Gaur goizean jarri dute abian OPEN proiektua: zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaileendako zentro okupazionala da, eta Fiteroko Monasterioaren kaleko 13-23 zenbakietan dauden udal-lokaletan dago. Baliabideak xede du erabateko gizarteratzea eta laneratzea, norberaren autonomia sustatzea eta parte-hartzaileen administrazio-egoera erregularizatzea, eta sistemak haien jarraipena egin bai baina egun prestaziorik jasotzen ez duten –arrakala bat dago prestazioen estalduran– pertsonendako pentsatuta dago. Hala, OPEN proiektua premiazko baliabideen eta laneratzeko programa tradizionalen arteko arrakala betetzera dator.
Aurreikuspenen arabera, 45 pertsona bideratuko dituzte Iruñeko Udalaren Auzo-unitateetatik. Parte-hartzaileek apiriletik aurrera eginen dute bat proiektuarekin, eta progresiboki eta modu malguan osatzen joanen da lau eta zortzi hilabete bitarteko ibilbide pertsonalizatuak modu indibidualizatuan doitzeko.
Gaur goizean ate irekien egun bat antolatu dute udal-lokaletan, eta bertan egun hori egitea ahalbidetu duten instituzioen eta erakundeen ordezkari hauek izan dira: Txema Mauleón Echeverría Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria, David Perejil Bricio Eskubide Sozialetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioko 2030 Agendako zuzendari nagusia, José Ángel Gutiérrez Nafarroako Kutxa fundazioko lehendakaria eta María José Beriáin Apesteguía Koine Aequalitas fundazioko lehendakaria.
Jardunaldiaren helburua zen espazio berria, haren instalazioak eta ordutegiak ezagutaraztea, haren funtzionamendua azaltzea eta baliabideaz arduratuko diren zortzi pertsonen lana ikusaraztea. Proiektuak, dagoeneko eginda dagoen beharren diagnostikoa kontuan hartuta, helburu nagusi hauek izanen ditu: zeharkako gaitasunak garatzea, kudeaketa emozionala eta laguntza soziala eta juridikoa ematea. Merkatuaren eskaria aintzat hartuta, hauek izanen dira prestakuntzan parte-hartzaile gehien izanen dituzten lanbideak: elektrizitatea, garbiketa eta energia berriztagarriak.
OPEN proiektuaren xedea da parte-hartzaileen autonomia, parte-hartze aktiboa eta kulturen arteko elkarbizitza sustatzea, pertsonak ardatz dituen ikuspegi batetik eta administrazio publikoen eta gizarte-erakundeen arteko elkarlanaren bidez. Lan-eredu hori denboran irauteko eta beste lurralde batzuetan modu berean martxan jarri ahal izateko pentsatuta dago.
Udal-lokalen aldi baterako lagapena
Ekitaldiari hasiera emateko, 10 minutu inguruko bisita gidatu bat egin dute zentroan barna. Urtarrilean sinatutako hitzarmenari esker, OPEN proiektuak Enplegurako Prestakuntzarako erabili ohi diren lokal horietako bi gela, bulego bat eta kafetegi/tabernako espazioa aldi baterako erabiltzen ahalko du. Iruñeko Udalak eraikineko sukaldea erabiltzeko aukera ere emanen du, betiere beste prestakuntza-ekintza batzuk oztopatzen ez dituzten unean uneko ekintzak egiten badira.
Laneratze aurretiko eguneko zentro okupazionala modu parte-hartzailean diseinatu dute. 90 parte-hartzailek baino gehiagok parte hartu dute onuradunak, gizarte-erakundeak eta lanbide-figurak kontatuta. OPEN proiektua Iruñean zaurgarritasun bereziko egoeran dauden migratzaileen gizarteratzea eta laneratzea hobetzeko ekimen bat da, Koine Aequalitas fundazioak sortua. Ekimena posible egiteko honako hauek parte hartu dute: Iruñeko Udalak, Eskubide Sozialetako, Kontsumoko eta 2030 Agendako Ministerioak eta Nafarroako Kutxak eta La Caixa fundazioak sustatzen duten Innova Programak. Hori dela eta, bisitaren ondoren, entitate laguntzaileen ordezkariek hartu dute hitza.
Neurrira egindako diagnostiko bat
Hitza hartu ondoren, Koine Aequalitas fundazioko Paula Ruiz Baraibar Gizarte Berrikuntzako zuzendariak eta Daniel García Almoguera proiektuetako teknikariak baliabidea prestatu eta martxan jartzeko egin duten ikerketaren gakoak aurkeztu dituzte.
Aurretiazko analisian hauteman zuten migratzaileen artean etxegabetasuna areagotu egin zela, eta enplegua lortzeko zailtasun handiak zituztela, baita dokumentaziorik eza, hizkuntza-oztopoak edo diskriminazioa ere. Azterlanaren arabera, prestakuntza eta enplegua hirugarren premiarik garrantzitsuena da (% 71); soilik bizitegi-baliabideek (% 82) eta osasunak (% 76) dute premia handiagoa.
Prestakuntzak lanbideak izanen ditu ardatz, eta eskari gehien dutenak elektrizitate, garbiketa eta energia berriztagarrien arlokoak dira. Prestakuntza osatzeko, gaztelaniazko eskolak, aholkularitza juridikoa, laguntza emozionala eta oinarrizko baliabideetarako –Interneterako, kasurako– sarbidea emanen dira. Talde teknikoa espezialitate desberdinetako zortzi pertsonak osatuko dute: irakaskuntzako teknikari batek, gizarte-laguntzako hiru langilek, hiru erreferente komunitariok eta laguntza teknikoko profila duen pertsona batek.