Apirilaren 30ean amaituko da epea Iruñeko Udalaren Gazteendako Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko

Apirilaren 30ean amaituko da epea Iruñeko Udalaren Gazteendako Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko
Lehiaketak 6.800 euro banatuko ditu saritan, eta lan irabazleen hedapena bultzatuko du www.letrajoven.com eta www.letragaztea.com webguneen bidez
libro

 

Apirilaren 30ean amaituko da epea Iruñeko Udalaren Gazteendako Literatura Lehiaketara lanak aurkezteko. Lehiaketak 6.800 euro banatuko ditu saritan eta, batez ere, lan irabazleen hedapena bultzatuko du www.letrajoven.com eta www.letragaztea.com webguneen bidez. Gune horretan bertan oinarriak osorik kontsultatu daitezke. Poesia eta narrazio laburra dira deialdiko modalitateak, gaztelaniaz eta euskaraz.

Hala, lehiaketa XXXI. ediziora heldu da, idazketa, sormena eta irakurketa sustatuz. 1990. urteaz geroztik 3.800 lan aurkeztu dira gutxi gorabehera. Iaz 120 lan heldu ziren: 50 olerki eta 70 narrazio labur. Lehen urteetan zehar, lan irabazleak jada desagertu den ‘Iruñean behin’ literatura aldizkariaren bidez hedatzen ziren. Duela bi ediziotik hona, Internet erabili da paperaren ordez, eta horrek pertsona gehiagorengana iristea ekarri du, idazten dutenen estimulua areagotuz.

Ordenagailutik zein gailu mugikorretik eskuragarri egoteko berariaz diseinatutako www.letrajoven.com (gaztelaniaz) etawww.letragaztea.com (euskaraz) webguneetan, 2019 eta 2020 urteetako lan irabazleak aurki daitezke. Horien formatuari esker, testuak irakurgarriak dira pantailan, eta deskargatu zein inprimatu daitezke, PDF formatuan maketatuta baitaude. Modu horretan, 'idazle gazteak' irakurtzeko gune bihurtzea nahi da, bai eta Bigarren Hezkuntzarako material gisa erabili ahal izatea ere.

Iruñean bizi edo ikasten duten 14 eta 18 urte bitarteko gazteak

Lehiaketan parte hartu ahal dute bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duten gazteek, 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago badituzte lanak aurkezteko mugaegunean. Bi kategoria ezarri dira adinaren arabera: lehenbizikoan sartzen dira 14tik 16 urte bitarteko gazteak, eta bigarrenean, 17 eta 18 urtekoak.

Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenarekin bat, sariak egonen dira modalitate eta kategoria bakoitzeko hiru lanik onenendako. Lehen sariak 300 eurokoak izanen dira; bigarrenak, 200 eurokoak, eta hirugarrenak, 150 eurokoak. Halaber, Epaimahaiak modalitate eta hizkuntza bakoitzeko bina accesit ematea proposatzen ahalko du, bakoitza 100 eurokoa. Zinegotzi ordezkaria izanen da epaimahaiburua, eta epaimahaikideak, Hizkuntza eta Literaturako bi irakasle, literaturan aditu bat eta Gazteriako teknikari bat. Euskarazko modalitatean, teknikari horren ordez, euskara zerbitzuko beste batek parte hartuko du.

Lanak aurkezteko baldintzak

Egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean; idazlanek gai librea izan behar dute, eta gaztelaniaz edo euskaraz idatziak izan. Halaber, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ezin izanen da lan bera bi hizkuntzetan aurkeztu. Poesia modalitatean, lanen luzerak 14 bertsokoa izan beharko du gutxienez, eta 40koa, gehienez ere. Narrazio laburrek, berriz, 2 orri izan beharko dituzte gutxienez, eta 5 gehienez, alde bakar batez idatziak eta lerro artean tarte bikoitza utzirik.

Lanak apirilaren 30era bitarte aurkezten ahalko dira Gaztediaren Etxean (Zangoza kalea, 30). Gutun-azal itxi batean lan bakoitzeko 5 kopia sartu beharko dira, izenorde batekin sinaturik eta kopia bakoitzean lehiakidearen adina adierazita. Gutun-azalaren kanpoaldean Iruñeko Gazteendako Literatur Lehiaketa. 2021 urtea’ testua idatzi beharko dute, eta beste datu hauek: hizkuntza, modalitatea, lanaren izenburua, ikastetxea, ikurritza edo izenordea eta adina.

Gutun-azal horren barnean beste gutun-azal bat sartuko dute, itxita; horren kanpo aldean egilearen izenordea idatziko da, eta barruan egilearen datu pertsonalak adieraziko dituzte: izena eta bi abizen, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa eta ikastetxea. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du sarrera libreko argitalpenak Creative Commons lizentziapean egiteko eskubideen lagapena onartzea, saririk jasoz gero. Lizentzia horrek lana erabiltzeko aukera emanen du, betiere egiletza aitortzen bada, merkaturatzen ez bada eta lan horretatik bestelako lanik eratortzen ez bada.

Iruñeko Gazteendako XXXI. Literatur Lehiaketa. 2021. urtea

  • Baldintzak: bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duen gaztea izatea, eta 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago edukitzea lanak aurkezteko mugaegunean (2021eko apirilaren 30a).
  • Modalitateak: narrazio laburra eta poesia, gaztelaniaz zein euskaraz. Kategoria bat egonen da 14, 15 eta 16 urteko gazteentzat, eta beste bat, 17 eta 18 urtekoentzat.
  • Narrazio laburra: 2 orri gutxienez, eta 5 gehienez, lerro artean tarte bikoitza utzirik eta alde bakar batetik mekanografiatuta.
  • Poesia: 14 bertso gutxienez, eta 40 gehienez.
  • Lanak aurkezteko mugaeguna: 2021eko apirilaren 30a arte, Gaztediaren Etxean (Zangoza k. 30).
  • Lanen ezaugarriak:
  • Egileek lan bana aurkezten ahal dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.
  • Testu bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu.
  • Sariak: hiru sari modalitate eta hizkuntza bakoitzeko; 300 euroko saria, lehenengo sarietarako; 200 eurokoa, bigarrenetarako, eta 150ekoa, hirugarren sarietarako. Epaimahaiak bi accesit eman ditzake modalitate eta kategoria bakoitzeko, bakoitza 100 eurokoa.