zaintzarako programa.
Halaber, Udalak erabiltzaileen banakako erantzukizuna eskatzen du, kanpainak funtzionamendu egokia izan dezan. Nahitaezkoa izanen da jarri diren seinaleak eta joan-etorrietarako ezarritako ibilbideak errespetatzea. Instalazioak maizago garbituko dituzte, informazio- eta zaintza-zerbitzuak udal-langileen bidez indartuko dituzte eta desinfekzio-materiala erosi dute instalazioetako erabiltzaileentzat.
Adingabeek heldu batez lagundurik egon beharko dute uneoro, eta familia-unitatearen esparruan egon. Esparru horretatik kanpo pertsonen arteko distantzia mantenduko dute. Adingabeentzat debeku izanen da igeriketa-ontzietan egotea ez badago heldurik haiek zaintzen. Horrez gain, objektu pertsonal guztiek –xukaderak, poltsak,...– ezarri diren bi metroko segurtasun-perimetroen barruan egon beharko dute, gainerako erabiltzaileek horiek ukitzea ekiditeko. Norberaren hamakak, etzaulkiak eta aulkiak erabiltzen ahalko dira, baina ez da posible izanen horiek instalazioan bertan gordetzea.
Arantzadiko eta Sanduzelaiko (Aquavox) Kirol Hirien prezioak
- ABONAMENDUEN PREZIOAK
- 2 urtetik 14 urtera: 40,30 euro
- 14 urtetik 25 urtera: 60,50 euro
- 25 urtetik 65 urtera: 80,75 euro
- 65 urtetik gora: 40,30 euro
- EGUNEKO SARREREN PREZIOAK
- 2 urtetik 14 urtera: 2,70 euro
- 14 urtetik 25 urtera: 3,05 euro
- 25 urtetik 65 urtera: 4,45 euro
- 65 urtetik gora: 2,70 euro
- Abonamenduei tarifa murriztapenak aplikatuko zaizkie “Udalaren kirol instalazioak eta eskoletako areto eta instalazioak erabiltzeko prezio publikoak erregulatzen dituen arauak” ezartzen duenarekin bat.