Apirilaren bukaeran amaituko dute Sanduzelaiko patinodromo ohian sortutako parke berria, Arga ibaiaren pasealekuarekin lotua

Apirilaren bukaeran amaituko dute Sanduzelaiko patinodromo ohian sortutako parke berria, Arga ibaiaren pasealekuarekin lotua
Parkeak bi espazio ditu: 5.600 m2-ko eremu zolatua –haurrendako gunea, kirol- eta egonleku-eremuak– eta 4.700 m2-ko berdegunea.
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Sanduzelaiko parke berriak, patinodromo ohian 10.300 m2-kogune batean garatzen ari denak, itxura hartu du jada, Hirigintza Gerentziako kideek egiaztatu ahal izan duten bezala, gaur goizean Enrique Maya Iruñeko alkatea buru zutela egin duten bisitan.

Parkeak bi espazio nagusi ditu: 5.600 m2 inguruko eremu zolatua –bertan haurrendako parkea eta egonlekuak jarriko dira– eta 4.700 m2-ko berdegunea. Udalaren inbertsioa obra hauetan 1,7 milioi eurokoa da, eta aurreikusita dagoenaren arabera haren garapena apirilean amaituko da.

Argaren pasealekuari lotuta dago eremua eta diseinu berriak bidea ematen du etxebizitza-eremutik lehenik plazara eta gero pasealekura iristeko, jarraian, bulebar batean barna, gune ireki batera iristeraino, zeina Gridillas udal-etxeak eraistearen ondorioz sortuko baita. Etxe horien eraispen-lanak hilabete honen hasieran egitea dago aurreikusita.

Plazak parkour aldea, haurrendako jolasak, kirol anitzeko aldea eta atari zabaleko gimnasioa edukiko ditu

Plaza handi irekian parkour alde bat, haurrendako bi jolasgune, kirol anitzeko alde bat eta atari zabaleko gimnasio bat ezarriko dira. Urbanizazio berriak zuzenago lotzen ditu Salva doktorearen kalea eta Arga ibaiaren pasealekua.

Une hauetan, urbanizazio-lanak amaitu eta gero, zolatu egin dute espazio osoa, eta obrek berekin ekarri dute patinodromoa eraistea eta kanalizazio berriak ezartzea. Kanalizazioak lur azpian geratu dira. Zoladura berriak garbi mugatzen ditu plaza eta berdegunea. Diseinuak luzetarako-zerrenden sistema bat hartu du oinarri, aldizkako bilbeekin eta kolore zein zoladurako eta berdeguneko tamaina ezberdinekin, erabilera ezberdinak funtzionalki, ezen ez bisualki, bereizteko moduan.

Eremua biziberritzea eta belaunaldien arteko espazio bat sortzea

Plazan, orain zoladura ezberdinak jarriko dituzte, haurrendako jolasguneak, parkour-aldeak eta kirol anitzeko aldeak beste lurzoru bat behar dutelako, gerta daitezkeen erorikoak arintzeko eta erabiltzaileei segurtasun handiagoa emateko. Berdegunean hasi dira jada igarobideak sortzen eta lehen lauzak jartzen. Halaber, berritu eta zabalduko dira ibai gaineko oinezko-pasabideekiko lotura guneak.

Jarraian, osagai guztiak paratuko dituzte jolas eta kirol guneetan, bai eta hiri-altzariak –bankuak zein jardinerak– eta farola berriez hornitutako argi-sistema berria ere. Gauzatzen ari den proiektu berriaren erredakzioa eta zuzendaritza CIMA Ingenieros eta Sergio Murillo Saldíasen esku egon dira.

Berrurbanizazio-lanek modernitatea ekarriko diote lehengo mendeko 70eko urteetan diseinatutako eremu bati (dena dela, bertako elementu batzuk, Gridilla etxeak kasu, 1955ekoak dira). Egun, eremua narriaturik dago eta inguruko aldeekin deskonektaturik, non aurreko hamarkadetan egokitzapen-lanak egin diren. Leheneratze-lanek eremua biziberrituko dute, hari arkitektura-balio handiagoa emanez eta auzotarren arteko harremanak erraztuz, belaunaldien arteko bizikidetza-eremua sortuko baita.

2 milioi eurotik gorako udal-inbertsioa Sanduzelain

Iruñeko Udala 2 miloi euro baino gehiago ari da inbertitzen Gridillas etxeetako patinodromoaren ingurua berritzeko lanetan. Lan hauek guztiak bi espedientetan antolatuta daude.

Bata gaur goizean bisitatu duten aldeari dagokio eta Proiektu Estrategiko, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak abiatu du. Sanduzelaiko patinodromoaren ingurua berrurbanizatzeko lanak barne hartzen ditu. Bestea Hirigintza Gerentziak kudeatzen du eta Gridillas Etxeen ingurua dauka jomuga. Hori horrela, Udala VI. Unitate Integratuaren (Sanduzelai) ZNO-1 aldean ari da lanean, hau da, honako hauek hartzen dituen eremuan: patinodromoa, aldagelak barne; Gridilla Etxeak eta haien ingurua; Sanduzelai kaleko aldea Arga ibairaino; Labaien doktorearen kaleko luzapena, aparkalekua eta espaloiak barne, eta parke-eremu bat, Salva doktorearen kalearen hegoaldean.

Urbanizatzea eta bulebar bat sortzea Gridillas Etxeen inguruan

Hirigintza Gerentziak gaur goizeko bilkuran ezagutuko du Gridillas Etxeak eraisteko Segurtasun planaren onespena. Etxeak udal-biltegirako erabiltzen ziren eta haien eraispenari, aurreikusita dagoenez, hil honen bukaeran ekinen diote. Horrela, bada, hasiko dira honako hauek ahalbidetuko dituzten obrak: Sanduzelai eta Santa Bizenta Maria kaleen arteko izkina berdiseinatzea, oinezkoen bulebar bat sortuz Arga ibairaino; Labaien doktorearen luzapena, aparkaleku-plazekin eta espaloiekin, eta parke-eremu bat Salva doktorearen kalearen hegoaldean.

Eraispen-lanak Construcciones y Excavaciones Erri Berri SLri esleitu zizkioten, 106.000 euroko aurrekontuaz (BEZa kanpo), eta urbanizazio-lanak Lacunza Hermanos SLri, 256.494 euroko aurrekontuaz (BEZa kanpo).

Diseinua, materialak, zoladurak, hiri-altzariak eta argiztapena gaur goizean bisitatu duten plaza berrian erabilitakoen antzerakoak dira. Egonlekuak parterre handi bat edukiko du, zuhaitzez eta zuhaixkez hornitua, eta txikiendako jolasgune bat. Esparrua urbanizatzeko lanek berekin ekarriko dute inguruko kaleetan ere jardutea, kanalizazioak eraiki behar baitira elektrizitatea eta argia Landa doktorearen kaletik bideratzeko; izan ere, bertan daude kokaturik transformazio-zentroa eta argiteriako aginte-gune bat.

¿Te ha sido útil esta página?