Apirilaren 30ean amaituko da epea Iruña Hiria XVI. Nazioarteko Poesia Sarirako lanak aurkezteko

Apirilaren 30ean amaituko da epea Iruña Hiria XVI. Nazioarteko Poesia Sarirako lanak aurkezteko
Lehiaketa bi modalitatetan antolatzen da: gaztelaniazkoa eta euskarazkoa, eta lanak argitaragabeak izanen dira, gai eta forma librekoak, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa
Premio de Poesía

Udalak eta Nafar Ateneoak antolatu dute aurten Iruña Hiria XVI. Nazioarteko Poesia Saria, eta dagoeneko zabalik dago epea lanak aurkezteko, apirilaren 30eko (larunbata) 14:00etara bitarte. Lehiaketa bi hizkuntza-modalitateetan antolatu da, gaztelaniaz eta euskaraz, eta bakoitzean 3.000 euroko saria emanen da. Sariaren epaia ekainean emanen da argitara.

Lehiaketan edonork parte hartu dezake, nazionalitatea edozein dela ere, baldin eta lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatzita badaude. Lanek oso-osorik argitaratu gabeak izan behar dute, bai eta aurretik epaia emandako beste ezein lehiaketatan saririk eskuratu gabeak ere; halaber, ezin izanen da parte hartzen aritu aldi berean beste poesia-lehiaketa batean. Aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izanen dira aurkeztu.

Gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa. Jatorrizko lanen lau ale aurkeztu behar dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta daudelarik. Poemak tarte bikoitzean idatzita egonen dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak.

Iaz, lehiaketara 482 poema-bilduma aurkeztu ziren, 464 gaztelaniaz eta 18 euskaraz. Lanen % 34k nazioarteko jatorria zuten. Egileen batez besteko adina 45 urtekoa izan zen azken edizioan. Toño Benavides González, gaztelaniazko modalitatean, ‘Panorámica’ obrarekin, eta Lierni Azkargorta Ruiz de Egino euskarazkoan, ‘Eripoema’ lanarekin, izan ziren 2021eko saridunak.

Lema eta plikako sistema

Jatorrizko lanak lema eta plikako sistemaren arabera aurkeztu beharko dira. Azalean, izenburua eta lema idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilea, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Lanarekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu. Aurkeztutako lana ezin izanen da erretiratu lehiaketa egiten ari den bitartean.

Lanak bi modutan aurkezten ahal dira. Alde batetik, lanak posta ziurtatuaren bitartez bidaltzen ahal dira Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa), gutun-azalean honako hau adierazita: “IRUÑA HIRIA XVI. Nazioarteko Poesia Sarirako”. Bestalde, posta elektroniko bidez ere igortzen ahalko dira ateneo@ateneonavarro.es helbidera, mezuari bi eranskin hauek atxikiturik: bata, egilearen datuekin eta bestea, obrarekin.

 

 

 

¿Te ha sido útil esta página?