Apirilaren 8ra arte aurkezten ahalko dira jatorrizko lanak 2024ko Sanferminetako Kartel Lehiaketara

Apirilaren 8ra arte aurkezten ahalko dira jatorrizko lanak 2024ko Sanferminetako Kartel Lehiaketara
Epaimahai espezializatu batek 10 kartel finalistak hautatuko ditu, eta ondoren herritarrek botoa emanen dute
Fitxategi

Carteles San Fermín

Apirilaren 8an, astelehena, 14:00etan, amaituko da 2024ko sanferminetako kartel-lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Bosgarren urtez jarraian lanak telematikoki aurkeztu beharko dira www.pamplonaescultura.es/eu webgunean dagoen formulario digital baten bidez, eta sariaren zenbatekoa ere bere horretan mantendu da, 6.000 euroan, alegia. Kartelak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko du, eta hura egiteko teknika, librea.

Nahiz eta 1819az geroztik jaietako kartelen aurrekariak egon, Iruñeko Udal Artxiboak jaiak iragartzeko kartelak biltzen dituenetik (1846), teknika asko erabili dira bai horiek egiteko, bai ekoizteko. Eskuz egindako marrazkiak, argazkiak, ordenagailuko hainbat programarekin egindako diseinuak... inprentako tipografietatik laser inprimaketaraino, festaren irudiak joera sortzaileekin eta eskura dagoen teknologiarekin eboluzionatu du. Era berean, Udalak bilakaera hori guztia txertatzen joan da lehiaketaren kudeaketan. Esate baterako, 2020ko edizioan lehen aldiz aurkeztu ziren jatorrizko lanak on line bakarrik, formulario baten bidez eta artxibo digitalak bidaliz. Sistema hori dagoeneko finkatuta dago.

Aurten, Kulturako Estatu Idazkaritzaren jardunbide egokien proposamenari jarraituz, kartela egiteko adimen artifizialeko sistemak erabiliz gero, egileak adimen artifizialeko teknikak erabili dituela jakinarazi beharko du, AAk kartelaren formalizazioan zenbaterainoko esku-hartzea izan duen zehaztuz eta jabetza intelektualeko eskubideak errespetatzen direla bermatuz, datasetean gardentasuna bermatuz eta adimen artifiziala eta jabetza intelektuala arautzen dituen araudiak ezarritako gainerako betebeharrak betez. Ezin izanen dute saririk jaso osorik eta esklusiboki adimen artifizial sortzaile bidez eginak diren lanek.

Kartelaren osagaiak
Formularioa hiru hizkuntzatan betetzen ahalko da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bertan egilearen datu pertsonalak eskatuko dira, eta aurkezten den lanaren artxibo digitala igoko da. Artxibo hori hartuko da azken obratzat. Egile bakoitzak edo egile multzo bakoitzak kartel bakarra aurkezten ahalko du, eta ezin izanen dute parte hartu lehiaketaren aurreko edizioetan finalisten artean hautatutako obrek.

Irudiak 1000 mm x 700 mm-ko jpg. formatuan (BERTIKALEAN) erakutsi beharko du kartela, gehienez 2 MB-koa. Nahitaez eduki beharko ditu testu-elementu hauek: San Fermín, 2024, Pamplona/Iruña, Del 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra. Hizkuntzak banatzean, elementu ortografikoa (barra etzana) kentzen ahalko da, bi hizkuntzak banatuta edo modu ez ortografikoan bereizita aurkezten badira, baina, nolanahi ere, bien irakurketa antzekoa izatea bermatu beharko da. Kartelean hiriaren armarria ere agertu beharko da, logotipo eran edo harekin batera doan legendarik gabe. Halaber, armarria kartelaren diseinura libreki egokitzen ahalko da, betiere ezaguterraza eta identifikagarria bada eta elementu guztiak egoki eta errespetuz irudikatuta badaude.

Lanen aurkezpen telematikoa
Kartelak aurkezteko izen-ematea soilik telematikoki egiten ahalko da, www.pamplonaescultura.es/eu webgunean horretarako prestatu den formularioa betez. Hasierako orrian esteka bat jarriko da, zuzenean eramanen duena izena emateko formulariora, eta oinarriak ere bertan kontsultatzen ahalko dira. 

Inprimakian datu pertsonalak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea eta kartelaren datuak (lema, obraren deskribapena...) jaso beharko dira, eta aurten, erabilitako teknikak eta tresnak zehaztu beharko dira, AA erabili den eta nola erabili den zehaztuz. Halaber, curriculum labur bat aurkeztuko da, aurkeztutako kartelaren egilea nor den adieraziko da, obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela zehaztuko da, eta ez dela osorik edo esklusiboki adimen artifizialarekin egin. Azkenik, irudia duen artxiboa “igo” beharko da (jpg formatuan, 820 x 1171 pixelekoa, gehienez ere 2MB-koa). Kontuan izan behar da 10 kartel finalistek, inprimatzen direnean, 1000 x 700 mm-ko formatua izanen dutela (bertikalean).

Formularioa bidalitakoan egileari emandako datuen laburpen bat bidaliko zaio. Mezu horretan, esteka baten bidez, izen-ematea baliozkotzeko eta bukatzeko aukera emanen da. Hori eginda, bigarren mezu elektroniko ba jasoko da. Bertan lehiaketan parte hartzen dela baieztatuko da eta kartelaren lema, identifikazio-agiria eta plika-zenbakia jasoko dira. Mezu hori izanen da lehiaketan parte hartu izanaren egiaztagiria, eta erreferentzia gisa balioko du lehiaketan zehar.

Beti bezala, lehiaketan parte hartzea anonimoa da eta horrela mantendu behar da lehiaketaren fase guztietan. Hala, parte hartzaileek ezin izanen dituzte kartelen irudiak zabaldu (hautatuak izan edo ez), ezta egileak nor diren esan ere, harik eta kartel irabazlearen aurkezpen ofiziala egiten den arte.

Ondorengo parte hartzeko prozesua
Apirilaren 8tik aurrera, epaimahai espezializatu batek 10 kartel finalistak hautatuko ditu aurkeztutako guztien artetik, eta horien plika zenbakiak Udalaren webguneetan argitaratuko dira (www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu).

2008. urteaz geroztik gertatzen ari den bezala, lehiaketaren azken fasean herritarrek hautatutako kartelak bozkatzeko aukera izanen dute, eta, oinarriek diotenez, gutxienez 7 egun izanen dituzte horretarako. Horretarako, jendaurrean jarriko dira baloratuak izan daitezen, hala digitalki, adierazitako webguneetan, nola fisikoki. Herritarren boto gehien jaso dituen kartela izanen da 2024ko sanferminak iragarriko dituena.

Kartel irabazlea Iruñeko Udalaren esku geldituko da, zeinak eskuratuko baititu beretako bakarrik, mugarik gabeko epean eta mundu mailan lan saridunari dagozkion esplotazio-eskubide guztiak, eta libreki erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko du. Kartel irabazlearen egileak Udalak eskatzen dizkion beste formatu batzuetara egokitu beharko du kartela, hainbat euskarritan hedatu ahal izateko. Gehienez ere zortzi egokitzapen egiten ahalko dira. Sariaren diru-zuzkidurak aipatutako lanak egitea barne hartzen du.

¿Te ha sido útil esta página?