Astelehenean, hauteskunde-legeak betez, Iruñeko Udalak martxan jarriko du bozkatu nahi duten herritarrek hautesle-erroldan beren datuak egiaztatzeko aukera ematen duen sistema. Prozesu hori herritarrei boto eskubidea bermatzeko abiatu da, datorren maiatzaren 26ko autonomia-erkidegoko, tokiko eta Europako hauteskundeetarako.
Apirilaren 8tik 15era, hautesle-erroldan dauden kontsultatu nahi dutenek bi bide erabiltzen ahalko dituzte: telefonoz, 010era –edo, Iruñeaz kanpotik, 948 420 100ra– deituta (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik, 13:30era); edo, bestela, www.pamplona.es webguneko hasiera-orrian dagokion aplikaziora sartuta.
Azkeneko hauteskundeetan bezala, erroldako zerrendak ez dira jendaurrean paratuko; horregatik, bide horietakoren bat erabili beharko da erroldako datuak kontsultatzeko eta, behar izanez gero, aldaketak egin daitezela eskatzeko. Edozein kontsultarako NAN (atzerritarrak badira, AIZ) zenbakia eta lehen abizena beharko dira. Astelehenetik aurrera, honako informazio hau egonen da eskuragarri: hautesleen identifikazio-datuak, botoa ematera zein hauteslekutara joan behar duten, hautesbarrutia, hauteskunde-atala eta mahaia.
Udalbatzaren Osoko Bilkuran aginduzko zozketa egin eta gero (apirilaren amaieran), herritarrek kontsulta egiteko bide horietan ere egiaztatzen ahalko dute hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zaien eta, izatekotan, zer kargu duten.
Naziokoak, komunitatekoak eta komunitateaz kanpokoak
Estatistikako Institutu Nazionalak bidalitako erroldarekin bat, hauteskunde horietarako Iruñean guztira 151.113 hautesle daude, eta horientzat 270 hauteskunde-mahai izanen dira. Kopuru hari gehitu beharko zaizkio aurreko bizilekua Iruñean eduki eta atzerrian bizi diren 9.964 espainiarrak, beren kontsuletxeetatik bozka dezaketenak. Halaber, tokiko hauteskundeetan bozkatu ahal duten 808 atzerritar daude; eta Europakoetarako, 501.
Autonomia-erkidegoko hauteskundeetan, bakarrik herritar espainiarrek bozka dezakete.
Tokiko hauteskundeetan komunitateaz kanpoko herritarrek bozka dezakete, betiere horretarako Espainiarekin aldebiko hitzarmena duten herrialdeetakoak badira (12 hauek dira: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zeelanda Berria, Paraguai, Peru eta Trinidad eta Tobago). Tokiko hauteskundeetan komunitateko herritarrek ere bozka dezakete, britainiarrek barne, izan ere, Erresuma Batuak aldebiko hitzarmena sinatu du bere herritarrek bozkatu ahal izateko, Brexit-a hauteskundeen aurretik gauzatuko balitz ere.
Azkenik, Europakoetan, bai herritar espainiarrek bai komunitatekoek bozka dezakete, hemen –Erresuma Batuak hartuko duen erabakiaren zain– britainiarren parte-hartzea zalantzazkoa delarik.
HAUTESLE ERROLDAREN KONTSULTA
- Telefonoz: 010 telefonoan (948 420100 telefonoan, mugikorretik deituz gero), astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara; larunbatetan, 09:30etik 13:30era.
- Interneten: www.pamplona.es webgunean