
Tokiko Gobernu Batzarrak Rochapea HLHIPko patioa birnaturalizatzeko kontratuaren adjudikazioa onetsi du: Europar Batasunak % 75ean finantzatu du EGEF funtsen bidez, SUDOE Europako Hego-mendebaldeko Espazioko Lurralde-lankidetzako programaren barruan. 2025-2026ko ikasturtean elkarrekin egindako diseinu-prozesuaren bidez ikastetxeko hezkuntza-komunitateak mahaigaineratutako eskakizunei erantzuten die jarduketak, eta lanei esker, patioko hiru eremu birnaturalizatuko dira, horiek zertarako erabiltzen diren errespetatuz.
Kontratua Lacunza Hermanos SL enpresari adjudikatu zaio, 229.785,36 euroan: lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa izanen da eta berme-epea, 3 urtekoa. Lanei esker, guztiz eraldatuko da ipar-mendebaldeko eremua: aurretik zegoen aparkalekuaren ordez berdeguneak jarriko dira, eta bertan jolasak eta bizikletendako guneak barne hartuko dira. Halaber, erdi-ekialdeko eremua aldatuko da eraikinaren ondoan itzalguneak sortzeko, eta harmailak, jolaserako arrapalak eta bi plataforma harremanetan jartzen dituen txirrista bat sortuko dira. Azkenik, hegoaldeko eremuan, lorategi bat sortuko da hainbat jolasen inguruan. Hala, ikastetxeak eskatu moduan, prozesuan zehaztutako lau eremuetatik hirutan eginen dira lanak, eta estalkiko eremuan ez da esku hartuko.
Ikastetxeak joan den urtean erabaki zituen erabilera horiek, zentroko familiek, irakasleek, irakasle ez diren langileek eta ikasleek egindako ekarpenak aintzat hartuta. Gauzatuko den proiektua eskola-komunitatearekin lankidetzan diseinatu zen, eta horretarako, guztiek parte hartu zuten, patioan bertan maketak eta ekitaldiak egin ziren, eta talde eragile batek komunitate osoa ordezkatzeko moduko koordinazio-lana egin zuen. Orain, prozesua osatze aldera, irakasleak eta familiak prestakuntza jasotzen ari dira.
Birnaturalizazio-proiektuak gune atsegin eta jasangarriagoak sortzea du helburu, hezkuntza- eta pedagogia-gaitasun handiagokoak, eta bat egin du Amaiur Ikastolan, Iturrama HLHIPn, Sanduzelai HLHIPn, San Frantzisko HLHIPn eta beste ikastetxe batzuetan gauzatutako beste patioekin. Gainerako ikastetxeek ere urtero bat egitea da helburua: egun partaidetza- eta prestakuntza-prozesuak daude martxan Vázquez de Mella eta Ermitagaña IPetako hezkuntza-komunitateekin, eta prozesu horien bidez bi ikastetxeetan gerora eginen diren proiektuak zehaztuko dira. Era berean, zabalik da patioak birnaturalizatzeko 2. udal-deialdia, eta horren bidez patioa eraldatzeko hurrengo zentroak hautatuko dira.