Arantzadi Kirol Hirian astelehenean abiatuko da udako denboraldia: kanpoko igerilekuak irekiko dituzte

Arantzadi Kirol Hirian astelehenean abiatuko da udako denboraldia: kanpoko igerilekuak irekiko dituzte
Ekainaren 22an, astelehena, Sanduzelaiko kirol-hirian hasiko da udako denboraldia: datorren astean itxita egonen da mantentze-lanak direla eta
Aranzadi

 

Ekainaren 15ean jarriko da abian udako denboraldia udal-igerilekuetan. Astelehenean irekiko dute Arantzadi Kirol Hiria; Sanduzelaikoa, berriz, astebete geroago, ekainaren 22an, datorren astean mantentze-lanak egin behar baitituzte bertan. Udako denboraldiak irailera arte iraunen du. Arantzadi irailaren 8an itxiko dute, eta Sanduzelaiko udal-igerilekuak, berriz, irailaren 15ean. Udan, 10:00etatik 20:30era irekiko dituzte bi azpiegiturak.

Arantzadi Kirol Hiriak kanpoko bi igerileku ditu, 50 x 21 metrokoak, eta bakoitzak 537 bainularirendako lekua du guztira; gainera, haurrak plisti-plasta ibiltzeko igerileku bat du, eta guztira 123 lagun sartzen dira bertan. Hiru igerilekuak jolasteko eta ongi pasatzeko erabiltzen dira. Azpiegiturek ere ur berodun igerileku estalien eremu bat barne hartzen dute, eta bi igerileku ditu: bat 25 x 12,5 metrokoa da, eta 156 pertsona sartzen dira bertan, eta besteari dagokionez, kirol-igeriketarako baliatzen da, 12,5 x 8 metrokoa da eta 41 pertsona sartzen dira bertan. Igerileku estaliak egun hauetan egonen dira irekita: ekainaren 15etik uztailaren 5era eta uztailaren 15etik abuztuko hirugarren ostiralera arte, astelehenetik ostiralera. Horrez gain, beste azpiegitura hauek ditu Arantzadik: erretegi-eremua, taberna-jatetxea, bi padel-pista, pilotalekua eta gimnasioa. 

Azken urtean hainbat jarduketa egin dira Arantzadi Kirol Hiriko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko. Aldagelak zaharberritu eta birgaitzeko 570.000 euro inbertitu dira, eta beste 710.000 euro kanpoko igerilekuak inguratzen dituzten hondartzen zoladura ordezkatzeko eta beste konponketa batzuk egiteko baliatu dira. Iruñeko Udalak goragailu elektriko mugikor bat eskuratu du mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei igerilekura sartzea errazteko. Une honetan, aribidean daude gizarte-eraikinaren eraginkortasuna hobetzeko lanak: eraikinean klimatizazio-sistema jarriko da, eta ura berotuko da. 

Jarduerak, uda osoan zehar
Arantzadi Kirol Hirian jende orori zuzendutako jarduerak eginen dira udan. Haurren, Nerabeen eta Familien Prebentziorako Udal programaren barruan, Igerian izeneko hiri-kanpaldiak eginen dira, hiru txandatan, uztailaren 20tik 24ra, uztailaren 27tik 31ra eta abuztuaren 3tik 7ra. 2009. eta 2013. urteen artean jaiotako haurrek parte hartuko dute. Jarduera horiez gain, urpekaritza egiteko aukera dago: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, 2026ko Txankletak programaren barruan.   

Gainera, haur eta nerabeen hainbat elkarte eta erakunde komunitariok hitzarmenak dituzte Iruñeko Udalarekin, eta Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirol-azpiegiturak eskatu dituzte udako ludoteketako batzuk bertan egiteko. Elkarte hauek Arantzadin eginen dituzte ludotekekin lotutako jarduerak: Aldezar (Alde Zaharra), Batean (Arrotxapea) eta Siñarzubi (Txantrea).

Halaber, Baloiak Uretara Birak seigarren edizioa du aurtengo udan: Nafarroako hiru waterpolo-klubek –9802 waterpolo-kluba , Nafarroa waterpolo-kluba eta Larraina kirol-kluba– antolatzen dute, Nafarroako Igeriketa Federazioarekin lankidetzan. Waterpoloko hastapen-mailako eskola bat da, 8 eta 12 urte bitarteko haurren artean kirol hori sustatzeko. Jarduera hori Arantzadin eginen da uztailaren 16an (osteguna), 18:00etan.

Azkenik, Arantzadiko azpiegituretan bertan beste jarduera hauek eginen dira udan: haurrendako kirol anitzeko jarduerak, boxeoa, entrenamendu funtzional egokitua, 50 urtetik gorakoendako entrenamendu funtzionala, pilatesa, saltsa eta bachata eta aquagyma. Jarduera horietan izena emateko epea maiatzean amaitu zen, eskolak datorren astean hasiko baitira. 

¿Te ha sido útil esta página?