Arantzadi Kirol Hiriko kanpoko bi igerilekuak eta plisti-plasta ibiltzeko haurrendako ontzia ekainaren 15ean (osteguna) zabalduko dira, udako denboraldiaren hasierarekin batera, eta irailaren 8ra arte egonen dira zabalik. Denbora-tarte horretan udal-igerilekua asteko egun guztietan egonen da zabalik, goizeko 10:00etatik 20:30era arte. Kirolgunera datozenak ate nagusitik sartzen ahalko dira, Arantzadiko inguruneko kaletik, baina San Pedro zubiaren ondoko sarreran ere txartel eta abonamendu-irakurgailu bat prestatu da, Arrotxapetik eta hiriaren iparraldetik datozenei egun osoan zehar sarrera errazteko.
Eguneko sarrerez gain, Arantzadi Kirol Hiriak udako denboraldirako abonamenduak ere baditu. Interesa dutenek telematikoki eskuratzen ahalko dituzte, Udalaren webgunean, edo bestela, aurrez aurre, bai Arantzadiko instalazioetan bertan zein Sanduzelaiko Aquavoxean. Berez, bi igerileku horietako edozeinetan erositako abonamenduek Arantzadin bezala Sanduzelaiko Aquavoxean sartzeko balioko dute.
Denboraldiaren hasierako egun hauetan eskaera-kopurua handiagoa izanen dela aurreikusita, Sanduzelaiko Aquavoxak –ekainaren 15etik 22ra mantentze-lanetarako itxiera teknikoa eginen duenak–, zenbait egunez zabalduko ditu bulegoak bi instalazio horietarako abonamenduak erosi ahal izateko. Zehazki, honako egun hauetan eginen dute jendaurreko harrera: ostegunean eta ostiralean (ekainak 15 eta 16), eta heldu den asteko astelehen, astearte eta asteazkenean (ekainak 19, 20 eta 21) 09:00etatik 14:00etara. Aurrez aurre eginen da arreta, eta baita telefonoz ere, honako zenbaki honetan: 948 28 77 78.
Abonamenduen prezioa, bai Arantzadin, bai Sanduzelain, 80,75 euro eta 40,30 euro bitartekoa izanen da, adinaren arabera. Eguneko sarreren kasuan, prezioa 3,85 eta 5,50 euro artekoa izanen da. Hala eta guztiz ere, prezio horien gainean deskontuak egiten ahalko dira, errentaren eta gainerako familia-zirkunstantzien arabera. Orain arte 466 abonamendu erosi dira, baina denboraldiko lehen egunotan formalizatu ohi dira abonamendu gehien. Joan den udan 2.636 izan ziren.
Kirol-aholkularitzako monitore bat
Berritasun gisa, eta udako denboraldiarekin bat eginez, Arantzadiko Kirol Hiriak bere zerbitzuak indartu ditu, kirola egiten hasi nahi dutenendako kirol-aholkularitzako monitore bat jarrita. Pertsona hori gimnasioen eremuan egonen da, erabiltzaileei makineria erabiltzeko aholkuak emateko nahiz banakako entrenamendu-planak ezartzeko.
Gainera, hilabete hauetan erabiltzaileen kopurua handituko dela aurreikusita, garbiketa-maiztasunak eta instalazioetako mantentze-zerbitzuak indartzea adostu da Arantzadi Kirol Hiriaren egoera egokia bermatzeko une oro.
Laster irekiko da berriro ibilgailuen zirkulazioa
1977an eraiki zenetik, erabiltzaile berrien beharretara egokitzeko eta hobetzeko hainbat obra egin dira Arantzadi Kirol Hirian. Barne hobekuntzez gain, aurten Arantzadi parkea berrurbanizatu da, eta horrek zuzenean eragiten die kirol-instalazioetarako sarbideei; izan ere, norabide bakarreko zirkuitu bat sortzen du, parkera El Vergel egoitzaren ondoko bidetik sartzeko eta parketik Arantzadi Kirol Hiriaren ondoko bidetik irteteko.
Aurreikuspenen arabera, obra horien ondorioz ibilgailuen zirkulaziorako itxita dagoen sarbideko kalea aste honetan bertan irekiko da berriro, udako irekierarekin batera. Eremu hori berrurbanizatzeak, trafikoa berrantolatzeaz gain, aparkalekuak murriztu ditu, eta, beraz, Vergel zubiaren ondoko aparkalekuan eta pilotaleku zaharraren ondoan dagoen espazioan bakarrik aparkatzen ahalko da parkearen barruan. Aparkatzeko lekuak urri direnez, kirol instalazioetara joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da.
Arantzadi Kirol Hiria Iruñeko Udalak jarri zuen abian, 28.500 metro karratu zituen lursail batean. Gaur egun 50 metro luze eta 21m zabaleko bi igerileku eta plisti-plasta ibiltzeko haurrendako ontzi bat ditu. Erretegi batekin osatzen da kanpoko eremua, eta aurten hesi berri bat izanen du erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko. Honako hauek osatzen dituzte gainerako azpiegiturak: frontoi bat eta padeleko bi pista estali, barruko bi igerileku, horietako bat igeri egiteko (25 metro luze eta 12, 5 metro zabal) eta ikasteko igerileku bat (12,5 metro luze eta 8 metro zabal), sauna-gune bat, gimnasioa, fitness-gela eta kirol-jarduerak egiteko erabilera anitzeko zenbait areto. Urtean zehar kirol-klubei eta ikastetxeei lagatzen zaizkie instalazioak entrenamenduak eta partidak egiteko.