Apirilaren 24an bukatuko da epea Haurrendako Literatur Lehiaketaren aurtengo edizioan ipuinak eta komikiak aurkezteko: Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei dago zuzenduta

Apirilaren 24an bukatuko da epea Haurrendako Literatur Lehiaketaren aurtengo edizioan ipuinak eta komikiak aurkezteko: Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei dago zuzenduta
Hainbat kategoria ezarri dira ikasmailaren arabera, eta sariak zenbateko desberdineko eskola-material sortak izanen dira
Certamen


Udalak beste urte batez antolatu du 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendutako Haurrendako Literatur Lehiaketa:  Iruñean erroldatuta dauden edo ikastetxea Iruñean duten Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek parte hartzen ahalko dute. Lehiaketak ipuin eta komikien  modalitateak barne hartzen ditu, bai gaztelaniaz bai euskaraz. Lanak apirilaren 24ra bitarte aurkezten ahal dira. 

Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko, gai librekoak –euskaraz edo gaztelaniaz idatzita–, eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ikastetxe bereko ikasleek egindako talde-lanak aurkezten ahalko dira. Lan bera ezin izanen da bi hizkuntzetan aurkeztu. Aurkeztutako lanek ezin izanen dute ez bultzatu ez erreproduzitu jarrera diskriminatzaile, xenofobo edo sexistarik, ezta pertsonen duintasunaren eta giza eskubideen kontra doanik ere.

Ipuinen modalitatean lau kategoria ezarri dira, ikasleen ikasmailaren arabera. A kategoria Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago eta gehienez ere 2 orriko lanak aurkezten ahal dira, alde bakar batez idatziak, ilustrazioak barne. B kategorian, LHko 3. eta 4. mailako ikasleendako, testuek gehienez ere 3 orriko luzera izan behar dute; C kategorian (LHko 5. eta 6. mailak), lanek gehienez ere 4 orriko luzera izan behar dute; eta D kategorian (DBHko 1. eta 2. mailak), gehienez ere 6 orriko lanak aurkeztu behar dira, alde bakar batez idatziak ilustrazioak barne. 

Komiki-modalitateak bi kategoria ditu: A kategoria, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleendako, eta B kategoria, DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleendako. A kategorian, azala kontuan hartu gabe, hiru orriko komikiak aurkezten ahalko dituzte gehienez ere, alde bakar batez idatziak, DIN A-4 formatuan edo formatu horren neurrian. B kategorian, A kategoriako baldintzak bete beharko dira, baina lanen luzera desberdina da: gehienez ere lau orrialdeko lanak aurkezten ahalko dira.

Lanak aurkeztea
Interesdunek edo ikastetxeek aurkezten ahal dituzte lanak, paperean, Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrera bidalita (Descalzos k. 72, 31001, Iruña). Ipuin eta komiki bakoitza inongo identifikaziorik gabeko gutun-azal batean aurkeztuko da, honako hau idatzita: ‘Iruñeko Udalaren Haurrendako Literatur Lehiaketa. Hizkuntza: Lanaren modalitatea: Zer kategoriatara aurkezten diren: Lanaren izenburua: Egilearen edo taldearen ikurritza edo izenordea: Gutun-azalaren barnean, lanaz gain, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita, egilearen ikurritzaz edo izenordeaz errotulatua, non egilearen datu hauek sartuko baitira: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, ikasmaila eta ikastetxea. Lana talde-lana bada, egilekide bakoitzaren datu pertsonalak agertuko dira (arestian aipatutako datuak). 

Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenarekin bat, hiru sari egonen dira modalitate eta kategoria bakoitzeko, eta denak eskola-material sortak dira. Lehen sariek barne hartzen dute, batetik, 200 euro eskola-materialetan, egilearendako, eta, bestetik, 250 euro eskola-materialetan, irabazlea matrikulatuta dagoen ikastetxerako. Bigarren sariek 150 euroko eskola-materiala dute lanaren egilearendako, eta hirugarren sariek, berriz, 100 euroko eskola-materiala. Lehen sariaren irabazleak Iruñetik kanpo dagoen ikastetxe batean ikasten badu, ikastetxeak ez du jasoko dagokion eskola-material sorta. 

Epaimahaiak aintzat hartuko dituen irizpideak ikasleek ikasturte bakoitzean egiten dituzten ebaluazio-probetan baloratzen diren berberak dira. Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: aurkezpena eta ortografia; koherentzia, istorioaren egitura, pertsonaien sorrera eta tratamendua; gramatikaren zuzentasuna eta lexikoaren aberastasuna; originaltasuna, sormena eta egiantzekotasuna; literaturako eta literaturaz kanpoko beste alderdi batzuk; eta komikiaren beste hizkuntza-baliabide batzuk.

¿Te ha sido útil esta página?